"Musikaren mundua zabala da, eta ez duzu burua itxi behar, ez talde, ez estiloetara"
“Izan daitezen aske gure kantuok zuengana heldu arte”. Bitartekariak soberan daude?
Ez, bitartekariak beharrezkoak dira produkzio eta banaketa onak egiteko, arazoa musikaren edo kanten aurretik interesak eta diru gosea jartzen dituztenengan dago: hainbat diskoetxe, SGAE eta abarren iruzurra begi bistan dago. Guk gure kantuak kontsumo librerako plazaratzen ditugu, gure nahia, ametsa, jendearengana heltzea delako, ez gehiago ez gutxiago.
Mendekuak itsuak izan ohi dira edo planifikatutakoak? Eta zein izango da zuen mendekua?
Denetik egon ohi da, baina beti du itsu puntu bat, kar, kar, kar! Gurea jotzen dugun edonon kontzerturik onenak ematen saiatzea izango da, nahi duenak eta nahi ez duenak ere entzun gaitzan! Belarriak zulatzeraino!
Heavy taldeen artean ohikoa ez bada ere, zuek errealitate gordinak ateratzen dituzue azalera...
Abestiak egiterakoan, bizi duzunak bideratzen zaitu, eta inguruko arazo eta kezkak plazaratzen ditugu. Musika beti izan da ideiak zabaltzeko bide eraginkorra, ezta?
Rock-and-roll eta rock urbanoaren ukitua daukate gitarren melodiek...
Musika maite dugu, eta ez dugu beste estiloak ukitzeko beldurrik, atsegin badugu, ez dago arazorik, rocka, punka edo beste edozer dela ere.
Itzalek asko kezkatzen zaituzte?
Ez gehiegi, gautxoriak gara... kar, kar. Denok dugu itzal baten beharra, babesten gaituena. Bestalde, maitasunaren inguruko kezketan, itzalik beltzenaren beldur izaten gara beti, nork ez du beldur hori sentitu?
Su Ta Gar Biblia dira zuentzat, ezta?
Su Ta Gar dudarik gabe, beste talde askoren artean gure gaztaroak argitu dituen euskal taldea izan da, erreferente bat. Hamabost urte edo genituela bete-betean harrapatu gintuen beraien musikaren indarrak. Dena den, ez dago Bibliarik, musikaren mundua zabala da eta ez duzu burua itxi behar, ez talde, ez estiloetara.