Hil honetan aurkeztu du Arantxa Tapia Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa diputatuak Gipuzkoako bidesarea antolatzeko plana, enpresa aholkulari bati agindutakoa. Plan horren bidez Aldundiak bukarazi nahi du Gipuzkoako hainbat lekutan sortu den trafiko bizia, batez ere Donostia inguruetan eta Jaizkibelgo lasterbidean. Bilboko bidesarearen adibidea oso present dago txosten guztian.
Mugikortasunaren Plan Estrategikoaren arabera garraio publikoaren erabilerak garrantzi handia du trafiko arazoak konpontzeko. Horrela, autobusen ordutegi fidagarritasuna handitzeko neurriak hartzea proposatzen du planak, eta garraio publikoa erabiltzeko pizgarriak sortzea, errepideetan ordainsariak jarriz, adibidez.
Trenbidea
Eusko Jaurlaritzak 2007an egindako ikerketa batek agerian utzi zuen bidaien gehiengoa eskualde barrukoak direla. Trenbidea funtsezko izan liteke eskualdeko bidaia horiek bereganatzeko eta, hain zuzen, Mugikortasun Planak aparteko garrantzia ematen dio trenbideari. Hala ere, Pilar Aranaren esanetan, ez da trenbide gehiago egingo –AHTaz aparte–: “Ez dago lekurik, pentsatzen ari gara zenbait lekutan zabalera ezberdinetako trenbideak gainjartzea...”.
Aldiz, egungo tren zerbitzuak indartzea da foru erakundearen asmoa. Esaterako, Euskotreneko Topoaren trenbidea bi errailetatik laura pasatzea aurreikusten du Donostia-Irun zatian. Gisa horretan, trenbidea Metro Gipuzkoa bilakatuko litzateke, Renferen aldiriko ibilaldiekin batean –aldiriko trenei leku gehiago egiteko, merkantziako konboiak abiadura handiko trenbidera pasa beharko lirateke, egiteke dagoen azpiegitura–. Honela azaldu du Pilar Arana Mugikortasun zuzendariak Aldundiaren postura: “Aldundia apustu sendoa egiten ari da trenbidearen alde. Eusko Jaurlaritzaren eskumena den arren, dirua jartzen ari gara Topoaren bikoizketa egiteko. Konbentziturik gaude oso garrantzitsua izango dela Gipuzkoarentzat”.
OHARRA: Aukera hau hautatuz gero hurrengo aldietan ez dizu galdetuko ze instantzia erabili nahi duzun.
Aste honetan zenbaki berezia: Genozidioa gelditzeko, Israeli boikot
Herrien arteko elkartasunari gure aletxoa jarri nahi izan diogu. Euskal Herritik, euskaraz, herrien munduaren alde. Geldigaitza dirudien basakeriaren aurrean, duela bi urte bezala, ahotsa altxatzeko beharra sentitu dugu.