Larre askeen alde borrokatu zuen artzaina

  • Fresnesen espetxeratuta dagoen Marixol Iparragirre eskoriatzarrak eta Arrasateko preso ohi Joseba Garitaonaindiak Malbe Alejandro Iturbe Aranaren bizitza liburua idatzi eta euren kabuz argitaratu dute. Leintz ibarrean 1920ko hamarkadan bizi izandako artzain polemiko eta aurrerakoiaren bizitza jaso dute.
Askotan esan ohi da garena eta izango garena jakiteko ezinbestekoa dela iragana ezagutu eta horretaz ikastea. Ba, ezer gutxi dakigu Euskal Herrira erabateko industrializazioa iritsi aurretik gurean genuen bizimodu eta usadion inguruan. Gure aitona-amonak nola bizi ziren ia ahaztuta daukagu, dagoeneko. Gainera, historiako bestelako tesi eta ikerketak egiten ditugun arren, hurbil-hurbilekoa ez dago hain jasoa, eta galtzera ere iritsi daiteke.
 
Malbe Alejandro Iturbe Aranaren bizitza lanaren bi autoreek, Marixol Iparragirrek eta Joseba Garitaonaindiak, 1888an Bedoña auzoan –bere garaian Aretxabaleta, eta gaur egun Arrasate– jaiotako Malberen nondik norakoak jaso dituzte; eta bide batez, Leintz ibarrean sasoi hartan zeramaten bizimodua ekarri dute gurera, XXI. mendera.
 
Magalbe baserrian jaio eta bizi izandako gizon hau oso ezaguna egin zen XX. mendearen erdialdean. Horretan eragina izan zuen bere izateko modu independente, borrokalari eta jarrera irmoak. Gauzak argi zituenean, ez zegoen hura geldituko zuenik. Adibidez, emaztegai izateko gertu zeuden hainbat emakume izan zituen arren, mutil-zahar gelditu zen, garai hartan ezkondu gabe bizi nahi zuelako.
 
Alejandro Iturbe ezagutu zutenek gogoan daukaten beste gauza bat da Malbek hil artean ahotan izan zuen aldarrikapena: ¡Aguas y pastos libres! (Urak eta larreak aske!). Bedoñarra artzaina zen, eta ika-mika, liskar eta epaiketa ugari izan zituen, iraganean herri-lurrak izan ziren larre eta basoetan bazkatzera eramaten zuelako bere artaldea.
 
Herri-lurren gaineko eskubideak

Horren harira, liburuaren egileek Euskal Herriko hainbat artxibategi arakatu dituzte ¡Aguas y pastos libres! delako aldarrikapenaren nondik norakoak eta iturria ezagutu ahal izateko. Aurkitutakoaren arabera, historiak arrazoia eman beharko zion Malberi. Hala egiaztatzen dute, adibidez, Oñatiko Protokolo Artxiboan aurkitutako hainbat dokumentuk. Hor jasotakoaren arabera, iraganean, gerra-denboratan orduko gobernuek behartuta eta herriak txirotuta, hainbat udalek herri-lurrak saldu behar izan zituztenean, lurren erabilerarako baldintza zehatz batzuk jarri zituzten, gaur egun betetzen ez direnak. Hala nola, herri-lurrak izandakoak ezin direla hesiz itxi eta ur eta larreak erabiltzeko aukera izan behar dela.
 
Egileek jakin ezin izan dutena da Malbek nolatan zekien hori, berez baldintza horiek Gerra Karlisten sasoian hitzartu ziren-eta. Are gehiago, Iturbek gogor borrokatu zuen eskubide horien alde. Hala, beste lur-jabe batzuekin ikaragarrizko borrokak eduki zituen, basozainek ganadua hil zioten, epaiketa asko izan zituen, beste lur-jabe bati baserri alboan dinamitaz lehergailua jarri zion, eta hainbat hilabetez Martutenen espetxeratu zuten, besteak beste.
 
Lan hau egiteko artxibategietan egindako aurkikuntzek bazter asko nahastuko dituztela uste dute liburuaren egileek eta Leintz ibarreko zenbait baserritarrek eta artzainek. Izan ere, herri-lurren gaineko eskubide eta eskuduntzak argitara ateratzeak hainbat aldaketa ekar ditzake.
 
Polemikoa eta burujabea

Liburuak 100 orrialdetik gora ditu eta euskaraz idatzi dute; are gehiago, egileek ahalegina egin dute Leintz ibarreko euskalkian idazteko. “Testigantza gehienak hala jaso ditugu, eta pentsatu dugu polita dela liburuak ere horrela jasotzea”, azaldu du Garitaonaindiak. Malberen soslaia eta abenturak batzeko, hainbat eta hainbat artzain eta baserritarrekin egon dira.
 
Egileek Alejandro Iturberen dozenaka pasarte, burugogorkeria, xelebrekeria, borroka eta lorpen bildu dituzten heinean –Leintz ibarrean askok gogoratzen dute suge bat jan zuenekoa eta halako beste hainbat, nahiz eta kasu gehienetan ez dakiten egia ala kondaira den–; bide batez, gure baserrietan nola lan egiten zuten, zer jaten zuten edo zer ohitura zituzten jaso dute. Eta horrek jada altxor bihurtzen du lan hau, gainontzeko belaunaldietarako, interesa dutenentzako behintzat, ezinbestekoa delako.
Marixol Iparragirre eta Joseba Garitaonaindia
“Esanguratsua da preso dauden herritarrek historiari halako ekarpena egin izana”
Liburuaren egileek denbora luzea eman dute lana egin ahal izateko, Iparragirre Fresnesen espetxeratuta dagoelako. Hala ere, emaitzarekin oso pozik daude biak.
 

Nondik dator liburua egiteko ideia?


2006an Marixol eta biok elkarri gutunak bidaltzen hasi ginen eta Malberen gainean idazteko aukera aztertzen hasi ginen. Leintz ibarrean arrasto handia utzi zuen gizona zen eta berari buruz gehiago jakitea interesgarria izango zela pentsatu genuen.
 

Marixol Iparragirre espetxean izanda, lan zaila izan duzue…


Bai, egia da. Marixolen komunikazioa oso mugatua da. Elkarri idatzi eta erantzuna jaso artean denbora luzea eman dugu. Horrez gain, Marixol eta ni ez gara idazleak; Mikel Albisuri eskerrak eman beharrean gaude, asko lagundu digu-eta. Horrekin lotuta, esanguratsua da preso dauden herritarrek historiari halako ekarpena egin izana.
 

Malberen zein irudi egin duzue?


Pertsona bitxi eta xelebrea zen, baina ideia oso argiak zituena. Industriari bizkarra eman zion. Bere figura duintzeko ahalegina egin dugu. Malberen aldarrikapenak eta lorpenak ezagutzera emateaz gain, kontatu ez diguten historiaren zati bat jaso dugu.
 

Zein ekarpen egin dizue liburuak?


Asko ikasi dugu. Oso garrantzitsua izan da 1853an Aretxabaletako herri-lurrak zer baldintzatan saldu zituzten deskubritzea. Bestetik, uste dugu liburua baliagarria dela ondorengo belaunaldiek jakiteko gaur egun daukagun bizitzeko eredu zoroak ez daukala ez hankarik ez bururik.

Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Zazana, zerutik dena dakusan begi itsua

Hainbestekoa da Gazan droneek eguneroko bizitzan eta iruditegi kolektiboan daukaten eragina ezen hitz propio bat asmatu dutela droneentzat: Zazana. Hitz onomatopeikoa da, gazako dialektoan.

The Drone Eats With Me: A Gaza Diary  liburuan (Droneak nirekin jaten du: Gazako... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude