"Mundua sakonean ezagutzeko benetako interesa daukagu? Agian ez"

  • Oporretatik bueltan datorrenak “zer moduz?” galdetu gabe argazkiak erakusten dizkizu, eta zuk, paisaiak zoragarriak eta bera zoragarriagoa dela esatea beste erremediorik ez duzu. Horregatik, pentsatu genuen hitzezko diapositibak ikusteko geratzea.
Dani Blanco

Zer da zuretzat bidaiatzea?


Ezer baino lehen besteengana hurbiltzeko modu bat. Plazerez egiten dugu bidaia, gauzak ikusi eta ezagutzeko, baina bidaiak kazetaritza aberasten duen neurri berean aberasten du kazetaritzak bidaia. Etengabeko istorio ehizan nabil. Bidaia bat prestatzerakoan, ahal beste irakurri eta dokumentatzen saiatzen naiz, aldez aurretik lantzen duzuna ikusten duzulako gero. Nola ulertu bestela Australiako ezerezaren erdian ehun lagun bizitzea? Aurre-prestaketak, dena den, ez du inprobisaziorako tarte zabala jaten, eta garbi daukat, bidean topatzen ditudan anekdota, istorio eta asmoak motxilan neramatzanak baino askoz interesgarriago eta erakargarriagoak izan daitezkeela.

Oso gutxiren motxilan kabitzen dena daramazu, ordea: denbora.


Nahiko lasai ibiltzen naiz. Denbora kontrolatu ahal izateko aukeratu nuen bizimodu hau. Egia da batzuetan eskuetatik alde egiten didala, baina oso zaila da bidaia batean denbora eskasiagatik ezer egin gabe uztea. Hemen inguruko erreportajeak egiterakoan, batzuetan korrika eta presaka ibili naiz, eta horretara moldatzen ere jakin behar da, baina bidaia bat izugarri aberasten du denborak. Denbora galtzeko prest egon behar duzu, eta ustezko galtze hori testuen kalitatean berreskuratzen duzula garbi eduki. Esaterako, Cuidadores de mundos-en agertzen diren zenbait pertsonaia komunikabideetan agertu izan ziren aurrez, baina nik goiz osoa pasatzen nuen eurekin mendian ibiltzen edo basoan berriketan. Ikuspegi praktikotik begiratuta alferrik galdutako denbora zen, baina horri esker esaten zidatenaz gain, euren lan-moldea pasioa, eta ametsak harrapatu ahal izan nituen. Tratu humanoak beste dimentsio bat ematen die paisaiei.

Nik maite ditut maite gure bazterrak baina bizi dituzten pertsonei eskerrak dio gutarren abestiak.


Harrigarria egiten zait zein anitzak garen, zein modu desberdinetan bizi gaitezkeen, eta irudikatu ezinezko bizikerak nola aurki daitezkeen. Arizonan geundela, Colorado ibaiko kanoia ikusi genuen. Zoragarria, ikusgarria, ederra. Baina idazten hasterako, “zer esango dut nik honi buruz?” galdetzen nion nire buruari. Nigatik argazkia jarri eta kito. Baina handik gertu indioen herri txiki batean gelditu ginen eta bost minutuko solasaldi bat izan genuen bertako ranger-arekin. Bertako arazoez eta bere zereginez itaundu genionean, “que los borrachos no se caigan de las mesas” erantzun zigun, eurentzat mesas mesetak direla jakinik. Bertako indioek alkohola hartu, meseta horietara igo, mozkortu, eta handik eroriz gero hiltzeko arriskua daukate, eta hortik ranger-aren zeregina. Anekdota horrek askoz zehatzago erretratatzen du bertako bizimodua Colorado ibaiari buruz idatzi nezakeen edozerk baino. Gainera, ranger-aren esaldia han eta hemen zer desberdin ulertuko litzatekeen pentsatze hutsarekin...

Istorioen ehizan, badu eraginik bidaiatzeko medioak?


Espainiari itzulia Vespaz eman nionean [aurreko orrialdeko argazkiko Vespan, hain zuzen] argi eta garbi ikusi nuen baietz. Aurrez motoz bidaiatua nintzen beste lagun batzuekin, baina Zamora, Galizia edo Huelvako herri txiki batera Vespa batean heltzeak ate asko zabaltzen dizkizu. Vespari esker jendea hurbildu egiten zitzaidan, adarra jotzen zidaten, eta oso modu naturalean pizten ziren elkarrizketak. Horrek aitzakia ezin hobea ematen zidan beraiekin egon, honetaz eta hartaz galdetu, eta herrian mugitzeko. Zilindrada handiko moto batean, larruzko txupa bat jantzita iritsi banintz, distantzia bat sortuko zen, eta ezin izango nuen Vespak ematen zidan ukitu gertuko eta maitakorra baliatu.


Non dago bidaia eta abenturaren arteko muga?


Ez zait abentura hitza gustatzen, gehiegi erabiltzen den hitza da, eta zentzuz hustuta dago. Niretzako egoera zeure kontrolpetik nahita eskapatzen uztean datza abentura, baina ni ez naiz abenturazalea, emozio horiek deseroso uzten naute. Bidaiatzerakoan, gauzak ondo atera daitezen egoera kontrolatzen saiatzen naiz. Ez dut sekula pentsatu saltsa ilun batean sartzerik hona etorrita kontatu ahal izateko. Oso artifiziala egiten zait abenturak bilatzen duen arrisku puntu hori. Puentinga ere ez nuke sekula egingo.


Puentinga eginez ez, Interneten nabigatuz bidaiatzen du orain jendeak.


Informazioa bilatzeko eta kontaktuak egiteko begi-bistako abantailak ditu Internetek, baina ez pentsa mundua Internetez ezagutu daitekeenik. Mila gauza idatzi daitezke etxetik atera gabe, baina Google-n dena dagoela sinestea gezur handi batean bizitzea da. Bulegotik mugitu gabe egin daiteke erreportajea auskaloko bailarari buruz, informazio gaindosi batekin, bide zidorrenak zehaztuz, baina horren balioa hutsa da. Cuidadores de mundos-erako istorioak hautatzeko irizpideetako bat Google-n ez agertzea izan da. Istorio mordoa dago bazterretan, bizitzak etengabe sortzen ditu, baina norberak joan behar du bila. Interneten ageri den informazioa kopiatzeko ez dago kazetaria izan beharrik.

Bidaiatzea demokratizatu da?


Sekula ez da izan hain erraza bidaiatzea. Gu baino bi belaunaldi zaharrago direnek lauzpabost hilabeteko soldatarekin erosten zuten Londreserako txartela, guk egun bakarreko lanaldiarekin ordaindu dezakegu. Gero bidaiatzeko modu asko dago. Turismoa eta bidaiatzea bereizten direla dirudi, baina une batean edo bestean denak gara turista. Ezerk bereiztekotan, errespetuzko jarrera batek bereizten gaitu. Izan ere, badaude begirunez jokatzen duten turistak eta lotsagarri baino lotsagarriago portatzen diren bidaiariak.

Baina badirudi ez duela inork turista izan nahi, denak bidaiari.


Egia da turismo mota zenbait ez direla oso finak. Oso modu erasokor eta bortitzetan iristen da jendea interes-guneetara, dauden herrialdean egon beharrean burbuila batean daude, hotel eta diskotekaz jositako mikrokosmosak geroz eta ugariagoak dira... Baina turista/bidaiari bereizketa geure burua masatik bereizteko egiten dugu, eta ez zait oso bidezkoa iruditzen. Baten batek ez badu bidaiatzeko sena berezirik eta Karibeko hondartza batean 15 egun etzanda pasa nahi baditu, zer? Non dago arazoa? Bidaiatzeko erak baino, jendearen jarrerak epaituko nituzke. Zuk motxila hartu, eta oso bidaia alternatibo bat egin dezakezu, baina zure jarrera turista batena baino askoz okerragoa izan daiteke. Beti iruditzen zaigu gu eta gu bakarrik garela bidaiariak eta inora iritsi orduko “jo, hau jendez beteta dago!” ateratzen zaigu. “Bai, gu bezalako jendez beteta” erantsiko nuke nik.


Gune turistikoak ez al dira berehala agortzen?


Ez dakit agortzen diren edo agortzen ditugun. Denborarekin bidaiatzea pribilejio bat da, gauza asko eta asko jendeak alde egindakoan azaleratzen baitira. Esaterako, jende samalda igotzen da Egiptoko Sinai mendira egunsentia preziatzera, eta sekulako saltsa sortzen da bertan. Jendeak ospa egin zuenean hantxe geratzea erabaki genuen bertatik beste ibilbide bati ekiteko, eta kasualitatez ezagutu genuen tontorreko leize batean hiru urte bizitzen zeramatzan gazte musulmana. Sekulako deskubrimentua izan zen guretzat, altxor bat, baina egunsentia ikustera bertaratutako beste inork ez zuen mutil hura ikusi. Halakoak gurean ere gertatu litezke, baina bakoitzak zer bidaia klase nahi duen pentsatu behar du. Ni ez naiz nor Donostian arratsalde bat pasa behar duenari pintxoak jan eta Kontxan bainu bat hartu beharrean Uliako Josetxo ezagutu behar duela esateko. Niretzat bidaiatzeko era interesgarriagoa den arren, ez dugu zertan denak kazetari eta antropologoarena egiten ibili.


Zuri ere kosta zaizu Uliako Josetxo ezagutzea. Oraintsu arte urrutira begira ibili zara.


Aurrerapen handi eta konkista txikitzat daukat hori. 23-24 urterekin Euskal Herria aldizkarikoei atzerriko erreportajeak egiteko nire burua eskaini nien, hemen ezer ikusi eta aurkitzeko gai izango ez nintzela uste nuelako. Errazagoa da Australiara joan eta guretzat exotikoak diren istorioak topatzea, baina horrek eman didan segurtasunarekin, nire inguruko kontuei erreparatzen ikasi dut.


Egia izango da beraz, kanpora egindako bidaia oro barne-bidaia bat dela.


Bai, baina abusatu gabe. Ez zait batere gustatzen lehen pertsonara mugatzea bidaia. Badago jendea hori oso ondo egiten duena, begi zoli eta gogoeta zorrotzekoa delako, baina kasu gehienetan jasanezina zait. Orain gutxi irakurri nuen meatzari baten kaskoarekin bidaiatu behar zela, baina argia kanporantz zuzenduta. Etengabe bere barne bidaiak kontatzen dabilena aspergarria da. Horrek ez du kentzen bidaiek asko erakusten eta irakasten dutela, ustez ziurtzat dauzkazunak kolokan jartzeko balio dutela, baina ondorio horiek lau haizetara zabaltzen ibiltzeak ez dauka zentzurik. Kaskoaren argia barrurantz jartzea kasuen %90ean akatsa dela uste dut.

Argiak argi, hainbeste eragiten du geografiak bakoitzaren nortasunean?


Nortasun indibidualean ez dakit, baina bistakoa da bizitzeko moduak oso desberdinak direla. Hurbileneko bizilaguna hiru ordura duen rantxo batean bizi bazara ez zara hirigunean bizi dena bezalakoa izango. Espezie bezala oso berezi eta anitzak gara, eta nire begiz hori ikusteko pribilejioa izan dut. Pentsa, Djibutin, munduko herrialde beroenean, eta Groenlandian izan naiz, eta bietara gizakia nola egokitu den eta bizimodua aurrera nola ateratzen duen ikusteak aho-bete hortz nauka. Gure eguneroko bizimoduaren leihoak oso estuak dira eta mundu honetako errealitatearen zati oso txiki bat baino ez dugu ikusten. Horregatik merezi du mundura ateratzeak. Horregatik laguntzen dizu gauzak bere lekuan jartzen bidaiatzeak. Esaterako, krisiaz hitz egitea ondo dago, baina gure krisia munduko 10etik 9k gustura hartuko lukete. Eta hola beste gauza asko.


Turismoa ez dakit, baina bidaiaren industria ez dago krisian. Liburuak argitaratzen dira, dendak zabaltzen dituzte…


Bai, baina ez nuke turismotik asko bereiziko. Beste egunean Elkar-ek Donostian zabaldu duen bidaia-liburuen dendara joan nintzen, eta etsita irten nintzen, bertan topatu nuen %95a gidak zirelako. Zertarako dira gidak turismoa egiteko ez bada? Bidaia-literatura oso gutxi irakurtzen da, hala da, eta ezin zaio horren errurik inori egotzi. Horregatik pentsatzen dut batzuetan ez nuela ofizioa hautatzerako orduan asmatu. Prentsan ere oso erreportaje gutxi ateratzen da gai hauetaz. Asteburuetako gehigarrietan aktoreei egindako elkarrizketak eta aurpegiko kremei buruzko artikuluak datoz, baina kanpoko istorioei buruzko erreportajea sakon gutxi dago. Badirudi geroz eta gutxiago estimatzen dela kanpora joan, hango harri-bitxiak bildu eta hemen kontatzea. Azaletik harago, mundua sakonean ezagutzeko benetako interesa daukagu? Agian ez.
Nortasun agiria
1976ko otsailaren 26an jaio zen Donostian. Kazetaritza eta bidaia uztartuz, hainbat mediotan kolaboratzeaz gain, El Testamento del Chacal, Los Sótanos del mundo, Plomo en los bolsillos, Trekking en la costa vasca eta Cuidadores de mundos bidaia-liburuen egilea da. Bestalde, bere bidaien kronika eta han-hemengo anekdotak jasotzen ditu bere blogean.
Bloga
“Blogekoa aurre-idazketa bat bezala ikusten dut. Niretzat kazetaritza baino gehiago da bitakora kaiera bat. Erreportaje edo liburu bat idazteko gehiago landu behar dira istorioak. Blogean idatzitakoak ez dit balio”.
Faseak
“Bidaia bat prestatzeak, mapa bat paretan jartzeak, dokumentatzeak, gaztaroko lehen bidaietako ilusioa berpiztu eta arnasa ematen dit. Bidaiatik bueltan, idazten hasten naizenean ere asko gozatzen dut, iruditzen baitzait bidaia asko hobeto ulertzen direla etxean. Baina bidaiaren fase garrantzitsu eta gozagarriena bidaia bera da”.
Azken hitza
Beruna
Txirrindularitzari buruzko Plomo en los bolsillos liburuaz: “Txirrindularitzak beti emango ditu istorioak, baina azkenaldian, sinesgarritasuna galdu du. Oso kirol epikoa da, askorako ematen duena, baina jendeak ikusten duena sinetsi ezean alferrik da. Ez da normala Tourra bukatu eta pare bat hilabetez ez jakitea helmugara lehenbizi iritsi denak irabazi duen ala ez”.
Asmoa
“Nairobitarrari jarraipena emateko bi pisuko autobus bat erosi genuen Josu Iztuetarekin. Gure asmoa Euskal Herriko jendearekin Euskal Herrian bidaiak antolatzea da. Industriak errentagarritasu-nari begiratzen dio, negozioari, baina gu herri honen aniztasun eta aberastasuna erakutsi nahi dugu”.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude