Antton Olariaga

«Mundu digitalak ere egurra behar du»

  • Otu al zaizue sekula pelikula bat gidoia irakurri ahala ikustea? Anttoni bai. Besteen tranpatxoak aztertzen ibiltzen denari, ordea, nola azalarazi bereak? Binetak aterako ez dizkigulakoan…
Sustrai Colina
2009ko maiatzaren 03a
Antton Olariaga
Dani Blanco

Artea eta sormena letretako ikasketei suposatzen zaizkie ia beti. Zu Fisikan matrikulatu zinen…


Bote-prontoan eta hausnartu gabe egindako suposizioa iruditzen zait. Azazkalarekin azaleko pintura kendu eta ohartzen gara ikasketa zientifikoek beti izan dutela marrazkiaren beharra ondorioak azaldu eta adierazteko. Alderantziz, artearen gogoeta sakonenetan beti egon da zientzia presente, aurrera egiteko logikak eta irizpideak markatzerako orduan. Suposatzen da artista intuitiboagoa dela, emozionalagoa, baina horrek ez du zientziari zor zaion hausnarketa puntua ukatzen. Hori hala, unibertsitateak kuriositatearen, metodologiaren, eta errealitateak egiaztatu eta gezurtatzeko sistemen haziak erein behar ditu. Umorea egiteko ezinbestekoa da hori. Nola aterako diogu etekina gure berezko tresneriari ez badaukagu teknika minimorik?
 

Unibertsitateak gizartea sailkatu eta lerrokatzeko teknikak ematen ditu, alta. Zuk non kokatzen duzu zure burua?


Sailkatzeak etiketatzea dakar, eta zerbait gorroto badut munduan, etiketak dira. Onartzen dut iruzurrik gabeko etiketatzeak egosten ari denari buruzko informazioa eman dezakeela, baina bestela ez dit pito graziarik egiten. Etiketek ezusteak eta atzera bueltatzeko bideak deuseztatzen dituzten heinean kondenatzen dute plazera. Hain daukagu dena sailkatuta daramagun bizimodua eramateko txerto bat sartu digutela dirudiela. Beldur handiena horren azpian dagoen kontrol-nahiak ematen dit, ordea. Ezer etiketatzen den unetik kontrolpean dago. Baina zergatik? Zertarako? Nork kontrolatzen du? Beste gauza bat da, ibilbide batean zehar egindako aukerek eta erabilitako lan-moldeek zure ADN artistikoa harilkatzeko modua eskaintzea. Baina utikan etiketak!
 

Zein da zure ADN artistikoa?


Ez zait pitorik gustatzen atzera begiratzea. Sortzaileak taxuz eta gustuz lan egitekotan horizontea aurrean behar du. Badaki horizonteak 360° dituela, buruari bueltak ematen dizkio, kontziente da aurrera egiten badu atzekoari esker dela. Hori esanda, ez diot zentzurik ikusten ibilbideez mintzatzeari ez bada akatsak zuzendu eta norabide berriei buruzko pistak hartzeko. Denok dakigu ibilbide bat dugula atzean, baina nola begiratu behar diogu distantziarik gabe? Nola egin auto-engainuan ez bizitzeko? Nik begirada konpartituetan sinesten dut, baina lantegi nekeza da, sortzaileak ezin duelako egiten duena zehazki bizi duen moduan komunikatu. Asko jota, pistak emango dizkizu.
 

Emazkidazu pistak, Zakilixutekin egiten duzuna kazetaritza da?


Egunkari baterako eta egunkari batean sortu nuen pertsonaia. Darwin zuzen bazebilen, bere burua gainditu eta biziraun ahal izateko, kazetaritzari lotuko zitzaion eta medio horretan defendatzen ikasiko zuen. Tarteka alde egiten duela? Heterodoxia hori zilegi zaiola uste dut, albiste eta gaurkotasunetik at dauden eta kazetarienak ez diren kontu batzuk aipatu ditzake. Dena dela, Zakilixut egunkari batean bizi da, eta medioak agintzen du.
 

