Omar Bongo Françafrique-ren xefa hil da

  • Ekainaren 8an Bartzelonan hil zen Omar Bongo, 41 urtez Mendebaldeko Afrikako Gabonen presidente egona. Inperio galduaren ametsetan bizi diren espainolek ez bezala, Frantziak kolonia sare zabala dauka munduan. Tartean “Françafrique” bataiatu dena. Bongo zeukan kapataz.
Omar Bongo eta Nicolas Sarkozy
Omar Bongo eta Nicolas Sarkozy
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Lau hamarkadatako maitasun interesatua eduki dute elkarrekiko Frantziak eta Omar Bongok, 73rekin hil berria den Gaboneko presidenteak. Asteotan asko idatzi eta hitz egin da harreman horiez Frantzian. Françafrique bataiatu duten horretan –metropoliak gaur ere lehengo kolonia-ohiekin osatuta daukan sarean– paper berezia jokatu du 41 urtez Omar Bongok. Izan ere, enpresa eta politika frantsesaren eskumakila izateaz gain, Bongok zuzenean eskuhartzen baitzuen Frantziako Errepublikaren barrunbeetan. 

Rue89 agerkari digitalak “Bongo eta Frantzia, berrogei urte kolpe gaiztoka” izendatu artikuluan bideo batzuk itsatsi ditu, liburu askok baino hobe argitzen dutena buruzagi afrikarraren boterea. Lehen bideoa 1968koa da: Charles De Gaullek Parisen ongietorria egitendio orduan Albert-Bernard Bongo izena zuen presidente berriari. Bigarrena 1970koa da eta harrera Georges Pompidouk egiten dio. Hirugarrena 1977koa da, Giscard D’Estaingen garaikoa.

Laugarren bideoan, 1984an, François Mitterrandekin ageri da oturuntza egiten Gaboneko hiriburuan, Librevillen. Bostgarrena 1996koa da, Jacques Chirac presidente zenekoa. Seriea argazki batek errematatzen du: Nicholas Sarkozy 2007ko uztailean Librevillen Bongorekin autoan jende oldearen erdian.

Sarkozyk presidentetzarako kanpainan, duela bi urte, esana zuen arras aldatu behar zuela Afrikarekiko Frantziaren politika, eta ez zuela diktadorerik edukiko lagun. Hauteskundeak irabazi eta egun gutxitara, Gabonera egin zuen lehenbiziko bisita. Denak berdin segiko zuela seinale... eta Omar Bongok zeukan indarraren adierazle.

“Frantziarik gabe Afrika txoferrik gabeko autoa bezalakoa da. Baina Afrikarik gabe Frantzia, gasolinarik gabeko kotxea”. Formula horretan laburbildu zuen Bongok Françafriqueren muina. Ekuazioaren bi zatietan eragin zuen 41 urtez, eta heriotza ez beste inor ez zitzaion gailendu.

Gabon herrialde txikia 1960an iritsi zen independentziara. Parisek Léon M’Ba onartu zuen lehenbiziko presidentetzat. 1967an hil zen M’Ba. Honen ordez, frantsesek hautatu zuten Frantziako armadan ofiziale izandako funtzionari gaztea, Albert-Bernad Bongo. 32 urterekin –eta bidean sikulusaltsa ilun asko egin ostean– lortu zuen lehendakari izendatzea.

1973an musulman egin zen, Omar izena hartuz. Motibo sendoa zuen horretarako: petrolioaren lehen shock famatuaren erdian, urre beltzean aberatsa den Gabon OPEPen sartu nahi zuen. Baita lortu ere.

Urte horietan Aljeriak bere petrolioa nazionalizatua zuen eta frantsesek iturri ziurra behar zuten. Gabonen aurkitu zuten. Eta hortik aurrera garatu zen Omar Bongoren agintearen beste alderdia: metropolian norbait izatea.

Frantziako alderdiei lagunduz

2007tik aurrea hil arteraino auzibideetan ibili da Bongo Parisen. 33 ondasun zeuzkaten berak eta bere familiak (etxeak, hotel pribatu bat, apartamenduak...) presidente soldatarekin ere justifikatu ezinezkoak. Bonborekin batera beste lau presidente zeuden auziperatzeko bidean: Kongoko Denis Sassou-Nguesso, Burkina Fasoko Blaise Compaoré, Angolako Eduardo Dos Santos eta Ekuatore Gineako Teodoro Obiang. Baina justu aurten, epaileek dossierra itxi zuten betiko.

Politikari askok arnasa hartu du Bongo epaituko ez zutela jakinda. Gabongo presidenteak jakin baitu alde askotara egiten jokoa. Laburbilduz: petrolioarekin eta beste lehengaiekin Gabonek eskuratzen dituen diruak bere familiak kontrolatzen ditu, eta diru horren zati bat aspalditik erabili du Frantziako politikan esku hartzeko.

Nicholas Sarkozyk Bongorekiko harremana esplikatu izan du esanez esker onez hartzen zituela Gaboneko politiko zaharraren aholkuak. Aldiz, Giscard D’Estaingek publikoki aitortua du aholkuok dirutan ere eman izan dituela Bongok. Giscardek esan dezake klarki... bera eskupekorik gabe utzi zuelako. Berriro presidente izateko lehian zebilela, Bongok Mitterrand sozialistari diru asko eman zion, Giscard enteratu, Gabonekoari esan eta honek aitortu egin omen zion: “Telefonoz deitu eta ‘Nola jakin duzu?’ esan zidan. Hor eten nituen harekikoak betiko”.

Gaboneko petrolioa manejatzen zuen Elf-Aquitaine korporazioaren ingurumarietan hamaika eskandalo piztu zen, klase guztietako politikoak zikindu zituztenak, izan sozialista edo izan Charles Pasqua bezalako estadista kixkalgaitzak.

Bitartean, bere zorupean hainbeste aberastasun duen Gaboneko herritarren ehunetik 70 txirotasunean bizi dira. Survie elkarteak behin eta berriro salatzen duenez, kontutan harturik biztanleko Barne Produktu Gordina, Gabon 84. da munduko herrialdeen artean, baina giza garapenaren araberako zerrendan 119. posturaino makurtzen da. 35 postu atzerago, horra Françafrique kontzeptuaren oparia gabondarrei.

Librevilleko agintariek buruhauste handiegirik eduki ez dezaten, 800 soldadu dauzka han Frantziak. Presidentearen zaindaritza ere frantsesen esku dago. Frantziaren esku daude inbertsioen %80.

41 urteotan trebeziaz agindu du Omar Bongok. Urte luze horietan agintzeak esan nahi du esku ezker gozoa bezala eskuin bortitza ere errukirik gabe usatzea. Oposizio politikoa kate motzean lotuz eta petrolioak ekartzen dituen diruen erabileraren fiskalizazioa eskatzen dutenak isilaraziz. Azkenean Gabonen Estatua eta Omar Bongoren familia nahasteborrastean daude bilduta. Eta Bongotarrek Frantzian bezala munduan, paradisu fiskaletan batez ere, dauzkaten fortunek erakusten dute zer nolako etekinak ateratzen dituzten handik korporazio frantsesek.

Azken urteetan konplikatu egin zitzaion bizimodua Bongori. Osasuna ahul, sendatu ezin zuen kantzer bat zela medio, eta gero eta ikerketa gehiago bere ondasunez. Frantzian bertan irudia zikintzen ari zitzaion. Biktimarena egitea bururatu zitzaion orduan.

2007ko abenduan, agintera iritsi zeneko 40. urteurrenean, honela mintzatu zitzaion populuari: “Badakit gure errepideak, osasungintzako eta hezkuntzako azpiegiturak, gure garraiobideak... badakit asko hondatu direla urteotan. Gabon gaur egun ahultzen dute etnizismoak, klientelismoak, negozio errazen irrikak, ustelkeriak, gehiegizko politizazioak. Horra zerk gangrenatu duen aginte publikoa”. Jaunak esana.

Argazki oina: Eskuinekoei bezala ezkerrekoei, denei laguntzen zien hauteskundeetarako dirua –beltza, noski– luzatuz. Nicolas Sarkozyk 2007an presidentetarako hauteskundeak irabazi bezain fite egin zion bixita Bongori, Librevillen bertan. Aurretik agindua zuen Afrikarekiko politika aldatuko zuela, diktadoreei ez ziela lagunduko, eta beste. Librevillera “lagun zaharraren aholkuak eskertzera” joan zela esan zuen Sarkozyk; denborarekin Frantziako auzitegiek betiko itxi zituzten Gaboneko presidentearen kontrako dossierrak

Informazio gehiago:


Azkenak
Kneecap, Last Tour eta protestaren merkatua

Kneecap taldea BBK Liven egoteak eztabaida piztu du makrofestibalek protesta politikoaz egiten duten instrumentalizazioaz eta kultura-eredu nagusiaren kontraesanei buruz.


Baionako fiskaltzak ikerketa abiatu du Ane Lindanek EHZn egindako emanaldiaren harira

Espainiako Abokatu Kristauen Fundazioak Bilboko artista salatu du arrazoi beragatik, “eskarnio delitua” egin duela argudiatuta. EHZk barkamena eskatu die artistaren emanaldiak mindu dituenei, baina egoera gorrotoa sustatzeko baliatu dutenengandik “urrun”... [+]


Munduan 220 milioi tona plastiko sortu eta %10a baino ez dira birziklatzen urtero

220 milioi tona plastiko sortzen dira munduan eta %10a soilik birziklatzen da, zifra hori hamar urtez mantendu da bere horretan. Hainbat talde ekologistek salatu dute egoera uztailaren 3an, plastikozko poltsarik gabeko nazioarteko egunean.


Amnistia Internazionalak exijitu dio CAFi Jerusalemgo tranbiaren proiektua bertan behera uzteko

NBEren txosten batek azaldu du Beasaingo enpresak lagundu egiten duela Israelgo legez kanpoko kolonien hedapenean. Amnistia Internazionalek deialdia egin die gobernuei “urgentziaz” esku hartu dezaten txostenaren ondorioekiko.


2025-07-04 | ARGIA
TindEHEr egitasmoa: gazte-taldeen arteko ‘matxak’ euskaratik eta euskaraz

Oraingoz hamabi gazte-taldek eman dute izena. Taldeen arteko bikoteak osatuko dituzte, eta haien arteko harreman informalak euskaratik eta euskaraz garatuko dituzte. Helburua da kontzientzia linguistikoa berpiztea. Euskal Herrian Euskarazek eta Gazte Euskaltzaleon Sareak abian... [+]


Foruzaingoak taser pistolak eskura izango ditu 2026tik aurrera

Nafarroako Barne Sailak araudia aldatu du Foruzaingoak taser pistolak erabiltzen hasteko hurrengo urtean. Pistola elektrikoen erabilera poliziek daramatzaten kamerek kontrolatuko dute.


Lurramak “Bihar ere laborari” lelopean ospatuko du 20. urteurrena

Laborantza herrikoia eta jasangarria bultzatzen duen azokak 20. urteurrena beteko du. Azaroaren 7tik 9ra antolatu duten erakusketa eta merkatuan parte hartzera dei egin du.


Hau altxorra, geure geurea!

-Kax, kax, kax.

-Aurrera!

Maratila kirrikariari buelta eman eta barrura.

Hor zaude zure Donostiako Ibaetako EHUko bulegoan, eserita, lanean, aurrean mahaia bete irakurgai. Hor daude zure poltsatxo beltza lurrean, zure erlojua, ohiko legez, eskumuturrean beherantz buelta... [+]


Tomasita Quiala, munduko “bertsolari” txapelduna

Ekainaren 12an, 64 urte zituela hil zen Tomasita Quiala Kubako izar handia. Azkeneko aldiz, 2018an etorri zen Tomasita Quiala repentista Euskal Herrira, Bertsozale Elkarteak antolatutako inprobisazioaren nazioarteko topaketa batzuen bidez. Dena hartzen zuen gogoan eta denari... [+]


Leire Martinez, Equala berdintasun aholkularitza
“Zaila egiten zaio gizarteari onartzea albokoa izan daitekeela erasotzailea”

Erasoen aurrean jarduteko protokoloaren garrantziaz mintzatu da Equala berdintasun aholkularitza zerbitzuko Leire Martinez. Eraso baten aurrean zer egin, nora deitu eta nola babestu jakiteko balio du. Iruñeko Peñen Federazioarekin aritu dira elkarlanean aurten ere.


Amurrioko Correoseko langileek mobilizazio gehiago egingo dituzte, zuzendaritzak ez baitu kontrataziorik egin gainkarga konpontzeko

Hiru eguneko greba egin zuten ekainean eta enpresak ez ditu bete adierazitako konpromisoak. Horien artean zegoen udako oporren hutsuneak betetzea, CCOO sindikatuak azaldu duenez.


Eguneraketa berriak daude