"Maussketero"ek eskuzabaltasuna aldarrikatzen dute

  • Frantzian Marcel Mauss etnologia modernoaren aitatzat daukate. Haren abizena sigla bihurtuta, MAUSS mugimenduak gizarte zientzietan ari diren aditu eta irakasleak biltzen ditu ardatz orijinalon inguruan: anti-utilitarismoa eta gizakien arteko dohainen garrantzia.
Inuit familia
Inuit jendeaz urte luzez aritu zen ikerketan Mauss, eta haietaz idatzitako lanek azken urteotan berriro hartu dute fama.Edward S. Curtis

Dohainaz ariko gara ondoko lerrootan. Ikusi Elhuyarren hiztegiaren definizioa: “Dohain. Norbaitengandik jasotako nolakotasun ona, onura edo mesedea”. Berdin erabil genezakeen dohaintza: “Pertsona fisiko edo juridiko batek beste bati, ordainetan ezer hartu gabe, zerbait ematea; ematen dena bera”. Frantsesez eta gaztelaniaz don diotena. Irakurleak munduko arazo nagusiren bat aurkitu beharko lukeen orriotarako gai interesgarria ote da?

Hala uste dute Mouvement Anti-Utilitariste dans les Sciences Sociales (MAUSS) mugimendukoek. Etnologian, soziologian, antropologian, ekonomian eta beste gizarte zientzietan ari diren irakaslez osatutako mugimendu honek baditu aldizkaria (La Revue du Mauss) eta maiztasun handiagoz berritzen den gune elektronikoa; horietan artikulu burutsuak eskaintzen dizkiote dohainari, ordain segururik gabe gizakiek elkarri egiten dizkieten emari eta opariei.

Mugimenduaren inspirazio iturria Marcel Mauss (1872-1950) izan da. XX. mende hasierako jakintsu hau soziologiaren sortzailetzat jotzen den Emile Durkheim-en iloba zen. Lehen Mundu Gerran Durkheimen inguruko gehienak desagertu zirenean, Mauss jarraiki zitzaion haren bideari. Gizon berezia, gaztetan kirolari izana, bere bizitzan gai ezberdinen inguruko liburuak aritu zen prestatzen, sekula bakar bat osatu gabe, baina ikerketa, artikulu eta eskolekin soziologo frantses belaunaldi bat antolatu zuen.

Maussen fama da antropologia frantsesa eta etnologia berak fundatu zituela. Berriro modan jarri da Artikoko inuit jendeaz egin zuen ikerketa sakona, eta Parisko Trocaderon dagoen Musée de l’Hommen nabari omen da haren eskua oraindik.

Sozialista iraultzaile eta lehen kooperatiben mugimenduko kide ere izan zen Mauss. Ez hala ere marxista. Barrutik ezagutu zuen Sobiet Batasun jaio berriko sistema, eta ikaratuta etxeratu ei zen. Boltxebikeen terroreagatik eta demokraziarik ezagatik, baina baita ere han merkatua desegin ezin izan zutelako. Komunisten “helburuek bitartekoak justifikatzen dituzteneko dotrina zinikoa” ez zen Maussentzako kalkulu komertzial eraldatu bat baizik. Essai sur le don idaztea izan zen bere erreakzioa.

Maussek zioen zientzia sozial eta ekonomikoak oinarrian oker daudela. Gaur bezala, orduan ere giza harreman guztiak sal-erosketa klabeetan esplikatze ziren. Ekonomia antzinatean egiten omen zen trukea hobetzeko asmatutako diruaren garapena besterik ez zen. Maussen aburuz hori ere oker dago. Ordurako antropologo batzuek gizarte askoren funtzionamendua bestela esplikatzen zuten, taldeen eta kideen arteko dohainezko harremanen arabera. Batzuetan nork gehiago oparitu lehiaketan aritzeraino iristen ziren.

Maussek esplikazio zientifikoa aurkitu nahi zien teoria sozial eta ekonomiko nagusiek esplikatu ezin zituzten fenomenoei: elkarlanerako joera, taldearentzako sakrifikatzea, eskuzabaltasuna, etxeko atea zabalik edukitzea... Baina haren ideiak ahaztu samarrik geratu ziren 1980ko hamarkada arte. Urte horretan Alain Caillé soziologo frantsesak eta Gerard Berthoud antropologo suitzarrak sortu zuten MAUSS.

Dohainaren paradigma

Sylvain Dzimirak Une vision du paradigme du don artikuluan laburbildu ditu pentsakera honen ardatz nagusiak. Giza zientzietan zabalduta dagoen ikuspegi utilitaristaren arabera, gizakion interes partikularrak daude, konturatuta edo oharkabean, guk pentsatu, gastatu, bozkatu edo maitatzen dugun orotan. Eskuzabaltasunak berak atzean, inkontzientean akaso, interesa ezkutatzen du beti.

Aldiz, MAUSSeko jendearen arabera, dohaina berez da anti-utilitarioa. Interesak badaude, baina dohaina haiei kontrajartzen zaie. Dohainak etsaiak lagun bihurtu ditzazke, jendeen arteko harreman sakonak josi.

Bakearen eta gerraren artean dago dohaina, biziaren eta heriotzaren artean. Antropologoek deskribitu dituzte gizarte bereziak beren arteko etsaigoak oparika konpontzen zituztenak, ea zeinek emari handiagoa.

Dohainak eskuzabal izatea adierazten du: ordain segururik gabe ematen duenak eskuzabaltasunezko lotura sortzea nahi du. Horretarako, sarritan, dohain gehiago eman behar da gero ordainetan jasoko dena baino. Bestalde, dohaintzak, libre izanik, betekizuna sortzen du. Hor sartzen dira dohainaren hiru gakoak: ematea, onartzea eta ordainetan ematea.

Ematea libre da, onartzea eta ordain batez erantzutea diren bezala. Baina behartuak ere badira, derrigorrezkoak: derrigortuta hautatu behar duzu eman edo ez, hartu ala ez, itzuli ala ez. Azkenean, zure esku dago bake bidea ala gerra bidea hautatu.

MAUSStarren iritzian lan kontratuetan ere badago dohainetik. Langileak soldata jasotzen du, baina diruz ordaindu ezin dena ere uzten du, biziaren, izatearen eta denboraren zatiak lagatzen ditu lan harremanean. Horregatik iristen da laneko harremana kontratuan idatzita dauden baldintzetatik haratago. Zer esanik ez lan hori borondatezkoa denean.

Ez da harrigarri dohainaren teoriaz interesatzen direnetako asko mugimendu sozialetan ari diren militanteak izatea. Haien emankortasuna ez baitute erabat esplikatzen nagusi diren teoria utilitaristek. Bestalde, esplikazio arrazoizkoa eskaintzen dio militante horien intuizio edo sentimenduetako bati, hau da, gaur eskuartean dauzkagun ondasunak aurreko belaunaldiek edo naturak eskaini dizkiguten dohainak direla, eta horien ordaina eman beharra daukagula, xahutzeko partez.

Dohainaren inguruko bibliografiaren bila Aristoteleseraino edo atzerago iritsi daiteke. MAUSSekoek jazkera teoriko bereziz apaindu dute ordea urteotan. Baina ez litzateke joko teoriko sofistikatu bat baizik izanen baldin eta gertatuko ez balitz ideia hauen hausnarrean ari direla zenbait militante aurrerazale alternatibo, hala nola Decroissance mugimenduan dabiltzanak, tartean Serge Latouche ezaguna, 1995az geroztik gutxieneko diru sarrera minimo unibertsala aldarrikatzen ari diren batzuk.... Oro har, neoliberalismoaren kontrako militante aurrerazale ezagunak.

Maussismoaren ezaugarri batzuk honela definitu ditu Dzimirak: “Jakin behar da dohaintzen, ez gehiegi eta ez gutxiegi: eskuzabala izan, hartu dena baino gehiago eman, baina eman ahal izateko metatzen jakin; ez sentitu sekula zorretatik aske, kontratua beteta edo zerbaiten jabegoa eduki arren. Norberaren eta besteen ezagutza zuhurra behar da, norbere burua ez estimatu gehiegi baina ezta gutxiegi ere. Dohainaren moralak ez du esaten dohaina baizik ez dela bilatu behar: esaten du hobe dela moral guztiak busti daitezen dohainaren lurrinez”. Horra ematearen esplikazio laikoa.

Argazki oina: Artiko aldeko inuit familia, Edward S. Curtisek 1930 aldean ateratako argazkian. Inuit jendeaz urte luzez aritu zen ikerketan Mauss, eta haietaz idatzitako lanek azken urteotan berriro hartu dute fama. Munduko beste etnia eta kultura asko aztertu zituen Frantzian antropologiaren eta etnologiaren aitatzat daukaten Maussek. Antzinako gizarte askotan loturak dohainen gainean josten direla ohartuta eraiki zuen dohainari buruzko teoria, gako hirukoitzean bildua: dohaintza egin beharra, dohaina onartu beharra eta ordaina dohainez eman beharra.

 

Informazio gehiago:


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude