Etxekoen begietatik

  • Urteak dira euskara normalizatzeko urratsak ematen ari dela justizia administrazioan. Gaur egungo egoeraz hausnarketa egin dute Argiarako, EAEko Justizia Administrazioarekiko Harremanetarako Zuzendaritzako Normalizazio Arloko hainbat langilek .

2009ko irailaren 06an
Zuzentza Jauregia
Zuzentza JauregiaAlberto Elosegi
Justizia Administrazioan euskara normalizatzeko politika, aurreko zenbait ekintza gorabehera, 1996an hasi zen, Eusko Jaurlaritzak justiziaren arloko funtzionarioen eta baliabide materialen eskumena jaso zuenean. Ordura arte euskarak ez zuen ia lekurik epaitegietan, ez ahozko harremanetan, ez agiri judizialetan, ez aplikazio informatikoetan. Euskararen erabilera normalizatzeko 1982an onartu zen Legeak justizia administrazioarekiko harremanetan herritarrak aukeratutako hizkuntza erabiltzeko eskubidea jasotzen zuen, euskaraz aurkeztutako idazki eta agirien baliozkotasuna bermatzen zuen eta Jaurlaritzari euskara sustatzeko politika bat eskatzen zion, baina hizkuntza politika eraginkor bat egiteko baldintzarik ez zegoenez, eskubide horiek aitorpen formalak besterik ez ziren.

Izan ere, justiziaren arloan dauden zailtasunak ez dira nolanahikoak. Giza baliabideetako eskumena transferituta dagoen arren, gogoan izan behar da funtzionarioak estatu mailako kidegoetan daudela antolatuta eta hizkuntza eskakizunak ezartzea oraingoz ezinezkoa dela. Gainerako eragile juridikoen kasuan (epaileak, fiskalak, idazkariak) egoera oraindik ere gordinagoa da eta gutxi dira euskaraz moldatzeko gai direnak. Bestalde, kidego horien ardura daukaten estatu mailako erakundeen jarrera ere ez da betiere euskararen erabilera sustatzearen aldekoa izan.

Funtzionarioei buruzko eskumena jaso bezain laster hasi ziren lehen normalkuntza neurriak, besteak beste, funtzionarioen, karrera judizialeko eta fiskaleko kideen eta idazkari judizialen hizkuntza gaitasuna hobetzeko ikastaroak, Ministerioarekin eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiarekin sinatutako hitzarmenen babespean. Bereziki aipagarria da 1996an bertan sortu zela agiri judizialak euskaraz normalizatu eta bateratzeko batzordea, gerora garrantzi handia izan duena, justiziaren arloan erabiltzen diren 20.000 inguru agiri aztertzeko lan eskerga baitu aurrean. Harrezkero lan handia egin da, orrialde hauetan nola edo hala laburbiltzen saiatuko garena.

Hizkuntza prestakuntza

Alde batetik, euskarazko ohiko ikastaroak daude, bai funtzionarioentzat, bai epaile, fiskal eta idazkari judizialentzat, HABEren bitartez edo IVAPekin elkarlanean ematen direnak. Autoikaskuntzako metodologiak ere eman du fruiturik BOGA sistema multimediaren bidez.

Ikastaro horiez gain, beste prestakuntza saio batzuk ere ematen dira barruti judizial guztietan. Astean behingo saio hauen xedea da langileek eguneroko lanean dituzten hizkuntza premiei erantzutea, eta prestakuntza orokorra baino gehiago epaitegietako lanerako behar dituzten baliabideak eskaintzea da helburua. Urtetan gaztelania hutsez lan egin izanaren inertziak gainditzea ez da lan erraza, eta horretarako oso egokiak dira saio hauek, batzuk mintzamenean aurrera egiteko pentsatuak eta beste batzuk idatziari begira terminologia juridikoan sakontzera bideratutakoak.

Agiri judizialak

Euskararen erabilera bultzatzeko aparteko garrantzia izan du agiri judizialak euskaraz normalizatzeak eta eredu elebidunak ezartzeak. Gaztelania hutsezko dokumentuak ordezkatzea oso lan nekeza eta luzea da, agiri kopurua ikaragarria delako eta terminologia lan sakona eskatzen duelako. Horretan azpimarratzeko modukoa da euskarazko testu normalizatuak onartzen dituen batzordearen lana. Funtzionarioen lana errazteko 2006an lagundutako itzulpen sistema bat jarri zen abian, itzulpen memorien erabileran oinarritutakoa, datuak behin bakarrik sartuta eredu elebidunak ateratzea posible egiten duena.

Sistema hori azkenean JustiziaBat izeneko aplikazio informatikoan integratu da. Aplikazio hori pixkanaka ezartzen joan da jurisdikzio guztietan eta, oraindik barruti guztietara iritsi ez bada ere, ezarri izan den tokietan lortu dituen emaitzak ikusgarriak izan dira. Adibide batzuk jartzeagatik, Donostiako lehen auzialdiko epaitegietan %7tik %49ra egin du gora agiri elebidunen kopuruak JustiziaBat aplikazioa ezarri den lehen urtean, eta Gasteizko lan arloan, berriz, %16tik %79ra.

Aplikazio informatikoak

JustiziaBat aplikazioaz gainera, badira beste batzuk ere aurrerapauso handiak ekarri dituztenak. Esate baterako, bake epaitegietan –barruti judizialetako buru ez diren herrietako epaitegiak– Epainet aplikazioa ezarri zenetik nabarmen aldatu da lan egiteko modua eta euskararen erabilera. 300 agiri inguruko corpus normalizatua dago aplikazioan, eta horrek euskararen erabilera idatzia ia kasu guztietan bermatzen du, funtzionarioen lana erraztearekin batera.

Aurten bertan ezarri den aplikazio berri bat aipatzeagatik, erregistro zibiletan erabiltzen hasi diren Inforeg dago, Ministerioak ezarritako eta guk itzulitako aplikazioa. Hemendik aurrera Barruti Judizialetako buru diren herrietako erregistro zibiletan inskripzioak –jaiotzak, ezkontzak, heriotzak, tutoretzak– euskaraz egiteko aukera dauka herritarrak, eta baita ziurtagiriak euskara hutsez eskatzekoa ere. Ministerioak ez du, momentuz, aukera hau herrietako bake epaitegietara hedatu. Horretan ere esan dezakegu mendetan baztertua egon den esparrua irabazten ari dela euskara.

Aurrera begira

Orain arte egindakoa biltzeko eta aurrera begira lan ildo berriak zabaltzeko, Jaurlaritzak 2008an onartu zuen Justizia Administrazioan Hizkuntza Normalizatzeko Plan Orokorra, 2008-2017 epean gauzatzeko pentsatutakoa eta euskararen erabilera sustatzeko neurri guztiak eskema sendo eta koherente batean biltzen dituena. Bost helburu estrategiko finkatu ditu plan horrek:

1.- Euskarari garrantzi gehiago eskaintzea, eta horri hedapena ematea. Euskara lan eta zerbitzu hizkuntza gisa baloratzea da helburua, eta organo judizialetan euskara egunerokotasunez erabiltzea lortzea. Horretarako, behar diren baliabideak esleitzeaz gain, berebiziko garrantzia ematen dio Planak gainerako instituzioekin adostasun handiagoa lortzeari.

2.- Herritarren eta profesionalen artean euskarazko zerbitzuen erabilera sustatzea, eskaintza ugarituz. Terminologia batzea eta hedatzea, agiri elebidunak bultzatzea eta justizia administrazioaren informatizazio prozesuan euskara txertatzea dira horretarako ildo nagusiak.

3.- Justizia Administrazioaren zerbitzuan diharduten funtzionarioen artean euskararen erabilera sustatzea. Puntu honetan berebiziko garrantzia izango luke hizkuntza eskakizunak esleitzera iristea, baina hori oraingoz, Planaren oinarrian dagoen Dekretua bera bezala, auzibidean dago eta erabakiaren zain.

4.- Epaile, fiskal, eta idazkari judizialek euskararen normalizazioarekiko jarrera positiboa izan dezaten saiatzea. Oinarrizko adostasun puntuak lortu beharra dago ezinbestean justiziako eguneroko jardunean benetako protagonista diren eragileekin.

5.- Abokatuak sentsibilizatzea eta gaitzea. Abokatu elkargoekin erabilera planak egitea da asmoa, hizkuntza gaitasuna hobetzeko eta eguneroko lanean euskara erabiltzea erraztuko duten tresnak garatzeko.

Lizitazio publikoz kontrataturik, Emun, Ibermática, Indra eta Uzei enpresa berezituak gurekin ari dira egun, hizkuntza normalizazio lanetan.

Gauzak horrela, egindakoa sendotzeko eta etorkizuneko erronkei itxaropenez erantzuteko moduan gaudela uste dugu.

ASTEKARIA
2009ko irailaren 06a
Azoka
Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude