Hankaz gora

Xipri Arbelbide
Dani Blanco
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Leizean barna goaz. Frantzian berean, 3.000 langabe gehiago bada egunean. Niretzat ulertezina: nolaz lantegi batetan lanik ez delarik denentzat, langileen erdiak kanporatzen diren, beste erdiek soldata osoa izan dezaten? Neure zozoan usteko nuen gelditzen den lana denen artean banatua izanen zela, denek soldata bat izateko. Ez naiz mundu modernokoa ez eta postmodernokoa!
 
Gero eta gehiago krisian sartzen ari beraz. Zerk ekarri duen krisia? Euria bezala zerutik jautsi ote litzaiguke? Gauza segurra: ez da hobendunik. Bat ez dut entzun aitortzen, ez politika, ez ekonomia munduan: “Ikusi eta nora eraman dudan lur hau, ez naiz gai kargu honetan segitzeko”. Nehor ez da gaztigatua izan, salbu zuek eta, mundu osoa kakan sartu duelakoz. Gure geroa eskutan zeukatenak beti boterean daude. Munduaren “gidatzen” (?) segitzen dute. Nora? Berek balekite! Gauza kuriosa, harrigarria! Eraman gaituzten kinka tzarrera eraman eta, haiei konfidantza egitera bortxatuak gara, sartu gaituzten leizetik ateratzeko?
Ez direla denak hobendun? Ezin uka. Edo ez dira ohartu zeramaten politikak leizera eramaten gintuela. Beraz ez dira gai munduaren kudeatzeko.
 
Edo jakinean ziren eta ez dute ezer egin. Auzitegietara jauki behar litezke eta bizitzarako kartzelan sartu. Bakarrenak kartzelan daude gutxiagorentzat! Baina beren karguan daude beti eta ezer gertatu ez balitz bezala bide beretan segitzen dute. Hala nola gure lurra hiltzorian ematen duten beribilek. Hauen industria kolokan izanez, iduri luke paradaz baliatu behar luketela beribilik gabeko munduari buruz bihurgunea hartzeko. Baina mila milioika sartzen dute dirua, industria sail honi bizi berri bat emateko, gure airea gero eta gehiago kutsatuz.
 
Jendetasun, gizontasun aldetik ez gabiltza hobeki. Goiz honetan entzuten nuen egun oroz aipatzen diguten Mexikoko gripeak “jadanik” 84 hil egin dituela. Egun oroz ikaran gauzkate pandemia horren berriekin. Baina inork ez digu inoiz erraten, urte oroz hiru milioi afrikar hiltzen dituela malariak. Musikan, bi beltz behar dira zuri bat egiteko. Gure arduradun argituentzat asko eta asko gehiago behar da, gizon zuri bakar baten egiteko.
 
Bota garapena, bota kontsumismoa. Batzuentzat. Eta leher egin dezagun. Denek. Mundua zangoz gora daukate. Jakinean. Bai, Requiem kantatu beharko dugu nire azken liburuak dioen bezala.

Azkenak
Eguneraketa berriak daude