Peio Etxeberri-Aintziart: "Europako bozetarako gure mezua: Lisboako Ituna ez"

  • Baiona, 1973. Jatorriz baigorriarra izan arren, Donibane Lohizunekoa da, donibandar peto-petoa. ABko bozeramalea. Ekainaren 7an izanen diren Europako hauteskundeez hasi gara eleketan eta polo subiranozaleaz amaitu. Patxi Lopez lehendakarigaia ere hizpide izan dugu.
Peio Etxeberri-Aintziart
Peio Etxeberri-AintziartGaizka Iroz
Gerard Onesta euskaldunon eskubideen alde aritu da Europako parlamentuan, Berdeen eta Plataforma Régions eta Peuples Solidaires-en izenean. Abertzaleen Batasunak (AB), Okzitaniako Partit Occitan-ek, Bretainiako UDBk, Korsikako PNCk eta Ipar Kataluniako ERCk sostengatua, besteak beste.


Zer bilana egin duzue Gerard Onestaren lanaz?


Biziki ona. Onestak gure eskaera asko serioski defendatu ditu Estrasburgon. Euskal Herriko zazpi lurraldeak hauteskunde barruti bakarrean izatea, Iparralderako instituzioa, eta Europan eta Frantzian euskararen koofizialtasuna eskatu du irmoki –2005az gero, euskara hizkuntza ofiziala da europar instituzioetan–. Espainiako Alderdien Legearen aurka mozioa aurkeztu zuen. Euskal gatazka konpontzeko Friendship taldean aritu da, prozesua laguntzeko mozio bat bozkaraziz. ETAk hankaz gora ezarri zuena Madrilgo T-4ko atentatuarekin. Gure izaera eta aldarrikapen politikoen ordezkari bikaina izan da.


Batasunak aldiz, Herritarren Zerrenda (HZ) hautagaitza babestu zuen duela bost urte. Berriz ere hala izanen dela ematen du.


Alabaina, Brusela eta Estrasburgoko parlamentuek Batasuneko ordezkariak baztertu zituztenean Gerard Onestak harrera egin zien eta beren legez kanporatzea salatu zuen. Alta, HZk lehenago Onesta gogorki kritikatu zuen. Dena den, guk ez dugu HZren hautu sinbolikoa egin nahi, Europan molde eraginkorrean ordezkatuak izan nahi dugu.

Erran nahi baita...


Hau da, nola eragin dezakegu Europan Ipar Euskal Herria hauteskunde-barruti alimale batean egonda? Europako eraikuntza biziki inportantea da alderdi abertzaleentzat, ez bagara herrien Europako eskeman uztartzen ezin dugu euskal nortasuna agertu. Gu estatu-nazio ereduaren kontra gaude, Europa Federala nahi dugu. Nazioak hain nahaspilatuak izaki, Euskal Herria horren lekuko, beste Europa mota bat bilatzen dugu, herrien burujabetza eta haien arteko berdintasuna bermatuko dituena.

Onesta ez da berriz aurkeztuko. José Bové da zuen hautagai berria. Noren sostenguarekin?


ABk Berdeen zerrenda sostengatzen duela diote batzuek, eta ez da egia. Guk berdeak, altermundialistak, independenteak eta gizarte zibileko elkarte anitz biltzen dituen koalizioa sostengatzen dugu, gure hauteskunde barrutian José Bové da zerrendaburu. EAk ere José Bovéren hautua egin du, EHBai koalizioaren bi herenak bide horretan ari gara. Batasunak HZ zerrenda berritu nahi du eta atea hetsia da. EAJren hautua ez dugu ezagutzen oraino.

Zer eskaini dezake José Bovék?


Filosofia altermundialista, hasteko. Onestak dosierrak lantzeko dohain paregabea erakutsi du, eta Bové kemen handiko militantea da, OGMren (Genetikoki Eraldatutako Landarea) borrokan erakutsi bezala. Bovék munduko borroken aldarrikapenak sostengatzen ditu, komunikatzeko gaitasun izugarria du, euskaldunok Europan zabaldu behar dugun mezuaren bozgorailu hoberena da. Euskal Herriarekiko hurbil da, Laborantza Ganbara sostengatu du, Demoak ere bai. Autodeterminazioaren eta euskararen eskubideak oso ongi ulertzen ditu.

Zein da bere programaren ardatza?


José Bové Lisboako Itunaren aurka dago. Hori da gure ardatza. Onesta europar itun konstituzionalaren puntu askoren kontra agertu zen, baina alternatibarik ez zegoenez, Itunaren alde bozkatu zuen. Ituna aldatzeko proposamen asko egin zuen alta. Bovék Ituna aldatzeko kanpaina eginen du, eztabaida hori funtsezkoa izanen da datozen bost urteetan. Gure mezua “Lisboako Ituna ez!” da.


Frantziako Gobernuak Pays izendapena ezaba lezake Balladur txostena medio. Nola bizi du egoera ABk?


Alain Marleix (Lurralde kolektibitateendako Estatuko idazkaria; Balladur txostenaren egilea) Euskal Herrira heldu zen iaz eta ABko hautetsiek eskaera egin genion: Ipar Euskal Herriak berezko instituzioa izatea. Halaber, kantonamenduen mapa aldatzea eskatu genion. Pasqua ministroak bere interes politikoen arabera kantonamenduen mapa aldatu baitzuen 1987an, Pays sortu aitzin, eta guk maila ezberdineko eskaerak gehitu genizkion berezko instituzioarenaren inguruan.


Zer espero duzue Balladur txostenetik?


Batetik, irudiz, Frantziako deszentralizazio sistema berria plantan jarri nahi dute. Alabaina, herri elkargoetan oposizioak ez du tokirik eta aldaketa hori ezin da erabaki hemen, estatu mailan baizik. Bestetik, Euskal Herrian itsuki ari gara denok, mezu abertzalean nahasketa izugarria dago. Batzuk autonomiaz ari dira, bestetzuk departamenduaz, baina inork ez daki joko arauak zein izanen diren. Beraz biziki zaila da estrategia zehatz bat ezartzea zerbaiten erdiesteko, baina, dudarik gabe, mobilizatzeko beharra funtsezkoa da.

Zer proposatzen duzue zuek artean?


Erronka handia da, baina ez dakigu zer aterako den txostenetik. Iparraldean berezko instituzioaren eskaera atxiki behar dugu. Txostena publikoa eginen denerako abertzaleok argitu behar dugu zuzen zer nahi dugun estrategia komuna lantzeko. Momentuz, Balladur txostena bozkatu arte, funtsezkoa da mezuak ez nahastea.


Herri kontsulta aipatu duzu. Zertan da Batera plataformaren ekimena?


Ez dagokit Bateraz mintzatzea, baina ABko kide gisa hauxe erran dezaket: Balladur txostenak dioenez “egitura berriak plantan jarriko dira herriko kontsulten bitartez”. Esaterako, Picardie Erregioan hasi dira galdatzen eta Mayotte Uhartean berezko Departamendua erdietsi dute. Orain hipokrita litzateke Frantziako Estatuak erratea, ez duela herri kontsultak balio, Mayotteko herritarrek departamendua nahi zuten edo ez erabaki dutenean. Alde horretatik, Bateraren kanpaina biziki esanguratsua da, jendarteak kontsulta nahi duela frogatu dugu. Ipar Euskal Herriko bozemaleen %14k kontsultaren aldeko eskaera sinatu du, Estatuak ukatu ezin duen seinalea. Euskal Herriko Laborantza Ganbararen (EHLG) aldeko azken epaia oso adierazgarria da zentzu horretan.


Baionako Auzitegiak EHLG absolbitu du-eta.


Baiki. EHLGren onespena Bateraren pragmatismo politikoaren seinalea da. EHLG bere baliabideekin abiatu zen, ukazioa kontuan hartu gabe, joko politiko indartsua plazaratu du, bere izaera auzitara eramateraino. Estatuak EHLG ukatu nahi du, baina herritarrek fermuki sostengatzen dute, puntako ekimena bilakatu da eta azken auzia irabazi du. Asmoa bortizkeriarik gabe eta molde bateratzailean herria eraikitzea da, eta Iparraldeko dinamika hori eredugarria izan daiteke. Euskal Herri osoan praktikatu beharko genuke.


Patxi Lopez lehendakari berria izanen da. Nola ikusten duzue Hegoaldeko politika ABtik, EAEko bozen ondoren?


Lehenik: Hegoaldeko jendartearen joera politiko bat legez kanpo dagoela, eta horrela ezin dela Europa demokratikoa eraiki. Herritar multzo zabal batek boto baliogabea eman behar izatea biziki larria da. Horrez gain, dagoen errepresio egoera gogor salatzen dugu. Bigarrenik: bi estrategien porrota ikusi dugu. Batetik, EAJrena. EAJ botereari sobera atxikia eta subiranozale izatearekin jostatu da. Ezin da jostatu Ibarretxek egin duen bezala, Estatuari desafioa bota, jakinik, gisa guztiz, gibelera eginen duela. Jendarteak arazo politikoari erantzunen dion estrategia politiko sendoa nahi du. Bestetik, ezker abertzale ofizialaren porrota dago. 100.000 boz eskuratu du. Egia da, egoera larrian boto baliogabe hori seinale azkarra da, baina jendeak estrategia politiko-militarrak ez duela deus gehiago ekartzen adierazi du.

Hirugarrenik: Patxi Lopez lehendakaria. Hegoaldearendako ondorioak aipatu gabe, Iparraldean izugarriak izanen dira. Nahi dena erranik ere, EAJ boterean egonik EITB bermatua izan da. Iparraldeko hainbat erakundeekin lankidetza landu da, eta diru laguntzak ukan. Ez dugu uste hori posible izanen dela Lopez lehendakaria izanik, are gutxiago PP gibelean duela. Azkenik, EAren porrot tamalgarria eta Aralarren emaitza onak nabarmendu ditugu. Aralarrena Hegoaldean garatu eta ikusi nahi dugun bide politikoa da.


Polo subiranozaleaz hasi da hitz egiten berriz ere.


Guk polo subiranista eratzea beharrezko ikusten dugu, baina eraginkorra izateko hainbat pauso asumitu behar dira lehenik: hasteko, ildo ezberdinez osatua izatea. Ametsa da denok bide bakarretik joan gaitezkeela pentsatzea. Orain arte, polo subiranistan bi joera nagusitu dira, ezker abertzalarena –Batasunak gidaturik– eta EAJrena. Lehia izugarria izan da zerbait egonkor eratzeko, Lizarra-Garaziko Akordioa ikusi besterik ez dago. Polo subiranista eraikitzeko, lehenik ezker abertzalearen birfundazioa behar da. Pausoa ezkerretik eman behar da, printzipioak argituz eta lidergo inposaketarik gabe. Ezker abertzalean estrategia diferenteak ageri dira orain, horien artean elkarlana sustatu behar dugu, baina horretarako lehenik ondokoen ideiak errespetu behar dira.


ETA indarrean dela posible al da hori?


Arestian errana lehenengo etapa litzateke. Ezker abertzale berrituak motorea izan behar luke, EAJtik ez baita indar hori etorriko. Ezker abertzalearen mezua argia eta azkarra izateko barne funtzionamenduak ona behar du, argi da ETAren borroka armatua soberan dela eta oztopo bihurtu dela.

ETAren behin betiko suetenak baino ez duela balio diote batzuek?


Bai, nik ere hori asumitzen dut. Su-etenak behin betiko izan behar du. Eta hori lortuko delarik, araiz, espero dut, eskuinak, EAJk, bere mezu subiranista argitzea. Lizarra-Garaziko Akordioaren filosofiara itzultzeko. Hori da bidea.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude