Izenak


2009ko maiatzaren 10an

Fermin Muguruza musikariak zuzendutako Checkpoint Rock. Canciones desde Palestina dokumentala estreinatu zuten pasa den astean Donostian, Giza Eskubideen Zinema jaialdiaren barruan. Javier Corcuera dokumentalgilea arduratu da irudiez, eta Palestinako hainbat musikarik hartu dute parte: Safaa Arapiyat eta Ayman PR rap abeslariek, Kher Fody poeta eta musikariak, Naseem Dakwer biolin joleak... Dokumentalaren inguruko azalpenak eta haren trailerra Fermin Muguruzaren webgunean aurkituko dituzue: www.muguruzafm.com.

 

Anjel Lertxundiren Zoaz infernura, laztana (Alberdania) eleberria 2008ko Beterriko Liburu izendatu dute 111 Akademiako kideek. Oriotarra da 1996an Manuel Larramendi Kultur Bazkunak abian jarri zuen Beterriko Liburua Saria bigarren aldiz irabazi duen lehen idazlea; 2002an ere bere obra bat izan zen irakurleen artean gogokoena, Zorion perfektua, hain zuzen ere. Sari banaketa ekitaldia hilaren 7an egingo da, Zizurkilgo Olentzo jatetxean.

 
 

Rui Toscano, Filipa Cesar, Rosalind Nashashibi, Anri Sala eta Marine Hugonnier artisten bideoak jaso ditu Donostiako Tabakaleran ikusgai dagoen Look again erakusketak.

 

Unai Gaztelumendik irabazi du Hernandorena bertso sariketa. Aiherran (Nafarroa Beherea) jokatutako finalean Patxi Iriart izan zen bigarrena, eta Ekhi Erremundegi hirugarrena.

 
 

Eguneraketa berriak daude