Ihesaldiak

Zauria irizten zion Rafael García Serrano idazle falangistak Iruñeko Carlos III.a etorbidea egiteko Gaztelu Plazan erautsitako alderdiari. Hala deitzen dio behinik behin Plaza del Castillo eleberrian, eta bertan kontatzen du nola sartu ziren zauri hartarik, 1936ko uztailaren 18an, Nafarroa osoko boluntarioak, Jaungoikoaren eta Espainiaren alde odola emateko eta isurarazteko prest. Espainiako Gerla Zibila bukaturik, Eroritakoen Monumentua eraiki zuten etorbidearen bertze muturrean, 36ko uztailaren igande hartaz geroztik Francoren alde eroriak oroitzeko eta, apika, García Serranok aipaturiko zauri haren hesteko. Bidenabar, monumentuaren plazari Rodeznoko kondearen izena paratu zioten, ez leinu noble baten oroitgarri, baizik eta titulu hura zeraman Tomás Domínguez Arévalo, gerra aitzineko hondar egunetan karlistak Molaren aldera lerratzeko ezinbertzekoa izan zena, omentzeko.

Egunen batean, Iruñeko zenbait eraikinen sinbolismoa ikertu beharko litzateke. Hiriaren gainetik, Apaiztegiko gurutze erraldoia dugu begira; Nafarroako Unibertsitatean, El Escorial –Jaungoikoa eta Inperioa– gogora dakarren eraikina. Bien bitartean, beren modura irudikatu zuten frankistek hiriko erdialdea: Gaztelu Plazatik Eroritakoen Monumentura, gerla hasierako boluntarioen biltokitik gerla bukatu ondoko erorikoen atsedenlekura, II. Errepublikako plaza irekitik historia eta memoria hesten dituen monumentura. Eta bakarra da han biltzen den memoria: alde bateko boluntarioak, alde bateko hildakoak, gerla abian jartzen lagundu zuena eta gerlatik etekinak atera zituena. Bertze edozein oroitzapen Iruñeko bihotza den eremu horretatik kanpo dago, bazterturik.

Aurtengo ekainaren 27an egindako besta batean, Carlos III.a etorbidearen bukaeran, Ezkabatik ihes egindakoak omentzea proposatu zuten zenbait elkartek. Ideia xoragarria. Haiek kaleratutako manifestuan erraten denez, Ezkaban ideologia guztietako presoak zeuden eta, beraz, frankismoak zapalduriko guztiak gogoratu nahi dituzte izen aldaketa horren bidez, ez soilik talde jakin batenak. Baina, horretaz gainera, ihesaldiaren ideia da nire gustukoa, izan ere, proposamenaren bultzatzaileak iheserako ateak ireki nahian baitabiltza Iruñeko faxismoaren eremu sinbolikoaren muinean, frankismoak memoria historikoa hetsi uste zuen tokian, hain juxtu. Haien eskutik, itzuri joaten saiatu zirenak itzuli egin dira; memoriaren monopolioa da eskapo doakiena orain oroitzapen ofizialen zaindariei.

Ekimena nik aipatuta, lagun batek garrantzia kendu nahi izan zion, kontu sinbolikoa baino ez zelakoan; ez duela inportarik kale-izen batek edo bertzek. Badu inporta, ordea. Franco hil eta 30 urte baino geroagoko ekimen horrek erakusten baitu ahanzturaren gainean eraikitako gizarte batean bizi garela, nahita bultzatutako eta iraunarazi nahi den ahanztura baten gainean. Politikan ez da frankismoaren aurkako adostasunik osatzen saiatu; aitzitik, frankismoa eufemismoz estali dute, karriken izen frankistak ez aldatzeko Iruñeko alkateak emandako aitzakiek erakusten dutenez. Trantsizioan egindako urrats okerrek posible egin dute frankismo zaleek gure artean lasai jarraitzea eta memoriaren ihesaldirik nahi ez dutenak agintean segitzea. Modu legalean, jakina. Edozein estakuru baliatuta. Ekainaren 27an, zer zigortu jakin ez, eta udaltzainek Memoriaren Autobuseko txoferrari jarri omen zioten isuna. Gaizki aparkatzeagatik.

Azkenak
Jaioberrien orpo-proban gaitz gehiago aztertzera behartuko du Osakidetza Espainiako Gobernuak

Jaurlaritzari koloreak atera dizkio Espainiako Gobernuak: Osakidetzak iragarri berri duenean jaioberriei egiten zaien orpo-proban hamalau gaitz antzeman ahalko direla aurrerantzean, gutxienez 22 gaitz behatu beharko ditu, Madrilen aginduz. Nafarroak dagoeneko 30 gaixotasunen... [+]


2024-04-24 | Juan Aldaz Arregi
Athletic zuri ta gorria, zu zara nagusia, baina zertan?

Gizonezko futbol profesionalaren gaitasun (im)mobilizatzaileari buruzko hausnarketa soziologikoa (artikulu hau EHUren Campusa aldizkariak argitaratu du)


Neskak eta ikasketa zientifikoak: 6 urteetatik unibertsitatera bitarteko harreman gatazkatsua

Neskek gaitasun matematiko eta zientifikoekiko txikitatik duten pertzepzio, autopertzepzio eta bizipenen eraginez, zientzia arloko ikasketei muzin egin eta bestelako karrerak aukeratzen dituzte. Hala dio ikerketa berri batek.


Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Eguneraketa berriak daude