«Hegoaldeko agintari berriek ulertu behar dute euren ardura ez dela Bidasoan amaitzen»

  • Le Journaleko zuzendari izatetik Seaskako zuzendari izatera pasa da, eta urtebetean, postuari neurria hartu diola dirudi. Seaskaren iraganaz, orainaz eta geroaz, zein Iparraldean euskarak bizi duen egoeraz, gogotsu eta konbentzimenduz mintzo da.
Hur Gorostiaga

Urtebete daramazu Seaskako zuzendari postuan. Zerekin egin duzu topo?


Alde batetik oso egoera on batekin, gure aitzinekoek biziki lan ona egin zutelako. Barne-antolaketari begira, zuzendariaren ardurak funtzio administratiboetara bideratu zituzten, eta kanpora begira jarraitu beharreko bidea oso markatua utzi digute. Zorionez, beraiek hasitako lanaz baliatzen ari gara. Bestalde, afera hauetan buru-belarri sartua den lehendakari dinamiko batekin egin dut topo, eta egiari zor, neurri horretako inplikaziorik ez nuen espero. Eskerrak haatik gauzak hala diren, Gobernuarekin negoziaketa bete-betean baikaude, udaletxez udaletxe legez zor zaiguna jasoko dugula bermatzen ari gara, 40. urteurrena... Ez zaigu lanik falta.
 

40 urte hauen zer balantze egiten duzue?


Ohartzen gara ikasle izandako zenbait orain Seaskako irakasle, langile, zuzendari edo guraso inplikatuak direla. Seaskaren ahal eta ahuleziak barne-barnetik ezagutzen dituen belaunaldi berria sartu gara. Horrek ez du esan nahi Seaska nondik datorren ahantzi dugunik. Arras ongi dakigu gaur egun normaltzat jotzen dena lortzeko zenbat borroka eraman diren. Zorionez, orain ez dugu etengabe gure emaitza akademikoak frogatzen eta defendatzen ibili behar. Bestalde, ez da ahantzi behar Seaska dela ikasle osoki euskaldunak, eta bidenabar elebidunak, formatzea ahalbidetzen duen erakunde bakarra. Egia da eskola elebidunak sekulako lana egiten ari direla, eta euskararen aldeko jarreran lagun izango gaituztela, baina biharko arkitekto, irakasle edo iturgin euskaldunak nahi baditugu ezinbestekoa da erabateko murgiltze sistematik pasatzea. Eskola guztiek sistema hori plantan ezarriko balute Seaskak ez luke arazorik bere misioa eteteko. Ez da kasua, zoritxarrez. Hortaz gain, euskal curriculumaren gaia arreta bereziz lantzen ari gara, orain arte irakasle bakoitzaren ondorio zena, sistematizatua izan dadin. Alegia, Hugo edo Garcia Lorca nor ziren jakin behar dugun gisan jakin behar dugula Etxepare nor zen.
 

Egun Seaskak dituen 2.500 ikasleak zer dira, anitz ala gutxi?


Seaska bost ikaslerekin sortu zela eta ikastolak emeki-emeki loratzen direla kontuan hartuta asko dira, baina zenbaki orokorren aldean gutxi. Ez da ahantzi behar, alabaina, Seaskaren lanarengatik sortu zirela eskola elebidunak, eta bi erakunde hauen artean ikasleen erdiak ukitzen dituztela. Gisa berean Seaskak, ikasle eta guraso kopuruaren indarrari esker, izugarrizko pisua hartu du sistema pedagogiko propioa duen solaskide bezala onartua izateko bidean, eta horren garrantzia kuantifikatu ezina da.
 

Pisu horrek ez al dizue, Iparraldean bereziki, heziketaz gaindiko rol bat ematen?


Paper garrantzitsua jokatzen dugu euskararen normalizazioan. Gaur egun, hizkuntz politika osoa hezkuntzaren inguruan artikulatuta dago, helburua euskal hiztun osoak sortzea delarik. Hori segurtatzen duen murgiltze sistema errotuta daukagun bakarrak izaki, bistan da Seaska gakoa dela. Hizkuntz politikak gehiago eragin behar luke hedabideetan, arlo sozio-ekonomikoetan, eta abar, baina pisu hori gure gain ezarri dutenez guk beharren araberako medioak baizik ez ditugu eskatzen. Taxuzko lana egiten ari gara Kontseiluarekin lotuta dagoen Euskal Konfederazioarekin, Gobernuaren aitzinean eragiteko, eta gure hizkuntza ofizialki onartua izateko.
 

Arazoa da Seaska frantses Gobernuarentzat?


Luzaz hala izan gara eta hori baliatzen jakin behar dugu. Gaien mamira sartzera derrigortzen ditugu, gauzak diren bezala erraten dizkiegu, eta ez gara ele ederrekin kontentatzen. Eskatutakoa ematen ez diguten arazo bat izango gara, baina arazoak, benetako arazo badira, konpontzen direla jakinik.
 

Konponbidea heltzen ez deno, beharrezkoak dira Herri Urrats bezalako ekimenak?


Ohitura bilakatu izanak ez dio Herri Urratsi garrantzirik kendu behar. Hitzordu horrek bi xede ditu: euskararekiko atxikimendua erakustea batetik, eta euskararen herrian barnako loturak eraikitzea, bestetik. Horregatik, eta Hegoaldean datozen aldaketak datozelako, euskararen herriak euskarari sostengua erakustea inoiz baino inportanteagoa da aurten. Izan ere, administrazio frantsesak euskarak herritarren babesa duela ikusi behar du, eta era berean, Hegoaldeko agintari berriek beraien ardura ez dela Bidasoan amaitzen ulertu behar dute. Hori hala, guk ez dugu kezkaz ikusten EAEn eman den aldaketa politikoa, euskarak alderdi politiko guztien gainetik egon behar duela uste dugulako. Inolako erreparorik gabe gonbidatzen dugu Patxi Lopez jauna Herri Urratsera jin dadin, eta euskararen herrian euskal herritar orok lekua duela ikus dezan.
 

Haizea alde baita dio aurtengo leloak.


Azkenean haize alde ari garela sumatzen dugu. Urte luzez kontra genuen haize naturalaz gain hainbat hautetsik fuka egin digute, baina bukatu da aro hori. Uste dut heldu dela eguna erran dezakeguna Iparraldean ez dela nehor ausartzen euskararen kontra hitz egitera. Aldiz, egia da askotan ezer ez egitea kontra egitea dela, eta jende hori euskararen alde inplikatzea lortu behar dugula. Euskarak Iparraldean biziarazteko azken aukera eman digu eta ekintza positiboen sasoia da. Horregatik, haizea alde dugula baliatuz, eragile horiek guztiak aitzinera bultzatu behar ditugu.
 

Sarkozy da hezkuntzan etengabeko erreformak bultzatzen ari dena.


Zerbitzu publikoan, alde guztietatik datoz murrizketak. Ene ustez, alta, gaur aurrekontuen arloan izan dezaketen asea biharko gosea izanen da. Hezkuntza, kultura bezala da, ezin da zifratu berehalako errentagarritasunean. Etorkizuneko apustua da. Egun egingo dituzten guraizekadak geroan sentituko dira, eta jadanik errealitatetik kanpo bizi den frantses gazteriaren zati horrek pairatuko ditu ondorioak. Ez dira konturatzen, gazteak behar den bezala formatzean datzala ahoa betetzen dien oparotasun ekonomikoaren gakoa. Bistan da horrek guri ere eragingo digula. Ez gara alferrik ari Parisekin negoziaketan. Baina ez gaude itxurakeriak onartzeko prest, eta hizkuntz politikaren zama osoa hezkuntzan ezartzen baldin badute gure beharrei erantzun beste irtenbiderik ez dute izango.
 

Behar horiei erantzuteko balio dezake sortzear den Euskal Herri osoko ikastolen makrokooperatibak?


Horri buruzko eztabaida guztiak emanda daude eta ekainean sortuko da. Oso urrats garrantzitsua iruditzen zait. Egitura horrek zerbitzu komunak pilatzeaz gain, naturala zen harremana iraunarazteko bidea emango duela espero dugu. Hemen, Araban edo Nafarroan sortu daitezkeen beharrei Euskal Herri osoak erantzutea positiboa baizik ezin daiteke izan. Zergatik ez du Hendaiako ikastolak Donostiakoarekin harremanik izango? Zergatik ez Iruñekoak Baigorrikoarekin?
 

Harreman horiei eusteko, kezkatzen zaituzte oro har gizartean ematen ari den borondatezko lanaren beherakadak?


Kezkatzen gaitu, euskara dagoen egoeran egonda, militanteak izaten segi behar dugula iruditzen zaigulako. Ez daukagu despistatu eta beste alde batera begiratzerik. Egia da azken urteetan gauzak hobetuz joan direla, egoitza erosoagoak dauzkagula, eta beharrik sentitzen ez duenean jendea desmobilizatzen dela. Guri dagokigu euskarak eta ikastolek dituzten beharrak sentiaraztea eta jendea mobilizatzea. Egia da garai batean militante hitza tabua izan zela, baina espiritu hori berreskuratu behar dugula uste dut, militantziarik gabe ez baitugu euskararik salbatuko.
 

Salbazio horretara bidean, zein dira aitzinera begirako Seaskaren erronkak?


Ohartu gara eskaintza zabaldu ahala handitzen dela eskaera. Memento batez Estatuak tranpa egin zigun genuen eskaeraren araberako eskaintza ezartzeko prest zela erranez. Baina ez, eskaintzak sortzen du eskaera, ez alderantziz. Horren adibide dira ikasle gutxirekin hasi eta handitzen joan diren ikastolak. Horregatik zabaldu nahi dugu gure eskaintza Iparraldeko hiru probintzien luze-zabalera. Bidarten ikastola bat zabaltzekotan gara, Lekornen eta Hazparne inguruan proiektuak zehazten ari gara, kostaldean beste kolegio baten beharra ikusten dugu... Hortaz gain, euskal curriculumaren inguruan gauzatzen ari garen lana praktikara bideratu nahi genuke, baita Euskal Herri osoko egituraren lehen urratsak ziurtatu ere. Azkenik, Parisekin ditugun negoziaketak bururaino eraman nahi genituzke, eta ea behin eta berriz hitzematen duten lege horrek behingoz gure hizkuntzaren beharrei erantzuten dien.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude