«Txinako diktadura da arazoa, ez erlijioa»

  • Kaiser Abdurusul gizon moderno eta txantxazalea da, Txinak interesez hedatzen duen islamista uigurren figuratik oso urrun. Bogotan bildu gaitu zoriak, munduko idazleei buruz berbetan. Abdurusulen eta beste lagun batzuen ekimenez Uigur PEN taldea sortu dute Europan, etxean ezinezko baitzaie.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Txinaren menpe dagoen herri handienetakoa da uigurrena, eta gaur egun bere eskubideen alde gogorren borrokatzen ari dena. Hala ere, oso noizean behin iristen diren albisteak salbu –Olinpiar Jokoak baino zenbait egun lehenago hil zituzten poliziei buruzkoa, adibidez–, oso orri gutxi betetzen dituzte hedabideetan, tibetarrekin alderatuz gero. Txina mendebaldeko oso eremu zabalean daude uigurrak, Beijingek Xinjiang eta bertakoek Turkestan ekialdea deitzen duten eskualdean. Azken horrek gogora dakar uigurren turkiar jatorria, Europatik Asiaraino hedatzen den familiako kide baitira.
 

Uigurrak oso gutxi agertzen zarete prentsan. Egiguzu azalpen laburra uigurrei buruz eta zuen herrialdeaz.


Labur esanda, Asia Erdialdeko herririk garrantzitsuenetakoa izan gara historikoki, jatorri turkiarreko herria da uigurra. Egun nagusiki musulmana, baina mongolek eta beste batzuek gordetzen dituzten ohitura eta sinesmen tradizionalen jarraitzaile izan gara luzaroan, eta oraindik ere jarraitzen ditugu, neurri batean. 1948tik Txinaren menpe gaude eta azken urteetan erabateko inbasioa eta kolonizazioa gertatzen ari da. Horren aurrean matxinatu direnen aurka sekulako jazarpena egiten du Beijingek, dozenaka exekuzio daude, bigarren mailako herritarrak gara gure etxean, hizkuntzarako eskubiderik gabe, gutxiengoan utzi gaituzte han etniakoen aldean –egin kontu duela mende erdi %2 ere ez zirela, kolonizazio planifikatua egin dute eta zazpi milioi txinatar ekarri dituzte– eta orain bestelako esplotazioa burutzen ari dira: emakume uigurrik gabe uzteko egitasmo deliberatua dauka Txinak. Iruzurrez edo zuzenki behartuta, Beijingera eta beste leku batzuetara bidaltzen dituzte neska gazteak, etxetik lau mila kilometrora. Giza-eskubideen hainbat erakundek salatu dute egoera, baina erabateko isiltasun deia dago Turkestan Ekialdearen gainean, uigurrak terroristak direla baitio Txinak.
 

Zuk, hala ere, ez duzu beti errepresio hori bizi izan, ezta?


Txinatarrek Xinjiang eta guk Ekialdeko Turkestan deritzogun herrialdean jaio nintzen, Atush inguruan, klase altuko familian. Aita Alderdi Komunistakoa neukan, eta zailtasunik gabeko haurtzaroa izan nuen, asko jolasten, ikasketak egiten; Xinjiango unibertsitatean olio margolari bihurtu nintzen eta Beijing-eko Arte Akademia Zentralean jarraitu nuen. Nire garaian, 80ko hamarkadan, uigurrok bagenituen eskubide batzuk, lana lehenbizi uigurrontzat izaten zen, eskola uigurreraz zen, ni neu arte irakasle izan nintzen, zirriborro eta olio pinturetan. Benetan, egoera orain baino mila aldiz hobea zen.
 

Eta zein izan da zure bidea Txinatik erbesteratu behar izateko?


Pintura utzita kazetari eta kameralari izateko ikasketak egin nituen. 1988an Malaysiara joan nintzen, ingelesa ikasi nuen, gure herriaren islamaz aurreko historia ikasi nuen, eta han ezagutu nuen emaztea. Malaysian hasi zen nire borroka ere. Independentzia egunean egon nintzen, eta han ikusi nuen zeinen zoriontsua zen 1958tik Erresuma Batutik libre zen herri hura. Guk inoiz ez dugu ospatzen Txinako eguna, arrotza zaigu eta Malaysiako independentzia egunean negar egin nuen. Berehala jabetu nintzen Txinaren gezurrez, munduko herriek independentziarako eskubidea dutela, eta Txina ez dela benetan komunista, mendebaldean saltzen dutena saltzen dutela ere.
 

Oraindik uigurrek eskubide nahiko zeneuzkatela esan duzu, horratik.


Baina berehala amaitu ziren. Tiananmengo lider garrantzitsuenetakoa uigurra zen, Örkesh Dölet –Li Pen lehen ministroari aurpegira errieta egin zion ikaslea–, eta orain Taiwanen bizi da. 90eko hamarkadan eskolak mandarineraz hasi ziren, baina ikasleek ez zuten ulertzen. Orain mandarinerazko azterketa pasa behar da unibertsitatera joateko, eta uigur askok ezin dute. Gazteenei berriz, aurkakoa gertatzen zaie: badira hamar urte ezin dudala etxera itzuli eta semearekin azkenez hitz egin nuenean, harrituta zegoen uigurreraz nekielako, eta zelan ikasi nuen galdetu zidan, beraiek ezin baitute etxetik kanpo. Azken urteotan okerrera egiten ari da gainera, institutuetan hasi ziren lehenbizi eta haur eskoletan ere azken bost urteotan txineraz egin behar da. Jendea ez dago kontra, txinera ikastea ez da txarra, baina behartu gabe, eta batez ere uigurrera debekatu gabe, orain gure alfabetoa ere galarazita baitago. Hezkuntzaren izenean kultur genozidioa egiten ari dira. 2003tik uigurrera debekatuta dago eta irakasle ugari kaleratu dituzte txineraz eskolarik eman ezin zutela-eta.
 

Terrorismo salaketak ukatu arren, egon badago erresistentzia armatua, ezta? Zeintzuk dira Al Kaedarekin loturak?


Bai, uigur batzuek Pakistanen babestu eta Turkestan Ekialdeko Islamiar Mugimendua eratu zuten, baina ez da zuzena Al Kaeda direla esatea, ez baitoaz mendebaldearen kontra, are gehiago, talibanek Txinaren babesa izan dute. Zentsura oso gogorra da, geroz eta gehiago, Internetera konektatzeko ere nortasun agiria behar da eta horrela oso erraza da kontrola. Diktadura da arazoa, eta horren aurka doa indarkeria, erlijioak ez dauka zerikusirik. Xinjiang eskualdea debekatuta dago kazetarientzat, eta zaila da horren berri ematea, noski. Olinpiar Jokoen bezperan zer gertatu zen gogoratzen duzu? Ramadanen zer jazo den? Berariaz ezkutatu nahi da. CNNk ere oso gutxi eman zuen, Kashgarren hemezortzi txinatar hil zituen eraso horri buruz. Indarkeria ez da bidea, baina batzuek errepresioa jasan eta ez dute beste biderik ikusten, eta Kashgarren labanaz egin zuen erasoa pertsona bakar batek! Zein erakundek egiten du borroka armatua laban hutsez?
 

Eta Ramadaneko kontua zein izan zen?


Garai bertsuan gertatu zen Mehbube Ablesh kazetari eta poetarena. 29 urteko neska da eta Xinjiango irrati publikoan lan egiten zuen, egun batetik bestera kaleratu eta berehala espetxeratu zuten arte. Ustez Urumqin dago, baina ez dakigu ziur. Gogor torturatu dutela baino ez dakigu, Interneten bi artikulu idazteagatik. Aurten 600 emakume eta 500 gizon atxilotu dituzte eta gutxienez hogeita bost hil dituzte separatismo edo terrorismo epaiketen ostean.
 

Guantanamon ere egon dira uigurrak, Al Kaedako kide izatea leporatuta.


Kontua da uigurrek asko sufritzen dutela eta pasaporterik gabe alde egiteko leku bakarra Afganistan bada, nora joango dira? Bada Himalaia zeharkatu eta Pamir mendetatik Afganistanera, nahiz erdiak bidean hil. Bestalde, egia da anaia musulmanen babesa eta elkartasuna daukatela han, baita talibanena ere. Baina Oxforden edo Harvarden ikasi ahalko balute ez lirateke Afganistanera joango. Ia uigur guztiak askatu dituzte, orain Guantanamon badago uigur bat, leku eta une okerrean egon zen mutila, baina bera ere laster askatuko dutela uste dugu.
 

Zein babes daukazue munduan? Turkiar jatorriko herria izanik, zein jarrera dauka Ankarak?


Tamalez Turkiako Gobernuak ez digu lagundu, Ankarak bereziki txarto tratatzen gaitu, Txinarekin oso harreman ona baitauka. Erkin Alptekin-i, UNPOko (Ordezkaritza gabeko Herri eta Nazioen Erakundea) sortzaileari sarrera debekatu zion separatista zelakoan. Bere aita gure presidente izan zen 40ko hamarkadan. 1949an Txinak okupatu ostean Himalaiatik alde egin eta Turkiara heldu zenean, hamabost mila uigurrekin, orain baino askoz jarrera hobea izan zuen. Eta berdin beste turkiar estatuetan: Huseyin Celil-ek kanadar herritartasuna lortu zuen, eta emaztea uzbekistandarra denez, hara joan ziren seme-alabak Kanadara eramateko. Uzbekistanek berriz, Celil atxilotu eta Txinari entregatu zion! Txinak, noski, terrorista zela esan eta bizi osoko espetxe zigorra ezarri zion. Orain Kanadan kanpaina egiten ari dira aska dezaten. Horrelako kasu asko egon dira, tamalez. Alemanian kasu, babes handiagoa dugu. Munduko Uigur Kongresua oraintsu egin dute Munichen, babes ekonomikorik gabe, baina Alemaniako Gobernuak gutxienez baimena eman zuen. Australia izan da uigurrei babesa eman dien beste herrialde bat, pentsa! Oraintsu egon da han Rebiya Kadeer, gure “Dalai Lama”. Alderdi Komunistako kide eta Txinako pertsona aberatsenetakoa zen; gaur berriz, emakume terrorista da Txinarentzat, zortzi urte preso egon eta gero. Egun AEBetan dago eta uigurren ama deitzen diogu. Nobelerako hautagaia ere izan da.
 

Txinak emakume uigurrik gabe uzteko egitasmo deliberatua duela esan duzu hasieran.


Ezaguna da Txinako ume bakarraren politikak zer nolako arazoak sortu dituen: gurean ere mutilak neskak baino askoz gehiago dira. Baina azken hiru urteotan uigur emakumeekin trafikatzen hasi dira, 17-25 urte bitarteko 200.000 emakume ezkongabe bidali dituzte ekialdera. Baldintza izugarrietan daude, hiru hilean deus kobratu barik egoten dira eta gero 10-20 euro irabazten dituzte hilean. Etxera itzultzerik ere ez dute, Urumqi hiriburura lau mila kilometro baitaude. Ezagutzen dut itzuli denik eta okerrago izan zen: berriz ere ekialdera joatera behartu zuten hango buruzagiek, eta bidaia berak ordaindu behar izan zuen, neska erabateko esklabotzan murgilduz. Ikasketak egitera badoaz ere, gero ez dute lanik, eta asko lan behartuetan daude. Aitzakia da Xinjiang edo Turkestan ekialdean ez dagoela lanik eta kanpoan aukera gehiago izango dituztela. Ondorioa, bostek bere buruaz beste egin zuten iaz, jakinik ez dutela etxera itzultzerik izango.

Azkenak
Iturengo arotza eta arte birziklatua

Ituren (Nafarroa), 1777. Erramun Joakin Sunbil (1755-1821) arotza Donamariako Joana Mari Ezpondarekin ezkondu zen. Ia 40 urte eman zituzten ezkonduta, Joana Mari 1806an hil zen arte. Eta tarte luze horretan, noizbait, Iturengo arotzak santu baten kobrezko estatua urtu omen zuen... [+]


2025-07-25 | Julen Orbea
Bilbon euskara jira ta Bira

Euskara badago Bilbon, baina non? Eta zertarako? Nork sortzen du euskarazko kultura, eta nork sostengatzen? Galdera horien aurrean, udalaren azken urteetako erabakiei begira, argiago ikusten da euskara eta kultura bizirik nahi ditugunontzat kezkagarriak diren erabakiak hartu... [+]


Honezkero, hemen dago beherakada

Antropologo eta ingeniaria den Yayo Herrerok dioen bezala, datu bat da. Horren jatorria ulertzeko erraza den baieztapen xume batean laburbil daiteke: Lurra agortzen ari da.

Gaia konplexua da. Ikuspegi asko daude, interesak gurutzatzen dira, informazioa desinformazioarekin... [+]


2025-07-25 | Ana Morales
Esan barik ez doalako

Sasijakintsua, jakineza eta franco txikia: horiexek dira aurrekoan Gotzon Lobera jaunak, Bilboko kale batzuen izenak aldatzeko ekimenaren kariaz, Deia egunkarian zuzendu dizkidan epitetoak. Ez du nire izena aipatu, egia, baina neu izan naizenez urte eta erdi luzeko borrokan... [+]


Gizon heterosexualak eta literatura feminista: hausnarketa bat

Hasieratik argi utzi nahiko nuke ez naizela inolaz ere feminismoan, sexu- eta genero-teorietan ezta LGTBIQ+ komunitatearekin lotutako gaietan aditua. Gizon txuri heterosexual bat naiz, ezkertiarra esan dezagun, bere burua feministatzat hartzen duena (edo feministen aliatua,... [+]


Auzolanean ikastola eraiki!

Goizaldeko lehenengo eguzki-izpiekin batera zabaldu ditu ateak Kirikiño Ikastolak. Zapatua da, auzolan eguna. Parte-hartze batzordeko arduradunak irrintzia egin eta lanera bideratu ditu bertaratu diren ehundik gora partaide: “Hemen erronkak denonak dira! Aurrera,... [+]


Amasa-Villabonako EH Bilduri erantzuna

Amasa-Villabonako EH Bilduk argitaratutako idatziaren harira, hainbat adierazpen egin nahiko genituzke. Lehenik eta behin, argi utzi nahi dugu larrialdi klimatikoari aurre egitearen urgentzia ukaezina dela, eta horregatik, krisi honekiko dugun kezkagatik beragatik jartzen dugula... [+]


Irunen eskuin muturreko “auzo patruilak” sortu dituztela salatu dute

Hainbat talde "neonazik" azkenaldian Irunen zabaltzen ari dituzten mezuak salatu dituzte asteazkenean Harrera Sareak eta hainbat kolektibok herrian. Eskuin muturreko "auzo patruilak" antolatzen ari direla salatu dute, eta hauek jendearen jatorriaren arabera... [+]


Udal legearen kontrako epai euskarafoboa
Euskararen aurkako erasoa salatu dute 200 alkate eta udal ordezkarik, eta hizkuntza bultzatzeko konpromisoa berretsi

Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, Espainiako Auzitegi Gorenak joan den astean ebatzitako sententzia salatzeko prentsaurreko bateratua egin dute Bilbon. Sententzia "euskal gizartearen eta euskal erakundeen borondate demokratikoaren aurkako eraso zuzena" dela... [+]


Alonsotegiko Udalari dirua itzultzeko eskatu dio Bizkaiko Aldundiak, iruzurra egin zenetik hamairu urtera

Egun EH Bilduren esku dagoen udalak ia milioi bat euro itzuli beharko lioke foru erakundeari, duela hamairu urte, EAJ agintean zenean, diru-laguntza bat ez zelako behar bezala erabili, baizik eta iruzurra egiteko, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi duenez. Eskaerak erabat... [+]


Ertzaintzaren 300 BMW ibilgailuen erosketan irregulartasun posibleak salatu zituen barne txosten batek

Eusko Jaurlaritzako Ogasuneko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak barne txosten bat egin zuen Ertzaintzak jaso dituen 300 BMWen esleipen kontratuaren hainbat baldintza kritikatzeko. Ezarritako baldintzak zehatzegiak eta murriztaileegiak zirela salatu du ogasunak, eta horrek enpresa... [+]


Txosnetako “beto politikoaren” aurkako GKSren kanpaldiaren kontra oldartu eta lau pertsona atxilotu ditu Poliziak Gasteizen

Bi aste barru hasiko diren hiriko jaietan txosna jartzen utzi ez dietela salatzeko kanpaldia egin nahi zuten Gasteizko GKSk eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, Andre Maria Zuriaren plazan. 20:30ak aldera, ertzainak oldartu egin dira kanpaldian zeudenen aurka, eta bi... [+]


Lotsa sentitzen dut giza generoko kide izateagatik

Milaka pertsonak modu aktiboan parte hartu dute, eta hala jarraitzen dute, XXI. mendeko holokausto telebisatu handienaren aurka protestatzeko, eta pertsona horiei errespetu eta miresmen handiena zor diet. Baina, gizateriaren zoritxarrerako, askoz gehiago dira, egoerarekin... [+]


2025-07-24 | Nicolas Goñi
Europan, oraingo sinplifikazioaren izenean, biharko bizitzak kaltetuko dira

Jarduera ekonomikoak sinplifikatzeko eta lehiakortasuna indartzeko aitzakiarekin, Europa mailan baita Europar Batasuneko hainbat estatutan ere, klima, ingurunea eta giza osasuna kaltetuko dituzten legeak biderkatzen ari dira 2024tik, askotan interes pribatuen lobbyen eraginpean... [+]


Sektore publikoan gurasotasun baimena luzatu eta seme-alaba bakoitzeko diru laguntza handituko duela iragarri du Jaurlaritzak

Eusko Jaurlaritzaren Familia, Haur eta Nerabeen V. plana aurkeztu du Nerea Melgosa sailburuak asteazkenean. Hamazazpi "trakzio-neurri berritzaile" jaso ditu planak, baina ez dute zehaztu noiz jarriko diren indarrean.


Eguneraketa berriak daude