Manifestazio txiki bat egin zen martxoaren 13an Atlantikoko ugarte txiki batean: ziento bat militante ezkertiar, Gobernuz Kanpoko Erakunde borrokalarienetakoak, tartean ATTAC mugimenduaren Bretania eta Normandiako batzordeetakoak, Jersey ugarte txikian paradisu fiskalen kontra aldarri egiten. Zehaztasunez mintzatzekotan, ez zen manifestazioa, osteratxoa baizik (déambulation definitu dute fransesez), manifestazio publikoa egiteko baimena eskatzen hasi balira antolatzaileek igoal behar izango zizutelako zortzi hilabete hura lortzeko.
2001ean bai egin zuten manifestazioa hirurehun militante inguruk, Etonnants Paradis leloa (Txunditzeko moduko paradisuak) sostengatzeko. Aurtengo kalejirak Paradis Fiscal, Enfer Social (Paradisu fiskala, infernu soziala) zeraman aldarrikapentzat. Martxoaren 12an Bretainiako Saint-Malon elkartu, ferria hartu eta berrogei lagun heldu ziren Jerseyko Saint-Hélier hirira, han bertako militante gehiagorekin batzeko.
Ekitaldiaren hasieran deialdiaren antolatzaile nagusietako ordezkariak mintzatu ziren, Tax Justice Network mugimenduko John Christensen eta Saint-Maloko ATTACeko Jacques Harel. Tax Justice Networkek euskaraz “Bidezko Zergak Sarea” esan nahi du eta ATTAC dira frantsesezko siglak munduan egiten diren finantza salerosketei zerga berezia ezartzea eskatzen duen mugimenduarenak.
Bi egunetan bilkura eta hitzaldiak egin zituzten irlara bilduek, eta 13an ibilaldia, 11 gunetan geldituz, bankuen atarietan ia beti. Turistek eta herriko jendeek harriduraz begiratzen omen zieten. Azken geldialdia Jerseyko gobernuaren sarreran burutu zuten, salaketazko pankartak erakutsiz. Bazkalostean, hurrengo hilabeteetarako planak adosteko batzarra egin zuten han bilduek.
Informaziook ATTACen gunean eskaini ditu Genevieve Coiffard-Grosd-ek. Bera da kronika hau hornitzen duen argazkiaren egilea ere. Gainerakoan, oihartzunik kasik ez du eduki albisteak komunikabideetan. Baina gaia aktualitate betekoa da: paradisu fiskalak salatzen eta horien kontrolatzea eskatzen duten mugimenduek –ATTAC edo Tax Justice Network bezalakoek– oso minoritario izaten segitzen duten arren, aldi berean krisi ekonomikoak bortxatu ditu gobernuak bezala adituak haien eskakizunak berenganatzera.
Azken hilabeteotan komunikabide nagusietan paradisu fiskalak aipatzean militante horiek mila bider salatutako herrialdeak izendatzen dituzte, mapa eta guzti. Asko Karibe itsasoan eta Itsaso Barean daude, baita Europan bertan ere. Areago, behin eta berriro paradisu fiskaltzat hartuak izatea saihesten zuten herrialde batzuk –Suitza, Liechtenstein eta Luxenburgo, bidenabar– zorpean dauden estatu handien presioak jasaten ari dira jardun ekonomikoa gardenagotu dezaten.
Azkenean, azken hamarkadotako politika neoliberalek sekulako diru-zuloa eragin dutenean, hura konpontzeko estatuek kapital multzo izugarriak behar dituzte, eta derrigortuta daude iruzurretan eskapo egindako sosetako batzuk bederen eskuratzera. Joan den astean Argia honetan bertan Daniel Udalaitzek xehetasun osoz azaldu zuen paradisuon izaera.
Normandiako itsas-hegitik dozena eta erdi kilometrotara egon arren britaniarra da Jersey ugartea, paradisu fiskalen adibide tipikoa. Izenez independientea eta Commonwealtheko kidea, Jersey txikia estu lotuta dago Londresko finantza gunearekin, hau bera ere askorentzako beste paradisua delarik. Bretainiako Saint-Malotik bertara doan ferryak honela publizitatzen du bere burua: “Condorferries, l’évasion est déjà à bord”. Alegia, baporeak itsasaldi laburrean eskaintzen dizula ihesa, disimulu gutxirekin esanda.
Ihesa da Jerseyren negozioa, hain zuzen. Ez hainbeste turistak bilatzen duen ametsezko ihesa, ordaindu beharreko zergak saihesteko txanponak harantza daramatzaten aberatsen eta korporazioena baizik.
Zer moduz bizi ote dira paradisu fiskal horretan planeta osoa estali duen ekaitzaren erdian? Hori jakin asmoz joan zen udazkenean Olivier Cyran kazetari frantsa Jerseyra eta txangoan ikasitakoa abenduko Le Monde Diplomatique hilabetekarian aurkeztu: La tourmente financière vue d’un paradis fiscaltzen, informazio txit interesgarriekin.
Jersey munduko hirugarren herrialde aberatsena da biztanleko barne produktuari dagokionez, aurretik Luxenburgo eta Berdumak baino ez dauzka. 600.000 milioi euro zeuden bertako funtsetan inbertituta. Ez da marka txarra pentsatzen bada munduko paradisu fiskal guztien artean bederatzi-hamar bilioi dolar daudela sarturik.
Duela bi urte arte atzerriko enpresei irabazien %10 kentzen zien –alderatu hemendik aipatzen diren %28-33ko zifrekin–, baina geroztik konpetentzia egiten dion Man ugarte txikiak zerga hori erabat kendu zuenez, Jerseyko gobernuak gauza bera egin zuen.
Nork ordaindu behar ditu orduan Estatuaren gastuak? Bertako biztanleek. Goods and Services Tax (kontsumoaren gaineko zerga berria) asmatu du Gobernuak. Edozein salerosketaren gainean, %3ko zerga berezia. Cyranek zerga horrekin haserre aurkitu zituen jerseytar gehienak... baina kasik inor ez da ausartzen ozen esatera.
Jerseyn ez baita ez oposizio ganorazkorik, ez komunikabide independienterik eta ez sindikaturik, salbu ospitalean eta garraioetan.
Lan orduek ez dute mugarik, kanporatzeak ez dakar kalteordainik, langabeziako saririk ez da eta greba eskubidea oso zorrotz dago kontrolatuta.
Frank Walker lehen ministroa aurretik Barclays bankuko nagusietakoa izan zen eta 2005ean saldu zuen arte Jersey Evening Post egunkaria berea zuen. Gobernuan dauzkan 10 ministroetatik sei multimillionaire dira. Ugarteko lau langiletik bat ere bankuetan ari da, mundu osotik heldutako diruaren epelean. Baina krisia heldu da honaino ere. Berrikitan itxia dute Saint Hellierreko komertzio handiena, Woolworths: 80 behargin karrikara.
Neil McMurray arrantzalea zen besoa galdu zuen arte, eta orain blog bat animatzen du. Honela mintzatu zaio kazetariari: “Hemen diru-gosea besterik ez dago. Gazteak urrun doaz, lanik ez delako bankuetan ez bada. Finantzen monolaboreak dena du irentsi, nekazaritza, arrantza eta baita turismoa ere. Jendea haserre dago, baina baita akojonatuta ere, hori da benetako arazoa. (...) Krisiak eramango al ditu finantzak porrotera, baita asko lanik gabe geratzen badira ere, nire emaztea barne”.
Argazki oina: ATTAC mugimenduaren gunean Genevieve Coiffard-Grosd-ek ipinitako argazki handiak erakusten du Jerseyko Saint-Hélier hiriburuan martxoaren 13an militante altermundialistek burutu zuten manifestazioa. Paradisu fiskaletako egitura iruzurtiak desegitea eskatu zuten, horrela aurretik girotuz apirilaren 2an Londresen G20ko buruzagiek egin beharreko bilkura.
Europa barruan hegaldiak hartzea trenez bidaiatzea baino 26 aldiz merkeagoa izan daiteke, 31 herrialdetako 142 ibilbidetan oinarritutako Greenpeaceren ikerketa baten arabera. Hegaldien zerga pribilegioei egotzi die desparekotasuna, eta trenbidea merketzeko neurriak eskatu ditu.
Israel Gazan egiten ari den genozidioaren aurkako mezuak adierazteagatik mota askotako errepresioa jasan du Irlandako Kneecap musika taldeak: Liam Óg Ó hAnnaidh kidea asteazkenean epaitu zuten, Londresen emandako kontzertu batean Hezbollah miliziaren bandera... [+]
ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek aurkeztu dituzte Herri Ekimen Legegilearen sinadurak Eusko Legebiltzarrean. Orain pilota alderdien teilatuan dagoela esan dute, eta herritarren borondatea kontuan izatea eskatu diete.
Israelgo armadaren barne agiri batean agertzen diren datuek diote Gazan hil dituzten sei palestinarretatik bost zibilak direla, azken hamarkadetan aurrekaririk ez duen sarraskia izanik. Israelgo zerbitzu sekretuek maiatzean zioten armadak Hamaseko eta Jihad Islamikoko 8.900... [+]
Bilboko Konpartsek elkarretaratze jendetsua egin dute Arriaga Antzokiren aurrean azken egunetako eraso sexisten aurka egiteko. Konpartsek adierazi duten arabera, erasoak kopuruz eta intentsitatez handitu dira. Aste Nagusiaz gozatzera gonbidatu dituzte herritarrak, eta... [+]
Youssef Al-Zuq munduko preso gazteena izandakoaren bizitza Gazako zigor zikloaren ikur da. Al-Zug 2008an jaio zen kartzelan, ama atxilotu eta epaiketarik gabe espetxeratu ondoren. Uztailaren 12an hil zuten Israelen bonbardaketa batean.
Abuztua heldu zaigu, irakurle. Oporretan zaude eta zuretzako denbora gehiago daukazu? Edo agian ez daukazu denborarik, oporrak planez bete dituzulako? Edozein modutan, kontuz! Egungo bizimoduaren psikologizazioak edonon sailkatzen ditu sindrome berriak, eta oporraldiak ez daude... [+]
Durangoko Ernaik salatu du Txiki eta Otaegiren muralaren kontrako erasoa. Ostegun arratsaldean murala berregiteko dei egin dute.
Turingia estatuko Auzitegi Gorenak ebatzi du Buchenwald konzentrazio esparruko memorialak eskubidea duela kufija daraman edonori sarbidea ukatzeko, "judutar ugariren segurtasuna" arriskuan jarri baitezake.
Mexikoko mugako hesia beltzez margotu du AEBetako Gobernuak. Lehenengo brotxakadak ematera bertaratu da Segurtasun Nazionaleko idazkaria bera, Kristi Noem. Neurri horren bidez, hesiaren tenperatura igo nahi dute, eta horrela migratzaileen pasabidea zailtzeko.
Garmendi mendi gidaritza zerbitzuaren bitartez zeharkaldi eta ateraldiak antolatzen ditu Ibai Iturriak. Argitara eman diren datuekin kezkatuta, mendian "kontzientziaz eta arduraz" jokatzearen beharra azpimarratu du.
Ez kobratzea, nagusiaren senideen etxeak garbitu behar izatea, lantokian lo egin behar izatea, irainak... Luxuzko jatetxeko esklabotza-baldintzen lekukotzak argitara ateratzen jarraitzen dute Urola Kostan.
Erakunde palestinarrak astelehenean jakinarazi zuen ohar batean Egiptoko eta Qatarreko bitartekariek proposatutako su-eten akordioa ontzat jo duela. Israelgo armadak, ordea, dagoeneko inguratuta dauka Gaza hiria, eta han dauden palestinarrei urriaren 7ra arteko epea eman die... [+]