Teletipoen kazetaritza kamutsa ari da gailentzen erredakzioetan.


Teknologiak informazioa eskuratzeko ahalmenak biderkatu ditu, baina ez dakit hori guztia prozesatzeko gai garen. Berri agentziek sortzen eta kudeatzen dituzten klixeak dependentzia estandar izugarria hedatu du. Lan grafikoan ari denaren obligazioa da kontra-puntua topatzea, ez baitezpada originaltasuna bilatuz, baina bai zerbait ezberdina esateko bidea eginez. Zakilixutek mundu guztiak ikusten dituen bezala ikusten ditu gauzak. Ideia potolo eta orokorrak zabaltzetik sermoia botatzera marra fin-fina dago, ordea, eta ez badituzu zure gauzak, zure erara, eta zure kontraesanekin azaltzen, alferrik ari zara.
 

Nola egiten zaio gaurkotasuneko albisteen zurrunbiloari ihes?


Zurrunbilo hori kontradikziozko paisaia bat baino ez da. Atzo lehen orrian sei zutabetara zetorren notizia gaur ez da agertu ere egingo. Ez dago jarraipenik. Zergatik? Albiste bakoitza iragarki kanpaina bat da? Nik ez nuke esango zurrunbiloari ihes egiten diodanik. Koadrotik kanpo dagoena erakusteko derrigorrezkoa zait koadro barrukoaren presentzia. Horregatik, zurrunbiloari ez, zurrunbiloaren morrontzari egin behar zaio ihes, etengabe kontra-puntua bilatuz.
 

Mundu digitala omen paperaren kontra-puntua. Nola daramazu bi euskarrien elkarbizitza aro hau?


Gu paperaren tradiziokoak gara. Letren MP3a aspaldi asmatu zen liburuarekin. Sekulako luxua iruditzen zait liburu bat mendi puntan, autobusean, edo etxeko sofan whisky bat edanez gozatu ahal izatea. Hori hala, beste euskarri batzuk garatzen eta gailentzen ari direla ukaezina da. Ondorioz, beste jite bateko albisteak aterako dira, beste era batera sailkatuko da informazioa, eta sortu ere, hori dena kontuan hartuz sortu beharko da. Etengabe zer gerta egon beharreko garai apasionantea egokitu zaigu. Izan ere, berrikuntza hauen aurrean zintzotasun, zorroztasun eta profesionaltasun handiz jokatu behar dugu, ez utzikeriaz, nobedadeak dena onargarri bihurtzen duela pentsatuz. Gerora eraginkorra izango bada mundu digitalak ere egurra behar du, berrikuntzak berrikuntza, euskarri guztiek ganbara ondo jantzita edukitzea eskatzen baitute.
 

Artistaren prestakuntzan behar beste lantzen ahal dira ganbara janzteko pistak?


Hori kontra-heziketaren lana da. Heziketak, kritiko izan eta egoera berrietara ohitzeko baliabideak eman beharrean, guztiak berdin jarraitzeko armak ematen dizkigu. Berez ez dago ganbara janzteko formularik, baina bai arlo zientifikoan, bai sorkuntzan, kuriositatea giltzarria iruditzen zait. Hori etengabe elikatu beharra dago, eta galtzerakoan, landarea ihartu egiten da. Sorkuntza librea, askatasuna, oso kontzeptu politak dira, baina ez dizute folio zuriaren aurrean zer egin erakusten. Horretan sinesten duenak, edo engainatuta bizi da, edo alderantziz irakurri du liburua. Kuriositateak emango dizkizu pistak, eta kuriositateari lagundu behar zaio.
 

Zer esan nahi duzu, sorkuntza libreak norbere burua ondo hesitua ukaitea eskatzen duela?


Libre hitza etiketa besterik ez da. Zer da marrazten duguna? Irentsi dugunaren sintesia. Sekulako konpota daukagu ganbaran, eta konpota zenbat eta aberatsagoa izan, orduan eta askeagoa zara lanerako orduan. Zientzialari batentzat denon bistan zegoena desberdin lotzean datza aurkikuntza. Ba horixe da artea. Askok ezkortasuna leporatuko didate, baina ikuspegi operatiboa baino ez da. Ezuste txiki horiek poz handiak dira niretzat.
 

Mintza gaitezen ikuspegi operatiboaz. Zenbat aldatzen da marrazkia burutik papererako bidean?


Ofizioak geroz eta estuago egiten du bide hori. Teknika ez ezagutzeak asmo aberats eta ugarietara zaramatza, baina arazo teknikoen jabe izateak hankak lurrean jartzen dizkizu. Ofizioak zorrotzago bihurtzen zaitu, zure gauzak sintetizatzera behartzen, baina horrek arrisku handi bat dauka: hermetiko bihurtzea. Marrazki bat paperean gauzatu aurretik buelta asko ematen ditu buruan, eta epea gainera datorrenean ez bazaizu ateratzen, baztertu eta kito. Zure porrota onartzen jakin behar duzu, ofizio barruko araua da. Hori gertatzen zaidanetan, ez nuela aski informazio pentsatzen dut, edo besterik gabe, egun motela nuela. Porrot hori gainditzeko modua zein den? Hurrengoan marrazki hobea egitea. Esperientziak asko laburtzen dizu burutik papererako bidea, baina profesionala bazara, eta zorrotz bezain duin jokatu nahi baduzu, badakizu zenbateraino luzatu behar duzun buelta. Horregatik ez zait gustatzen atzera begiratzea. Biharkoa beti da berria.
 

Berriaz gain, originala beharko du, kopia kondenatu dugunetik.


Arte munduko iraultzen ondorioz, originaltasuna errekonozimendua eta prestigioa ematen duen sari bihurtu da. Originala ez dena anonimoa da, masaren puntu ñimiño bat baino ez. Horrela gabiltza denok nabarmentzeko zeinek gauza arraroagoak egingo. Horrek ez garamatza inora. Noiz konturatuko gara iturgin edo zurgin on bat zer den? Inolako originaltasunik gabe txukun eta taxuz lan egiten duena, eraginkorra. Horrek ez du esan nahi jenioei ateak itxi behar zaizkienik, baina gainontzekoei... Nire ustez kopia ona den bitartean, ez da ehuneko ehunean kopia izango, egilearen eskua antzemango da, eta ñabardura horiei geroz eta estima handiagoa diet.
 

Irudiaren gizartean bizi garen arren, ba al dakigu irudien ñabardurak irakurtzen?


Alfabetatze bisualean sekulako gabeziak dauzkagu. Hitzaren laguntzarik gabe irudia irakurtzea oso zaila egiten zaigu. Seinaletikarena irentsiago daukagu, eta askotan, ikono guztiak seinaletzat hartzen ditugu, sinplifikazio handiegiz. Irakurketa aberatsak egitea nekeza da, alfabetatzea eskatzen du, pixkanaka saiatzea. Gizartea artearen itsasoan erabat murgilduko bada, gozatuz irakurri eta irakurriz gozatu beharko du, bestela... Guk ez bezala, publizitateak asko landu duen arlo bat da, eta ezin hobeto daki gure inkontzienteak nola interpretatzen dituen irudi jakin batzuk. Mundua irudiarena izango da, baina irudiarena mundu bat da.
 

Eskolan denok ikasten dugu idazten baina gehienak ateratzen gara marrazten jakin gabe.


Tira, ez dugu idazten ikasten, letrak egiten baizik. Idazten jakingo bagenu gaitz-erdi. Eskolentzat komunikazioa ez dela existitzen ematen du. Nahi dudana nola esan ahoz, idatziz eta irudiz. Ez dago besterik. Sistema horretan zentratzen ez den bitartean alferrik da. Esaterako, benetako ahozko azterketa baterako prestatuz, gerora eraginkorra izateko teknika mordoa ikas liteke, baina... Hitzak moldatzen irakasten ez bada, irudiekin hastea gehiegi eskatzea izango da, ezta?
 

Artista bati beste diziplinetako artistekin nahastea gehiegi eskatzea da?


Gaur egun proiektu bat aurrera ateratzeko, ezer baino lehen, baliabide ekonomikoei erreparatzen zaie. Proiektua produktu bihurtzeko salgarria izan behar da. Horrek izugarri baldintzatzen du dena, eta ez krisi garaian gaudelako, berez. Ez dut uste idea edo ekimen falta denik. Telebistak izango luke horrelako gauzak bultzatzeko aukera, baina tira, horrek telebista programa interesgarrien faktoria izatea suposatuko luke, eta hori beste gauza bat da.
 

Kontziente zinen horretaz euskaraz marrazkigintzatik bizitzea ezinezkoa zela esaten zizutenean?


Bai zera, merkatua, produktua, parametro ekonomikoak, hitz horiek oso berriak dira, gure hiztegietan ez ziren existitzen. Oso bestelako giroa zen. Nahiko erraz alda zitekeen ofizioz, fluktuazio handiko sasoiak ziren. Egunerokoarekin aski genuen orduan, eta konfiantza inozo horrekin egiten genuen aurrera. Garbi neukan nire gogoa marrazkigintzara dedikatzea zela, euskarak eta sormenak izan behar zutela nire lanbidearen oinarri. Sumatzen nuen asko neukala ikasi eta esploratzeko bi arlo horietan, eta aurrera begiratzean, abentura handi bat ikusten nuen. Ez dakit zehazki zein ziren gure lan-baldintzak, baina badakit oso berandu heldu zitzaizkigula kontratuak. Jabego intelektuala herenegungo kontua da guretzat.
Nortasun Agiria
1946an sortu zen Usurbilen. Fisikako ikasketak hasi, eta Arte Ederretan lizentziaturik bukatu zuen, horrek marrazkia ofizio bihurtzera eraman zuelarik. Euskal prentsako ohiko kolaboratzaile, liburu-azal anitzen egile, sari zenbaiten irabazle, Zakilixuten eguneroko agerraldiengatik ezagutzen dute gehienek.
Konpartitu
“Plazer handienetakoa da, artista batekin egon, zuzenean bere lana nola ikusten duen jasotzea. Hori bai, lanak oraintsu egindakoa behar du, bere memoria nirea bezain traidorea izango da-eta”.
Olariaga da Zakilixut?
“Aspalditik dakigu Johny Weissmuller ez dela Tarzan eta fikzioaren arauekin jokatu behar dela. Pertsonaia bat eraikitzen duzun momentutik autonomia minimo bat hartu behar du, baina jakina, nire galdera asko berari pasatzen dizkiot. Trukua ematen du baina ez da”.
Despedida
“Uzteko edo segitzeko arrazoi asko daude: emozionalak, egunerokoak, artistikoak... Askotan, tranpa ere bada, uzteak berriz hastea baitakar. Seigarren despedidan ‘adio’, zazpigarrenean ‘adio betirako’, zortzigarrenean ‘adio beti-betirako’....”.
AZKEN HITZA
Borobila
“Binetak borobila behar du, ez ezer falta, ez ezer sobera. Baina zirkulu hori itxi ezean espiral bihurtzen da, geroz eta espiral zabalagoa, eta zirkulura itzultzea izugarri kostatzen da. Pentsa, batzuetan ez dago modurik, baina borroka hori gabe aspergarria eta kamutsa litzateke guztia”.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
Nafarroa Oinez: 'Bizi' goiburuarekin, euskararen festara gonbitea

Igandean Altsasun izanen da Nafarroa Oinez festa handia. Lau kilometro eta erdiko ibilbidea eta lau gune izanen dira igandeko jai handi horretan: Bizi, Kanta, Txio eta Dantza.


2018-10-18 | ARGIA
Presoen auzia konpontzea, egiteke geratu diren lanen artean

Harremanetarako Nazioarteko Taldeak bukatutzat eman du Euskal Herrian zuen egitekoa. Brian Currin abokatuak asteazkenean emandako prentsaurrekoan adierazi du badirela gai batzuk konpontzeke geratu direnak, nabarmenduz "preso politikoen auzia".


2018-10-17 | Gorka Peagarikano
Gutxiengoa dira immigrazioa arazotzat duten EAEko herritarrak

2015ean hasitako joerari jarraiki, immigrazioari buruzko iritzi eta jarrera positiboak sendotu egin dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gizartean. Hala berretsi du Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak aurkeztu duen 2018ko Barometroak.


Osasunbideari ere errieta, euskara egoki ez baloratzeagatiik

Osasunbideko deialdietan, lehiaketaldian 40 puntutik euskarak 4’29 puntu eman beharko lituzke eremu euskaldunean, eta 2’73 puntu eremu mistoan. Baina euskararik jakin gabe ere 39 puntu lortu daitezke, beste merezimendu batzuekin. Beraz, praktikan, ez da betetzen euskarari buruzko foru dekretu berriak dioena.


2018-10-17 | ESK sindikatua
Pobrezia eta gizarte-bazterketaren kontrako 51.000 sinadura

Euskal Herriko Eskubde Sozialen Kartak pobrezia eta gizarte-bazterketaren kontrako herri-ekimen legegilea butzatzeko beharrezkoak diren sinadurak entregatu ditu.


Bardean benetako bonbekin maniobra militarrak eginen dituzte asteazken honetatik aurrera

Urriaren 17tik 19ra eginen ditu Espainiako Armadak maniobrak, beste behin. Tiro Poligonoaren Aurkako Taldeak salatu du "Parke Naturalean gailentzen dela maniobra horiek egiteagatik Armadak ordaintzen duen kanona segurtasuna eta ingurumenaren gainetik".


2018-10-17 | ARGIA
Pinuen gaitzari aurre egiteko oxido kuprosoa erabiltzea oso toxikoa dela salatu dute

Pinuen gaitzari aurre egiteko Jaurlaritzak eta EAEko hiru foru aldundiek aurkeztu duten plana gogor kritikatu du Naturkon kolektiboak, besteak beste gaitzari aurre egiteko erakundeek proposatu duten oxido kuprosoa toxikoa baita: “Azalduko al digute gure ordezkariek nola pentsatu duten ziurtatzea gure ibaiak edo edaten dugun ura ez direla pozoituko gure mendietako 124.000 hektarea fumigatzen badira?”.


2018-10-17 | Iigo Igartua
Manifestazio nazionala deitu dute urriaren 27an Nafarroako gaztetxeen alde indarrak biltzeko

Maravillas, Errotxapea eta Lizarrako gaztetxeen aurkako prozesu judizialak irekita daude eta epe motzean kaleratuak izateko arriskuan daudela ohartarazi dute manifestazioa deitu dutenek.


2018-10-17 | ARGIA
Karlos Apeztegia kartzelaratzeko agindu du Espainiako Auzitegi Nazionalak

Etxerat euskal presoen senide eta lagunen elkarteak Hernanin duen bulegoan egiten du lan Karlos Apeztegiak. Asteartean bertatik atera zenean atxilotu zuen Guardia Zibilak eta asteazken goizean, espetxeratzeko agindua eman du Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, "erakunde terroristako kide" izatea leporatuta.


2018-10-17 | ARGIA
Irueko sutea indarkeria matxista kasu bat izan daiteke

Hipotesi hori darabil gertakaria ikertzen diharduen Espainiako Poliziak. Hala bada, ikerketa bere gain hartu zuen instrukzio epaileak Emakumeen aurkako indarkeriaren arloko epaitegira bideratuko du kasua.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude