Elena Laiz: “Lortzen duten maila akademikoa beste eskoletakoen berbera da, baina hobeto ikasia”
1958an Bilbon jaioa, irakasle izateko. 31 urte daramatza irakaskuntzan. Lehen urteak eskola oso handietan egin zituen, eta ondoren 24 urtez aritu da Zizurkilgo (Gipuzkoa) eskola txikian. Duela 18 urte egin zuen topo konstruktibismoarekin, eta harrez gero Myriam Nemirovsky-ren beraren eskutik “formazio oso sakona” jaso zuen. Orain hiru urte gaixotasunak haurren artetik atera zuen, baina Eskola Txikien pedagogia lantzen jarraitzen du, irakasleen formazioa bideratzen.
Adin desberdinekoak gelan nahasteak zer ezaugarri dakartza irakasterakoan?
Dudarik gabe adin aniztasuna oso ona da. Jende denak erraz ikusten du txikiek gehiago ikasten dutela handiekin batera, baina handiek ere asko ikasten dute txikiekin. Handiek askotan azaldu behar izaten diete txikiei zer egin duten, eta zerbait azaldu behar duenak beste pauso bat ematen du, beti gehiago ikasten du. Batzuetan txikiekin gauza bat lantzen ari zara, eta gure ustez handiek oso menperatua dute hori jada, baina agian ez, eta oso ongi etortzen zaie berriro entzutea azalpen hori, edo adibideak jartzea... “Kontxo, orain hobeto ulertu dut” esaten dute. Beste estrategia didaktiko bat da “tutorizatua” deitzen duguna: txiki bat handi batekin jarri, binaka, eta zaharra da tutorea eta txikia tutorandoa. Jarduera zehatzak egiten ditugu horrela, adibidez: handiak irakurri behar dio txikiari, txikiak ez badaki irakurtzen. Horrela, handiak prestatu egin behar du testu hori, txikiak ulertu dezan ondo. Hor biak ari dira lantzen irakurketa. Edo txikiak topatzen ditu ulertzen ez dituen hitzak eta handiarekin elkartzean galdetzen dizkio, edo txikiak ekoizten du testua eta handiak transkripzioa egiten dio modu konbentzionalean... Ikasketetan zailtasunak dituzten ikasle handiak oso ondo sentitzen dira egoera horretan: txikiarentzat handi hori delako ikaragarria eta miretsi egiten du.
Adinen arteko errespetua asko lantzen da, batzutan behar hutsagatik. Sarri handiek txikien beharra dute, adibidez jolasteko. Denek dute denen beharra. Txikiek ikusten dute nora jo behar duten, oso motibatuta daude ikusten dutelako zer egiteko gai diren handiak. Baina handiek errespetua zor diete txikiei, eta ikusten dute eurak ere hortik pasa zirela orain dela gutxi.
Nola egiten du lan irakasleak?
Gai edo proiektu bera eramaten dugu aurrera denok. Ume denek bere ardurak eta konpromisoak betetzen dituzte, baina bakoitzaren emaitza edo erantzuna desberdina da, bakoitzaren garapenaren arabera. Hasieran irakasleei kosta egiten zaigu, hala erakutsi digutelako, testu liburuak eta material didaktikoak mailaka daudelako antolatuta. Material horiekin lan egitea zaila da adin desberdineko ikasleekin. Baina beste era batera lan eginez gero, oso aberatsa da. Ikasleei aldiz, ez zaie batere kostatzen: herrian, familian... adin desberdineko jendea ibiltzen gara elkarrekin, leku guztietan. Eskolan bakarrik bereizten dira pertsonak adinaren arabera. Oso antinaturala da berez, eskola adinka antolatzea.
Maila akademiko ona lortzen dute?
Lortzen duten maila akademikoa beste eskoletakoen berbera da, baina niretzat hobeto ikasia. Ikastearekin egiten den binkuloa, atxekimendua, oso desberdina baita. Irakurtzen ikasi ondoren, zer diozu? Irakurketari gorrotoa, irakurzalea zara, menperatzen duzu irakurketa egoera desberdinetan? Atxekimendua gainerako hori dena da. Eskola txikiak errazten du atxekimendu afektiboa: gutxi dira, oso ondo ezagutzen ditugu, denbora hartu dezakegu patxada gehiagorekin lantzeko gauzak, lasaitasun gehiago lortu genezake.
Sozializazioa da beste kezka bat, harreman sarea txikiegia ote den.
Nik lehen urteak eskola handietan egin nituen, eta askotan ikusten zenituen umeak bakar-bakarrik patioan edo binaka edo hirunaka, zortzirehun umeren artean. Ez pentsa zortzirehunak elkarrekin ibiltzen direnik.
11-12 urterekin iruditzen zait behar dutela esparru handiago bat, baina gauza guztietan: lagunarte handiagoa (nahiz eta lagun minak gutxi izango diren), ikusi behar dituzte saltsa gehiago, arazo gehiago... DBH egitera eskola handira doazenean beste mundu bat deskubritzen dute, eta horrek ere bere xarma badu. Baina 11-12 urtera arte oso ondo daude eskola txikietan, oso goxo. Jasotzen duten lasaitasuna, arreta indibiduala, maitasuna... oso ona da. Bere inguruak hasieran babesa ematen die, eta txikitan hori behar da, hasierako babesak eta ziurtasunak ume seguruagoak egiten ditu. Handiagoak direnean, babes hori hartua dute, nahiko prestatuta daude kanpora ateratzeko.
Munduan zer erreferentzia daude?
Espainiako Estatuan “
escuela rural” deitutako asko daude, Katalunian mugimendu handia dago, Aragoin eta Galizian ere bai... Finlandiako hezkuntzaren emaitza onak atera zirenean, deskubritu genuen eskola gehienetan adin desberdineko haurrak nahasten dituztela gelan, eskola txikiak direla, herritik gertu daudenak. Ez dira makroeskolak.
Pedagogikoki oso garatuta zaudete, baina eskola publikoa denez, irakasleen joan-etorria ikaragarria da.
Hori da dugun arazo handietako bat. Bertan gelditzen diren irakasleentzat ere gogorra da urtero azaldu beharra nola lan egiten dugun, zergatik, zer onura dituen... Batzutan jendea etortzen da ezagutu gabe zer den eskola txiki bat, eta jartzen direnerako... Iaztik, irailean datozen irakasle berriekin saioak egiten ditugu, bereziak eurentzat. Oso tinko jartzen ditugu gure oinarriak, eta zama hori arintzen zaie eskolako irakasle finkoei. Berehala eskolako dinamikan sartzen dira, eta ikasturtean zehar fomaziorako mintegi eta bilerak egiten ditugu irakasle denekin, bai finko eta bai berriekin. Borondatezkoa da mintegi hauetan parte hartzea, baina ia denek hartzen dute parte: umeekin lan nola egin bideratzen dugu, unitate didaktikoak prestatzen ditugu, teorian sakondu, esperientzia trukatzen dugu... Eta garrantzitsuena dena, ikasleekin praktikan jartzen dute landutakoa. Ikasleengana iristen ez bada lan hori, nire lana alferrikakoa litzateke.