Haizearen airea

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Fruituak jaten ditugun animaliok barrunbeetan garraiatzen ditugu haziak. Azalari itsatsita edo ileetatik zintzilik ere makina bat hazi ibiltzen da hara-hona. Belardi edo mendi aldean ibili ondoren galtza-barren, galtzerdi eta oinetakoei errepara iezaiezu eta behin-behineko apopilo ugari topatuko duzu, zeuk nora eramango... Ezaguna da lapa-belarraren adibidea (Arctium sp.), jateko txar amorratua bada ere fruituak edozein ile edo ehunari heltzeko kako apartak ditu eta bidaia luzeak egin ditzake edozein animaliaren larrutan. Kako hori hain da eraginkorra, gaur egun nonahi topa dezakegun belkroa sortzeko inspirazio izan dela.

Haziak sakabanatu eta bere kasta zabaltzeko, landareek ez dituzte animaliak bide bakar. Autopista erabilienak zazpi haizeenak dira. Haizeak altxa eta ahal bezain urrun eraman ditzan haziek aparteko hegalak, kardilaunak edo biloak dituzte. Sorgin-belarrari (Taraxacum officinale) jolasean fuu eginez zabaltzen dizkiogun hazien, edo makalak (Populus nigra), lertxunak (Populus tremula) eta zurzuriak (Populus alba) “elurtean” barreiatzen dituzten hazi hegalarien diseinua berdinduko duen paraxutik ez da egundo asmatu. Beste landare batzuk hegalak erantsi dizkiote haziari. Acer generoko astigar eta eihar jendea aparta izan da hegal horien asmakuntzan eta hobekuntzan: hazi bakoitzari mintzezko hegal luze bana ematen diote, baina hegaldia luzatzeko binaka lotzen ditu, bik adina, bikaina!

Txilarrek ere haizea erabiltzen dute, ez ordea hazia paraxut edo hegalez jantziz, haize-kolpean hazien gordelekua katapulta bezala erabiliz baizik.

Salsola kali (mahats-txikia) edota Eryngium campestre (armika edo buruiska), hazia helduta haize bolada zakarren baten zain izaten dira, lepoa moztu eta haizearen airea aire-aire dantzatuz landare osoa pirrilaka eraman dezan, haziak barreiatuz.

Azkenak
Eguneraketa berriak daude