Fruitu arbolekin lanean ari den guztiak inausi, kimatu, murriztu, epaitu eta antzeko lanetara makurtu aurretik, badu ikasi beharreko lema bat, guda goiburu bat, egurra eta fruituaren arteko gudarena: egur asko ematen ari den arbolak ez du fruitu zipitzik emango; egurra eskas dakarrenak, aldiz, fruitutik latz ekarriko du. Egur, adar, kimu, altsuma eta hosto berri emanak sasoia, indarra adierazten du. Behar baino gehiago inausten den fruitu arbolak kendutako egur hori berreskuratzera joko du lehenik eta inausi, adar berria eman, inausi, adar berria eman, bide itsuan sartuko da; fruitua emateko behar den patxadatik urrun. Bide itsu horretatik ateratzeko, guraizeak herdoiltzen utzi eta makurtu adarrak. Beste adarrak hazten ari diren artean, makurtutakoetatik izerdia nekezago igaroko da eta fruituak ematera makurtuko dira. Adarrak makurtzeko sistema... bakoitzaren artea. Sagarrondo hauek Aginagako Mapilen bizi dira.