G-20

Mikel Zurbano
Dani Blanco
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Londresko gailurraren ondoren lehen bezain urrun gaude krisiaren irtenbiderako new deal batetik. Bertan ez da munduko ekonomia orden berriturako haberik ipini. Bileraren ondoko mezu triunfalistak zerikusia du igurikapen grisaren ostean ustekabeko neurriak onartzearekin. Baina neurri hauen oinarrian ez da aro berri baterako izpirik ikusten, ez helburu eta estrategia aldaketari dagokionean, ezta ere proposatzen diren tresna eta instituzioen izaeran. Hasteko, krisiaren inguruko diagnostiko bateratu baten gabezia da nabarmena, krisia orokorra eta sistemikoa dena bistakoa den arren ez da hori onartzen.
 
Kontestu horretan neurri partzialak eta zalantzazkoak bideratzen dira, betekizun mailan exijentziarik gabekoak. Finantza Egonkortasunerako Kontseilua eta Nazioarteko Diru Funtsa bezalako erakunde fosilizatuak finantza sistemaren erdian ipintzea bide honen ezintasunaren ispilu baino ez da. Merkataritza babesaren aurkako lerroa ere ez da sinesgarria, noiz eta G-20 taldeko herrialdeek beraiek 47 neurri protekzionista indarrean ipini duten aldian. Paradisu fiskalen zerrenda beltza argitaratzeak ez dirudi oso eraginkorra izango denik zigor neurriak zehaztu gabe, non eta Britainia Handian eta Amerikako Estatu Batuetan (AEB) bertan indarrean daudenak ezabatzen ez diren bitartean. Eta zer esan hedge funtsak arautzeko neurriez eta arriskuen estimaziorako agentziak kontrolatzeaz? Hau guztia nork eta nola egingo duen ez da argitzen. Nolanahi ere, finantza burbuilak desagertzeko bidea serioski urratzeko aukera bakarra aktibo hauek debekatzea litzateke.
 
Funtsean arazoa ez da likidezia edo –nahitaezkoa izan arren– finantza sistemaren erregulazioa, auzia mundu mailan dagoen zor metatu ikaragarria nork ordainduko duen ebaztean datza une honetan. Burbuila neoliberal erraldoia amaitu egin da. Kreditu emaileek –finantza erakunde eta herrialde batzuk– badakite hori eta metatutako zor guztia ezin dela kitatu, baina zorpetuen ekimenak trabatzen dituzte ahal duten heinean, dolarrak egiteko makinari eraginez jarraitzen duen AEBrenak ezik.
 
Orobat, bilera horren bueltan egiazta daitekeen berrikuntza sustantibo bakarra munduko gobernantzarekin dago lotuta, bertako gidari funtzioa G-20 taldeak G-7 ordezkatzearekin alegia. Herrialde emerjente batzuk munduko buru ekonomikoan egotea ez da nolanahiko aldaketa, batez ere AEBetako posizio hegemonikoan duen eraginagatik. Halere, asmo hau urrun dago munduko ekonomiaren gobernantza demokratikoa eta multilateralaren proiektutik. Finean munduko gobernantzaren nolakoak krisiaren zama nork ordainduko duen determinatuko du.

Azkenak
Eguneraketa berriak daude
Bi haur Palestinako banderarekin
Aste honetan zenbaki berezia: Genozidioa gelditzeko, Israeli boikot
Herrien arteko elkartasunari gure aletxoa jarri nahi izan diogu. Euskal Herritik, euskaraz, herrien munduaren alde. Geldigaitza dirudien basakeriaren aurrean, duela bi urte bezala, ahotsa altxatzeko beharra sentitu dugu.