Alderdiak iritzi publikoa irabazteko lehian ari dira

  • Mariano Ferrer eta Alberto Surio kazetari donostiarrak elkarrizketatu ditugu martxoaren 10ean. EAEko jokaleku politikoan hiru dira subjektu nagusiak: EAJ, PSE eta PP. EAJk beste alderdiekin elkarrizketa txanda amaitu ostean solastatu gara, PSEren txandak emango duenaren aiduru.
Mariano Ferrer eta Alberto Surio
Mariano Ferrer eta Alberto SurioDani Blanco

Aste bat luze iragan da hauteskundeak izan zirenetik. Nola ikusten duzu EAEko jokaleku politikoa?


Mariano Ferrer: Lehen asteko mugimenduen interpretazioa hiru koadrotan bilduko nuke: lehenean Gobernu aldaketa posible da eta etortzekotan PSEren aldetik etorriko da. Alabaina, EAJrekin buruz buru beharko du lehiatu, emaitzek ez diotelako eman espero zuena. Bigarren koadroa: PSE ez dago eroso, gobernatzeko egokitu dakiokeen sozioa PP delako. PSE saiatuko da gobernatzen bakarka, baina PPk ez dio doaneko aukerarik emango. Hirugarrenean PP ageri da, Galiziako garaipena tarteko, adoretsu dago. PPk EAEko bere posizioa baliatu lezake PSOE nahasteko diskurtso espainolistan. Hau da, PSEri egin liezaiokeen planteamendua PSOErentzat onartezina izatea, PSOEren atxikimendua Espainiako konstituzionaltasunarekiko EAEn ez dela benetakoa agerian uzteko.

Alberto Surio: Jokaleku politikoa aurreikusia zen hauteskundeen aurretik, baina alderdien arteko maniobra margen zabalagoarekin. PSEk alderdi konstituzionalisten gehiengo osoa espero zuen. Aspaldi iragarri zenez, PSOEri ez zitzaion egoera laket, ez zen eroso horregatik. PSOEko ministro batek Damero maldito izendatu zuen egoera. Alegia, bigarren indar batek PPrekin gehiengo osoa lortzeak eragozpenak ekarriko zituen Espainiako politikan, faktore aldakorrak sartuz. Gainera, PSGren eta BNGren porrotek Galizian egoera politikoa aldarazi dute eta horrek PSE behartu du garaipen bat aldarrikatzera, hots, Lehendakaritza eskuratzea eta Gobernuan izatea.

Eta orain zer?


Surio:
Jokoa oso konplikatua da, arrisku handikoa, desorekatua. PPrekin bataila zabaldu da jada, honek politikaren presiozko osagaiak sartuko ditu jokoan. Ez dezagun ahantz 38 legebiltzarkide konstituzionalisten batuketa datu erabakiorra dela. Ez da PPren eragina soilik, indar korrelazioa aldatu da eta horrek alderdi guztiak behartzen ditu beste jokoetan sartzera.

Joko horretan nola ikusi duzue EAJ? Nola PSE?


Ferrer: EAJ iritzi publikoa sustatzeko –edo gizartean zorabio sentsazioa sustatzeko– egiten ari den keinuak alde batera utzita, egoera berriaz jabetu da eta oposiziora pasatzeko prestatzen ari da. Oraindik jarduerako Gobernua bere esku dago, eta logikoki EAJ saiatzen ari da fruituak ateratzen botere gune horri, baita hauteskundeen emaitzei ere, irabazlea izan baita.

Surio:
Ados, baina bien bitartean iritziaren bataila dago lehian, eta EAJk borroka hori ere irabazi nahi du. Areago, gizarte legitimotasuna lehian dago eta hori ere irabazi nahi du. EAJk asumitu behar du aurrerantzean bestelako rola dagokiola. Legitimotasun demokratikoa eztabaidaezina baita, Legebiltzarrean erabakitzen dena.

Ferrer:
Andoni Ortuzarrek EAJren etorkizuna oposiziotik gobernatzea dela esan du...

EAJ aldatzen hasi da, nolabait.


Surio: Bai, bereziki bere diskurtsoa, harrigarria da erabakitzeko eskubidea inon ez azaltzea. PSEri eskainitako egonkortasunerako proposamenean ez du aipatu. Sakontasun demokratikoaz ari da, legealdirako koalizio akordioa aipatzen du, krisi ekonomikoari aurre egiteko plana eta abar. Erabakitzeko eskubidea gakoa izan da Ibarretxeren politikan. EAJ pragmatikoa agertu da orain.

Erabakitzeko eskubidea ez du kanpainan aipatu edonola ere.


Surio:
Noski, orain birkokatu da.

Ferrer: Hori egia da, baina ez zait birkokatze hori aurpegiratzea bidezkoa iruditzen. Ez dut esan nahi, Alberto, zuk zeuk aurpegiratzen diozunik, baina jende askok leporatu dio EAJri bere kartak ezkutatu dituela. Hori baino sinpleagoa da: Gobernuan aritu da, gehiengoz, eta orain errealitatearekin muturrez topo egin du. Hori ez onartzea absurdua litzateke, baina bere jokaera ulergarria da, irabazle-galtzaile egoeran dago-eta.

Surio:
Noski. Gizartea ulertzeko eta kokatzeko ariketa errealista da, baina horrek irakurketa ez horren onbera ere izan dezake: “EAJri bakarrik boterea interesatzen zaio”. “Botereari heldu behar dionez, nola mantendu erabakitzeko eskubidearena...”

Ferrer:
Noski. EAJk ez dio orain PSEri –are gutxiago PPri– muturrean eman dion planteamenduekin egindako akordioa eskainiko. Absurdua da.

Zapaterok Fair Play egitera deitu zuen. Zuri Ferrer, bere jarrera ez zaizu garbia iruditu.


Ferrer:
Nik Fair Playena aipatzean, Alderdien Legea nuen buruan, ni aurka nago, lege txarra da, operazio politiko bat gauzatzeko pentsatua. Kontuz, lege hau posible egin izanaren erantzukizuna ez zaio Espainiako Gobernuari bizkarreratu behar soilik. Euskal nazionalismotik, eta ezker abertzaletik bereziki, legea gauzatzea posible egin duten gauza asko oso gaizki egin dira. Baina hau esanda ere, oportunista iruditzen zait Zapaterok EAJri Fair Play eskatzea, emaitzak onartu ditzala eskatzea, emaitzak Alderdien Legeak baldintzatuta baitaude, jokoa ez da garbia eta.

Surio:
Nik Alderdien Legeari buruz dudan iritziari eusten diot: Euskadin ez zuen kontsentsu nahikoa lortu, arazo bat dago bere jatorrian, anormaltasuna dago. Ados. Baina, batez ere, gertatua ETAren ardura da, ETAk espresio soziopolitiko bat bahitua baitauka. Hortik aurrera, ez nator bat Marianorekin hauteskundeetan joko garbi eskasa izan dela esatean. Fenomeno terrorista da hauteskundeetan joko garbia izatea eragozten duena.

Artean, PSOEren eta ezker abertzalearen arteko elkarrizketa posibleen zurrumurruak zabaldu dira.


Surio:
Zurrumurrua EAJk zabaldu du egoera endredatzeko, ingurua nahasteko eta deskonfiantza sorrarazteko, PSEren eta PPren arteko harremana oztopatzeko. Zer datu dauka hori esateko? Zurrumurruak dabiltza diote eurek, baina batez ere egoera desegonkortzea dute helburu. Besterik da aldaketa politikoa Euskadin izatea. Lopez Lehendakaritzara iritsiko balitz zein punturaino erraztuko lukeen berriz ere terrorismoaren bukaera aztertzea.

Ferrer: Nik ez dut Zapaterok ezker abertzalearekin elkarrizketa prozesua zabaltzeko aukerarik ikusten. Hara, uneon hori baino ez du behar Zapaterok bere bizitza konplikatzeko! Krisi ekonomikoa batetik, Gobernuan ezegonkortasuna bestetik, Europako hauteskundeak datoz... Nik helburu politiko baten alde egiten diren deklarazioak bezala ulertu ditut zurrumurruak. Halere, erne, batetik, PSEri gatazka ixteko aukera etortzen bazaio, ez du alferrik galtzen utziko. Eta bestetik, uneon gertatzen ari denak ezker abertzalean birplanteatzen ari den prozesua bizkortu dezake. Aldaketak diren neurrian abagune berriak izango dira, eta ez da harrigarria kontaktuak berriz ere izatea.

Surio: Ados. Ez gaude prozesu berri baten atarian, uneon Zapaterok ez du maniobra margenik, baina egia da ere, orain arte PSEren eta Batasunaren artean garatu diren harremanak ez direla hondorik gabeko zakuan erori. Elkarrizketa eta lan ordu asko egin da azken urtetan. Horrek nolabaiteko sintonia sortu du, erabat desagertu ez dena. EAJk sarritan aipatzen du PSEren eta ezker abertzalearen pintza efektuarena, ezker abertzalearen eta alderdi sozialistaren artean gauzatzen ari den harremana. Gatazkaren irtenbidean EAJ izango da jakina, baina ezker abertzalearen eta alderdi sozialistaren arteko harremana gakoa izango dela erabat konbentzituta nago.

Ferrer: Loiolako elkarrizketen ondoren mahaikideek esandakoa entzutea besterik ez dago. Askoz gogorragoa da ezker abertzaleak EAJz dioena, PSEk eta Otegik konkretuki elkarri egiten dizkioten gaitzespenak baino. Ezker abertzaleak PSEri errespetu gehiago dio EAJri baino.

Galdera bana azkenik. Ferrerri: Bereizi al daiteke lehendakariaren inbestidura saioa Gobernuaren osaketatik?


Ferrer:
Bai, noski. EAJk Espainiako Kongresuan PSOEri bere botoa eman zion. EAJ ez da Zapateroren Gobernuaren parte. Ezin da, hala ere, erabat konparatu EAJk Madrilen emandako sostengua: 7 boto. Hemen PPren 13 gehi PSEren 25 dira. Noski, hemen Gobernu posible hori PPren helburuen menpe dago, PSE estutzen saiatuko da komeni zaion neurrian: “Azeleratuko dugu Espainiako egoera politikoa –Euskadikoa barne– eta den-dena jarriko dugu jokoan” pentsatuz. Dena den, horrela izango dela ziurtatzeko ez daukagu nahikoa daturik.

Suriori: PSEk frentismoari uko egingo diola esan du beti, eta transbertsalitatea izan da bere lema. PPrekin batera egingarria al da hori?


Surio:
Gertaerek baietsiko dute transbertsalitatearen aldeko apostua, hau da, zein den Patxi Lopezek inbestiduran aurkeztuko duen Gobernu programa, zein den osatu nahiko duen Gobernuaren soslaia eta nola irudikatuko den exekutibo berria iritzi publikoaren aurrean.

Ariketa politikoa orekatsua izatea oso zaila izango da hasieran, zeren eta nahiz PP giltzarria den Jaurlaritza osatzeko, saiatuko da hori ez dadin hain nabaria izan, PSEk berriz, ez dagoela Basagoitiren politikak bahituta agertu nahiko du. Politikan ezein sostengu ez da doanekoa, rol banaketak, dialektika kontraesankorrak eta konplexuak nagusituko dira. PP eta PSEren artean konfluentzia tarte bat badago, biek hala biek ulertu baitute ezin dutela 2001eko lubakietara itzuli, mezu horrek mundu nazionalista bizkortzen baitu eta iritziaren borroka irabazteko baliatzen zaielako. Dena den, euskal politikan aldaketa emango bada neurrikoa izango da, ez da iraulketa emango. Nire aburuz, PSEren azken helburua, epe ertainera, euskal nazionalismoan katarsia bilatzea da, sektore moderatu eta pragmatikoetan eragitea Zapaterorekin elkar ulertzeko eta finean PSEren eta EAJren arteko konplizitatea berreraikitzeko.

Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude