Killing me softly with this… gun?

Sweetpads
Sweetpads
Sweetpads. France Cadet, 2004.
Webgunea: www.cyber-doll.com.


Lagun batek “laztan bat jo” lokuzioa asmatu zuen duela urte batzuk, ez dizuet esango zein testuingurutan, bai ordea ez zela biktima humanorik egon. Kontua da berarekin akordatu nintzela aurrekoan, blogean (www.argia.eus/boligrafo-gorria) idazteko zerbaiten bila France Cadet-en instalazio bat ikustean. Quake 3 Arena bideojokoa da instalazioaren ardatza: jakingo duzunez, jokoaren helburua tiroka parekoaren tripak lehertzea da. Baina, Negu Gorriaken kantak zioen bezala, “hiltzeko era ugari dago”… eta instalazioak modurik, nola esan, goxoena erakusten du.

Cadet-ek agintailuak aldatu ditu, sweetpad izeneko esfera erdiak jarri ohiko tresnen ordez; helburua: betiko moduan botoiak urduri, azkar eta gogor zapaltzen ibili beharrean, jokalariak agintailua xuabe, kariño handiz ukitu behar izatea, etsaia albondiga odoldu bat bihurtu nahi badu. Zenbat eta urduriago mugitu eskuak agintailuan, orduan eta dorpeago mugituko da pantailan zure killer hori.

Betiko jokoetara oso ohituta nago ni, eta ez dakit… ez dut imajinatu nahi instalazio honetan parte hartzeak sortu behar duen ezinegona. Iruditzen zait bideojoko biolentoek beraien funtzio soziala betetzen dutela: inork benetan egingo ez lituzkeen indarkeria ekintzak modu birtualean eta inpunitate osoz egiteko aukera eskaintzen dute, eta tresna erabilgarria dira bortxaren libidoa asetzeko. Horregatik iruditzen zait, deserosoa behar duela: ekintza libido-isurtzaile baten erdian gailu erreprimitzaile bat sartzen du instalazioak, jokalariak behartuz formak gordetzera.

Emaitza ironikoa da, barre egiten du Lehenengo Munduan indarkeriaz egiten diren diskurtsoez: laztan bat bezalako ekintza sotilaren atzean gorde daitekeen izugarrikeria erakusten du. Egunero ikusten duzu agintariekin: hitzak ondo zainduz hitz egiten dute, eskuak mugitzeko era oso estudiatua daukate, keinu bakoitza irudi-aholkularien galbahetik pasea dago. Eta instalazio honetako jokalarien baretasun beraz mugitzen dituzte indarkeria ofizialaren hariak. Botoi bat sakatuta bidaltzen da misil bat Gazara, Irakera, Afganistanera, harategi industrial bat lotsagorritzeko moduko triskantzak egitera. Hori gertatzen den une berean, hedabideetan bideojokoetako indarkeriarengatik kirioak dantzan jartzen dira moraltasunaren zaindariak. Beharbada instalazio hau maiteago izango dute, hiltzeko asmoz egindako balakuek itxura hobea ematen baitute jende politikoki politaren begietan.

ASTEKARIA
2009ko maiatzaren 31
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#2
Barbara Miller
#4
Olaia Salazar Urrutia
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude