«Inork ez dit abertzaletasun ikasgairik eman behar»

  • Lehenengo Eusko Jaurlaritzako lehendakariordearen semea. Pariseko erbestean sortua. 1977tik hona Cambio 16 aldizkariaren ibiliari loturik ageri da haren izena. 2001ean, ETAren atentatua jaso eta nahi ez zuen protagonismoa bereganatu zuen kazetariak.
Gorka Landaburu
Dani Blanco

Euskal Herriaz aseta omen zaude…


Bai, aspaldiko kontua da. Urte asko daramatzagu saltsa honetan. Soluzioak izango dira, goiz ala berant, baina bada zer edo zertarako garaia. Urte asko dira. Gainera, konponbidea ez zait zaila iruditzen…
 

Bete-betean harrapatu zaitu saltsa honek, eta erdian. Alde batekoen eta bestekoen kritika jaso duzu…


Bai hemen eta bai Ebrotik behera ere! Stockholmeko sindromeak jota nagoela ere esan izan didate! Eskerrak maskorra ondo gogortua dugun. Baina etsigarria da, herri honek herri izateko behar diren osagai guztiak ditu, dena eskura… eta ados ezin jartzea ere! Bitartean, urteak joan, urteak etorri, eta biolentziaren arazoa konpondu gabe, bata bestearekin haserre… Aspergarria da, nekagarria! Eta familian bertan ere haserre. Zarautzen bertan ikusi dut, EAJ eta EAkoen artean. Guztietan gertatu da zer edo zer.
 

Euskal Herriaz aseta zaude, baina arnasa hartzeko moduan, hauteskundeak irabazi gabe ere gobernua zuzenduko du eta PSOEk.


Nik uste demokrazian aldaketak onuragarri direla. Ez dakit zer etorriko den, baina beti izan naiz oso zeharkakoa, guztiekin hitz egitearen aldekoa, denekin lan egitekoa, ez batzuk besteen kontra. Aldaketa, nire ustez, positiboa da: leihoak ireki, gela egurastu… ona da. Ona, baita EAJrentzat ere, doala oposiziora, ikusi dezala zer den. EAJ ez da horregatik desagertuko. Beste batzuk, bai, baina EAJ ez. Egoera konplikatu egin da, zeharkakotasuna behar da, eta ez nazionalisten eta ez nazionalisten artean bakarrik. Are gehiago, nik, aurrerakoien eta atzerakoien artean egiten dut banaketa: askatasun handiago, aurrerapena, egoerak aldatzea nahi dutenak, batetik, eta gauzak bere horretan nahi dituztenak, berriz, bestetik. Bada, herri honetan ez, hemen nazionalistak ez-nazionalisten kontra! Esan dizut, ez zait gustatzen. Gogoratzen naiz, Parisen, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan, gure aita, Irujo, Agirre, Lasa, komunistak… hantxe denak, batera. Etorri zen demokrazia, eta denak egurrean!
 

Zuen aita, Frantzisko Xabier Landaburu, PNVko diputatu izana Madrilen, Eusko Jaurlaritzaren lehendakariordea…


Hamaika urte nituen hil zenean. Jaunartzea egitera nindoan, eta bertan behera utzi behar izan nuen. Neuillyko amerikar ospitalearen irudia daukat. Hantxe hilko zen hilabeteak geroago Edith Piaf kantari famatua ere. Tira, gizon berritsua, irekia eta diziplinatua zen gure aita. Autoritate handikoa ere bazen, heziketa estu eta zorrotza jaso zuena, oso katolikoa… Aldi berean, alaia eta umore handikoa. Baina estua izan behar gurekin, zazpi ume ginen 60 metro koadro apartamendu txiki batean! Sei mutiko ginen, zazpigarrena neska jaio zen arte. Neska, azkenean, aitak nahi zuen bezala! Kordea galdu omen zuen Itziar etorri zenean. Arabarra zen, errioxar ukitua ere bazuen, jatun ona… Inor bisitan etorri eta gure aitari egin zekiokeen erregalorik onena Arabako botila ardoa zen. Oporretan, Donibane-Lohizunen, ama hondartzan –Zarauztarra izan–, aita ez, aita pasieran, sonbreirua jantzita, aperitifa hartzen… Belaunaldia, alegia.
 

Balio jakinak transmititu zizkizueten…


Halakoxe jendea genuen inguruan! Denbora igaro eta konturatzen zara ez zirela edonor: Jose Antonio Agirre, Jesus Maria Leizaola –“tristea” esaten genion–, Manuel Irujo –hura zen, hura, gizon trumoia!–, askotan etortzen zen gurera, aitarekin eztabaidan; Agustin Alberro, Setien gotzainaren osaba, Jaurlaritzaren ordezkaritzako diruzaina… Pertsonaia historiko horiek, batetik, eta frantses kulturaren osagaiak, bestetik, dena nahasian. Izan ere, Parisen joan ginen eskolara, Frantzian egin genituen lagunak, eta horrek markatu egiten zaitu, are gehiago 50eko hamarkadan, Frantzian gorabehera handiak izan ziren eta. Nire anaia zaharrenak Aljerreko gerraren kontrako manifestazioetan ari ziren; gazteoi, 68ko maiatza egokitu zitzaigun. Eta, beti, demokrazia, laikotasuna eta askatasuna. Etxean asko hitz egiten zen demokraziaz, eta Euskal Herriaz. Horregatik esan izan dut inork ez didala abertzaletasun ikasgairik eman behar, nik –bistan denez–, ikurrina biberoian nuelako. Gaztetatik izan genuen Euskal Herriaren kezka. Hamar-hamaika urte genituela, hona etortzen hasi ginen. Frantziarrak ginen, aitak ez zuen nahi gu espainiar izan gintezen. Berak Eusko Jaurlaritzaren pasaporte diplomatikoa zuen eta munduan hainbat lekutara joan izan zen euskal gobernuaren izenean, Agirre eta besteren batekin. Gu, frantziarrak, libre ginen hona etortzeko. Mugaraino ekartzen gintuzten han, Zarauzko osaba-izebak etortzen ziren gure bila eta alderdi honetara ekartzen gintuzten, udako oporretan, Zarautza eta Gasteiza. Aitak ez ezik, amak ere herri honentzako maitasuna sartu ziguten. Aitaren historia ezaguna da, amarena ez: amak hemezortzi urte zituela alde egin zuen Zarauztik, gerrara!
 

Laikotasuna.


Frantzian laikoa zen eskola. Hemezortzi bat urte arte parrokiara joan ginen, elizara, katiximara… Oraindik ere uste horretakoa naiz ni: erlijioa, sakristian; eskola beste ezertarako da.
 

68ko maiatza.


Batxilergoa bukatzen ari nintzen. Hamazazpi urte nituen. 16. auzoan bizi ginen, Trocaderon, Jaurlaritzaren egoitza zegoen lekuan. 68ko maiatza, berriz, Latindar auzoan zen. Gu ez ginen hara joaten, ez genuen barrikadarik egin, ez adreilurik inori bota. Beharbada urte batzuk gehiago izan bagenitu, beharbada. Manifestazioetan parte hartu genuen. 1968ko maiatzaren 13an bizian ezagutu dudan manifestaziorik handienean hartu nuen parte. Pariseko mendebaldetik iparralderantz joan ginen, milioi bat lagun inguru, oinez. Eguerdiko ordu batean irten eta arratsaldeko seietan heldu ginen. Jendearen emana! Horixe gure ekarpentxoa maiatzari. Ordurako, politikaz arduratuta, Parisen gertatzen ari zenaz arduratuta, eta libre, eskolak itxi zituztelako, unibertsitateak ere itxi… Ondoren, etsia, maiatz haren ondoko hauteskundeak eskuinak irabazi zituelako, De Gaullek. Besterik ez bada ere, haize freskoa sartu zen, behintzat, maiatz hartan.
 

Euskal Herrian zinen 1972an.


Soldadutza egin beharra neukan Frantzian, nire anaia guztiek bezala. Baina hiru egun egin eta libre izan nintzen, otitis kronikoa aitzakia. Urte batzuk lehenagoko kontua, Zarautzen bainatu ondoren hoztu eta gorraize huraxe. Etortzeko garaian, zalantza: Parisen geratu, edo Euskadira etorri. Hemen ere garai gogorrak ziren. Pasatua zen Burgoseko epaiketa. Parisen, esaterako, mintzaldiak egin nituen zenbait lizeotan Burgosekoa azaltzen, hemezortzi bat urte nituela. Ez nintzen ETAkoa, baina ingurukoa. Zarautzen bertan kontaktuak nituen VI. Asanblada izenekoarekin. Etortzeko beste arrazoi bat, handia, andregaia nuen: zarauztarra. Garai hartako, gainera, ama ere hemen genuen, Zarautzen, 69an etorria.
 
Ama etorri zenean ere! Arreba eta biok etorri ginen amarekin, Paris utzita. Heldu gara Irunera eta gobernu zibilera eraman gintuen poliziak. Hiru ordu eduki gintuzten han –agiriak zuzen genituen, ez zen okerrik–, baina komisarioak etorri behar hala ere, amari esanez: “Libre zara herrialde honetara etortzeko. Herrialde librea da hau, Frantzia bezain libre. Ez dizugu txarrik egingo, ez dakit zertan izan zaren hainbeste denbora kanpoan”. Aditu egin behar! Umilazioa txiki bat!
 

Frantsesa erakusten hasi zinen baina laster zinen hedabideetan lanean.


1975ean hasi nintzen horretan. LKIn militatu nuen, halako bat arte. “Iraultza etengabea” gora eta “iraultza etengabea” behera… Gogoratzen naiz, artean Franco bizi zelarik, nahiz eta haren bukaera sumatzen genuen, esan nuela: “Hemen hauteskundeak egiten diren egunean ez dugu guk irabaziko, langile iraultzaileok, PNVk baizik”. Logikoa zen. Tira, bitartean, bizirauteko, frantses eskolak eman nituen Algortan, 73-74 inguruan. Garai beroa zen hemen, eta Luxenburgo Irratiarentzako kronikak egiten hasi nintzen; baita Le Matin Paris egunkariarentzat ere. Franco hil eta ondoko urteetan jardun nuen horretan, 80an Frantzia Irratiarentzat lan egin arte; hogei urtez egin nuen lan haientzat, Baionatik, eguneroko kronika eginez, politikoak eta ez politikoak, denetarik. Gogoan hartu oso garai zalapartatsua izan zela hemen, Franco hil, amnistia… Oso garai interesgarria eta, kazetaritzaren ikuspegitik, ahaztezina.
 

Zuk lehenengo lerrotik bizi izan zenuen garaia, Cambio 16 aldizkariaren erredakzio eta zuzendaritzatik…


Trantsizio garaiko erreferente izan zen hura. Lehenengo, ekonomi aldizkaria zen, frankismo garaian, 1971n. Debekatu zuten. Cambio 16 izena jarri, eta onartu. Inork zergatik ez dakiela. 1977tik hona ari naiz bertan. Gipuzkoako berriemaile izan nintzen, kolaboratzaile gero, zuzendari gaur egun… Prentsa askatasuna funtsezkoa da, demokraziaren zutarrietako bat. Cambio 16k lan handia egin zuen trantsizio garaian. Hain handia, zenbaitek aldizkaria erabiltzen zuen ezkutuko hitzorduak egiteko! 400.000 ale saldu izan zituen. Demokraziaren alde, hauteskundeen alde… Kazetaritza militantea egin genuen, diktaduratik gentozen, demokraziara bidean. Cambio erreferentea izan zen, dudarik gabe, ezkerretik zentro-eskuinera arteko jendearentzat. Denak aldizkariaren zain izaten ziren. Denborarekin, aldizkari gehiago sortu ziren eta aldatu egin zen gure pisua.
 

Kazetaritza militantea esan duzu. Alderdi bateko militantea zinen?


Ez. Hori saihesten saiatu nintzen beti. LKIko militante izan nintzen 1975 arte. Harrezkero ez nintzen inongo militante izan. Kazetaritzari ekin nion eta kito.
 

Uste nuen Euskadiko Ezkerrakoa izan zinela, eta PSEkoa.


Ez. Beti izan naiz ingurukoa, batarena eta bestearena. Hauteskunde zerrendetan ere agertu izan da nire izena, baina hala eskatu izan didatelako. Militantzia ligth xamarra, nahi baduzu.
 

Gesto por la Paz elkartearekin konpromiso estuagoa duzu.


Bai. Hogei urte neraman esanez zer edo zer egin behar zela. Urte ilunak igaro genituen. Nik esan ohi dudanez, Francoren diktadura bizi izan genuen lehenengo, eta biolentzia eta terrorismoarena, gero. Gesto-n bai, militantzia aktiboa izan dut, Zarautzen bertan batik bat, baina eskatu izan didaten lekuetan ere bai, mintzaldiak eginez eta abar. Baina badiotsut, batez ere Zarautzen, kontzentrazio isiletan. Gogoratzen naiz, Ortega Lara bahitu zutenean, astelehenero-astelehenero, Zarautzen, kale Nagusian. Gure aurrean, Batasunakoak. Gure aurrean, tartean bizpahiru metro besterik ez zeudela, pankarta pankartaren kontra. Gu 40ren bat izango ginen, eta haiek ere, hainbeste, edo gehiago. Hango irainak eta! Baina eutsi genion. Joaten ez nintzen astelehenean, kontzientziako kargua izaten nuen. Uste dut Gesto-ri ez diotela aitortu Herri honetan bakearen alde egin duen lana.
 

“Pankarta pankartaren kontra”.


Latza. Are latzagoa aurrean lehengusuak eta koinatuak dituzunean, Zarautzen! Eramangarriago litzateke Donostian, edo Bilbon. Baina herri txikian… Astelehenero, kontramanifestazioa genuen guk. Oso desatsegina zen, baina egin beharra geneukan. Bozgorailuak erabiltzen zituzten, mehatxuak… Eta ez zen ezer gertatu! Ez ertzainak etortzen ziren –eta nik nahiago haiek ez etorrita–, baina frantses kultura nuenez, ezin nuen eraman kontramanifestazio kontu hori. Frantzian, manifestazioa bada, kontrakoei ez diete uzten: demokraziaren eta askatasunaren legea zen nork bere manifestazioa egitea, zegokion leku eta garaian, baina ez inoren kontramanifestazioa egitea. Zarautzen lege horrek ez zuen balio. Gu han izaten ginen, bahituak zirenean, ETAkoren bat hiltzen zutenean edota, batez ere, ETAk gatazkarekin ikustekorik ez zuen norbait hiltzen zuenean.
 

AVT Terrorismoaren Biktimen Elkarteko euskal adarra zuzentzen duzu.


Ez dago euskal adarrik. Kontua da elkarteko presidenteak zenbait ahoberokeria esan zituela bake prozesuaren kontra eta guk, Euskal Herriko zenbait biktima, adierazi genuen prozesuaren alde ginela.
 

Kritikak jaso zenituen horregatik.


Bai, AVT elkartetik batik bat. Baina guk, gu ere biktima garen aldetik, soluzioa nahi dugu. Nik Aljerreko elkarrizketen alde egin nuen, Zurichekoaren alde… politikariek egoerari irtenbidea aurkitzeko obligazioa dutelako. Prozesuek porrot egin zutela –ETAk nahi ez zuelako–, bada, bai, porrot egin zuten, baina saiatu beharra dago. Hori dela eta ez dela esan zidaten Stockholmeko sindromeak jota nagoela. Madrileko tertulia askotan, interneten… ageri da sindrome kontu hori. Baina ez diot kasurik egiten.
 

Biktima zara zu zeu. Atentatua jaso zenuen.


Ogiari ogi eta ardoari ardo esaten jardun dut beti: atentatua horixe da, atentatu; krimena, krimen; xantaia, xantaia; estortsioa, estortsio. Askok nahiago du itzulinguruka ibili: “gatazka”, “euskal arazoa”, “urrutitik dator”… Horrek ez dit balio, arrazoiak besterik dira. Gure aitak esaten zigunez, ez du balio inor hil eta ondoren ideia baten atzean ezkutatzeak. Bizitza eskubidea funtsezkoa da. Prentsa askatasuna bezala. Gu eskubide horietan saiatu gara, eta zenbaiti –ETAren munduari–, min egin dio. 2000 urtean, han non hots egiten didan Barne sailburuak esanez nire izena ETAren zerrendetan ageri dela. Baina, azken finean, nor ez da ageri ETAren zerrendetan. “Ez, ez, Gorka, eremua zabaltzen ari dira, kontuz ibili”. Ordurako, Jose Luis Lopez de La Calle hila zuten, mehatxuak jasoak nituen… Bizkartzaina jarri zidaten. Bizimodua aldatu zitzaidan. Pintadak ere eginak zizkidaten Zarautzen, Batasunako zarauztarrek. Behin, etorri da hamazazpi urteko semea eta, “Aita, pintada handi bat jarri dute diskoteka ondoan”. Hurrena, beste pintada bat, baina bebarruan. Gero, giltzak falta. Katu beltz bat… eta andrea atezuan. Beste batean, molotov koktela gure etxera… Azkenean, gutun-azala, 2001ean, maiatzaren 13ko hauteskundeen ondotik jaso eta zorionez eta zorigaitzez ireki nuena. Zorigaitzez, ireki nuelako. Zorionez, 150 gramo dinamitako gutun-azalak ez ninduelako betean harrapatu. Zorionez, era berean, ez nuelako maiatzaren hamalauko gauean ireki –alaba nire ondoan zegoenean–, hamabostekoan baizik. Hauteskundeen ondoren nekatuta eta ohi baino beranduago ireki nuen ditxosozko gutun-azala. Eskuak txikitu zizkidaten, itsu begi batetik, berrosatze luzea –sei hilabetekoa, hamabost egun ospitalean–… “Harrapatu egin naitek!”, pentsatu nuen, “Herri honetako historiaren atal egin haute!”. Ospitalera, zuzenean. Han, “Ezin da!”, horixe esaten nion neure buruari. mundua etorri zitzaidan bisitan eta berdin esan nien denei, izan gotzain, lehendakari edo alkate: “Hau konpondu egin behar da. Hau ezin da izan”. Familia ere, hunkituta. Azkenean, bizkartzain batekin sartu eta birekin irten erietxetik. Eta berriz idazten ikasi behar, errehabilitazioa eta gainerakoak. Barruan, pentsamendu bakarra: “Hau konpondu egin behar da. Bertan geratuko naiz. Ez Parisera, anaiarenera, ez Madrilera, Cambio aldizkariarekin. Hau nire herria da, ez dut arazoa konponduko baina bertan geratuko naiz”. Horrelako eraso batek berretsi egin zuen ordu arte egin nuen lana, berretsi gure gurasoen belaunaldiak egindakoa, haiek erakutsitakoa: demokraziaren alde borroka egin beharra dagoela; borroka, prentsa askatasunaren alde; borroka, askatasuna lortzeko. Gure gurasoak bezala, askatasuna lortzeko borrokan ari gara gu. Herri honetan askatasun gabezia dago. Onartezina da hemen gertatzen ari dena.
 
Esan dizut, atentatua eta gero hemendik alde egin izan banu, irabazi dutela pentsatuko nuen. Francok gure gurasoak bentzutu zituen bezala –eta erbestera behartu–, nik alde egin izan banu galdu egingo nuen borroka. Ez Madrilera, ez Burgosera, bertan geratu nintzen, bertan, Zarautzen. Hartu genuen Cambio aldizkaria, atera genuen katakonbatik, harpidedunak berreskuratu genituen, euskarazko edizioa prestatu genuen –Aldaketa 16, alegia–, katalanezko Canvi –galegozko edizioa oraindik ez da heldu–… eta aurrera egin genuen, beti bezala borrokan, beti esan izan duguna esanez. Atentatuak ez nau aldatu, gurasoen belaunaldiaren balioek irauten dute nire barruan, eta frantses hezkuntzarenak, ez alferrik igaro nituen hogei urte Frantziako ikastetxeetan. Eta besterik ez.
 

“Besterik ez”?


Ez gara gogoratzen, baina Herri honetan jende askok Francoren alde borroka egin zuen. Herri hau abertzale eta ez-abertzaleen artean egin behar da. Nola esango duzu Basagoiti ez dela euskalduna? Ez da abertzalea izango, baina euskalduna? Ibarretxe eta Patxi Lopez bezain euskalduna. Gogoeta egin beharra daukagu denok, eta klase politikoak bereziki. Oraintxe, PNV oso minduta dago boterea kendu diotelako. Boterea ez da PNVrena! Baina, orain arte, bere gotorlekutzat hartu du Herri hau, bere batzokitzat. Hogeita hamar urte igaro ondoren boterea kendu diotenean, min. Baina ikasiko du, oposizioan egon ez den alderdi bakarra da. Oposizioan asko ikasten da. Hauek ere, daudela oposizioan, aurreko belaunaldi hark berrogei urte egin zituen oposizioan eta! Batzuk erbestean izan ziren, beste batzuk hemen bertan. Egoera horretan umil izaten ikasten duzu, denekin hitz egiten, zeure ekarpentxoa egiten. Horra, adibidez, PNVk Europako sozialdemokraziari egindako ekarpena. Horrela egin behar dugu gaur ere, Euskal Herritik Europara jo, gure seme-alaben eta iloben alde. Hizkuntza defenditu, kultura, baina hori ez da identitate auzia, sentimendu kontua baizik: denok Herri berekoak garelako sentimendua izatea, eta ados jarri behar dugula sinestea.
Nortasun Agiria
Gorka Landaburu Illarramendi (Paris, 1951). Gurasoen erbestealdia tarteko jaio zen Parisen, zortzi senideko familian. Hantxe egin zituen Kazetaritza ikasketak. 1972an itzuli zen Euskal Herrira. Cambio 16 aldizkarian jardun du joan deneko hogeita hamar urtean. Egun, haren euskarazko edizioa ere zuzentzen du: Aldaketa 16. EE eta PSE ingurukoa da, militante izan gabe ere. Gesto por la Paz taldeko bultzatzaileetakoa. ETAren atentatua jaso zuen 2001ean baina guraso abertzaleek transmititu zizkioten balioetan sinesten du oraindik. Guztien artean, askatasuna da lehenen.
 
Ibilbide handiko kazetaria da, oroz gain.
Errua
Ez du balio errua Madrili edota Parisi egoztea. Errudunak izango dira, bai, baina horrek geure errua ezkutatzeko baino ez du balio. Errua geurea da, euskaldunona, ez garelako adostasunera iristeko gauza. Problema latza dugu, konpondu behar duguna. Hemen, Ajuria Eneko paktua berritu behar da, paktu zabalagoa, denon artekoa, nora goazen eta zer egin nahi dugun erabakitzeko. Funtsezkoa da. Eta biolentzia eta terrorismoaren arazoa ere konpondu.
Hiltzeko arriskua
Onartezina da zinegotzi, magistratu, enpresaburu, unibertsitateko irakasle, ikasle, kazetari, politikariek bizkartzainak izatea alboan, egun osoz. Hori ez da normala. Mendebaldeko Europan ez dago horrelako kasurik. Egoera honek ezin du iraun. Gutxi hitz egiten da gai horretaz. Goizero, ehunka lagun zain daude, hiltzeko arriskuan daudelako, hiltzeko arriskuan! Froga da, bat baino gehiago hil dituztela. Hori da hemen normaltasuna. Eta ezin da. Konpon dezagun hori, eta konponduko dugu gainerakoa. Ezin dugu aurrera egin.
Jomugan
Inor jomugan jartzen dutenean, erne! Hau herri txikia da! 1983an, adibidez, Baionan, ia-ia larrutu gintuzten Cambioko argazkilaria eta biok. Zein zen argazkilaria? Josu Bilbao, 1968an Basauriko kartzelatik ihes egin zuenetako bat! Hortik atera kontuak! Bada, joan gara Baionara 83an, GALen atentatu baten ondoren manifestazioaren berri ematera, eta gu akabatzera etorri ziren manifestari batzuk. Frantses poliziak atera gintuen handik…
AZKEN HITZA
Gurasoen belaunaldia
“Pena da gure gurasoen belaunaldia hain gazte hil izana. Galera handia izan zen PNVrentzat, eta gure herriarentzat. Haien liberalismo eta demokrazia zaletasunak onura handikoak izango genituen guk”.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude