Arabako Errioxako ardoak 525 milioi euro fakturatzen ditu urtean


2009ko apirilaren 05ean
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Arabako Errioxak 13.000 biztanle ditu 350 kilometro koadrotan. EAEko populazio dentsitate txikienetakoa duen eskualdea da, baina baita aberatsenetakoa ere, upeltegi, mahastizaintza eta ardogintza industria sendoa medio. Mahastiek 13.000 hektareatik gorako azalera hartzen dute –duela hamar urte baino %23 gehiago–, 1.700 ustiategitan eta 400dik gora upeltegitan banatuta. 3.100dik gora ekoizle eta 5.000 inguru langile daude. Mahastiak Arabako nekazaritza ekoizpen osoaren %40 dira.

Arabako Errioxak Errioxako Deitura Jatorri osoan lantzen diren mahastien %20, saldutako litroen %30 eta salmenta zenbakien %35 hartzen du. Errioxako Deitura Jatorri osoak 2006an 251 milioi litro inguru saldu zuen guztira, eta horietatik 79 milioi Arabako Errioxari zegozkion.

Salmenten %70 euskal barne merkatuari eta Madrilgoari dagokie. Gainerako %30 kanpoko merkatuan saltzen da. Kanpoko salmenten buru Erresuma Batua da, salmenten laurdenarekin, eta ondoren AEB. 2007an Errioxako Deitura Jatorri osoko salmentak 31,6 milioi litrotik gorakoak izan ziren bertan, %13,7 hazkundearekin, herrialde horretako 2000. urteko merkaturatze zifra hirukoiztuz.
Arabako Errioxako instalazioak eta ekoizpen sistemak goitik behera modernizatu dituzte azken urteotan. Horretarako, Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza handiak jaso dituzte. 1995. eta 2005. urteen artean, eskualde horretan 300 milioi eurotik gorako inbertsioa egin da, Deustuko Unibertsitateko irakasleek egindako azterketaren arabera.

Azkenak
Eguneraketa berriak daude