Ibarretxe-Lopez nagusi ezker abertzalea alboratu ondoren

  • Kanpaina ofizialeko lehen astea motel joan da, hala diote gehienek. Ibarretxe-Lopez da bikote nagusia, eta EAJ-PSE koalizioa gobernurako apustuetan lehenetsia. Ezker abertzale nagusiari berriz itxi zaizkio ateak.
Juan Jose Ibarretxe
Juan Jose IbarretxeJuan Carlos Ruiz/Argazki Press
Eguna joan eguna etorri, Eusko Legebiltzarraren lehenengo legealdietan 11-15 eserleku hutsik izaten ziren. HBren jarlekuak. Politika egin zezala eskatzen zitzaion ezker abertzaleko koalizioari, instituzioetan parte har zezala, behin eta berriz, eta HBk, asperduraraino ezetz, marko-politiko instituzionala legitimatzen zuela horrek.

Barne mailan ere eztabaida sutsuak izan ziren, esku-hartze instituzionalaren aldekoen eta kontrakoen artean. Eta azkenean baietz, Legebiltzarrean jarduteak onurarik bazuela adostu zuten. Legitimazio kontuak ez ziren jada horren garrantzitsu, edo hobeto esanda, sitsak barrutik egingo zion kosk eredu instituzionalari.

30 urte geroago, aldiz, haiek parte hartu guran, eta sistemak ezetz, ETAkoak direla eta ezetz, utz diezaiotela ETAko izateari eta orduan baietz; edo kondena dezatela erakunde armatua eta orduan baietz; edo aldendu daitezela sikiera...

Martxoaren 1etik aurrera ez da eserleku hutsik egongo Gasteizko Legebiltzarrean, baina ezta legez kanpoko ezker abertzaleko kiderik ere, EAEko populazioaren %15 inguru bertan ordezkatu barik geratuko da. Ondorioa garbia bezain ezkutatua da, Eusko Legebiltzarra ez da demokratikoa izango. Zer egin horren aurrean? Bakoitzak bere errezeta dauka.

Ari, ari, ari, Lopez...

Patxi Lopez, horixe da hauteskunde hauetako bigarren osagai garrantzitsuena, ezker abertzaleko indar nagusia legez kanpo utzita, Ajuria Enera iritsi daitekeela. 2001ean Jaime Mayor Orejak ere saio sendoa egin zuen, baina mamu espainiarraren beldurrak Juan Jose Ibarretxe aupatu zuen harrigarri. PPren jipoiak eta orduko ikasgaiak bereganatuta PSE-EEk oso bestelako kanpaina bideratu du. Frontismoaren iruditik aldendu, zentrismoa areagotu, irudi euskaltzalea pittin bat indartu, aldaketaren bandera astindu... eta ETArekiko azken negoziazioa saioa aupatu. Gezurra badirudi ere, PSE-EEko lehendakari Jesus Egigurenek horixe pentsatzen du, azken negoziazio saio horrek hegoak eman zizkiela iazko hauteskunde orokorretan eta orain hego horiekin sartuko direla Ajuria Eneko leihotik. Hori dio behintzat Jose Luis Barbería El País-eko kazetariak, eta ezaguna da Egigurenek Loiolako operazio osoaz egiten duen defentsa. Oraindik orain, PSOEn bera da gatazka bortitzaren amaierarako ETArekiko elkarrizketa publikoki defendatzen duen ia bakarra.

PSE aparretan

2009a ez da 2001, eta horrek artega jarri ditu jeltzaleak. Apurka, aldaketa garrantzitsuak izan ei dira euskal gizartean: ez ei da horren abertzalea, gatazkarekiko akitua ei da kasurik onenean; ENAMen –ETAren mundua esaten diote politikoki zuzenek– esparru politikoaz higuindua, Espainiako gobernuaren gehiegikeriez paso egiteraino nazkatua; jeltzaleen 30 urteko gobernuaz aspertua... Arrazoi horiek eta Zapatero haizeak azalduko ei lukete azken bi hauteskundeetan –foru-udal eta Espainiako orokorrak– PSEk horren emaitza onak izatea. Sozialisten ingurukoek azaldutakoak dira, baina jeltzaleen arteko askok ere barneraturik dituzte, eta horrexegatik dira beldur.

Egia esan, ez ziren txantxetakoak izan aipatutako emaitzok, 2005ean autonomiko batzuetan izandako boto kopuru handiena lortu zuten, 275.000 bototik oso gertu; iazko orokorretan, aldiz, EAEko hiru lurraldeetan irabazle atera ziren lehenbiziz, lehian ziren 18 diputatuetatik erdia bereganatuz. Ezpal horietatik ondorioztatu dute oraingo balizko garaipena, argi ikusten den moduan, ez arrazoi makalekin.

Ibarretxe ez

Juan Jose Ibarretxe da hirugarren erpineko burua, eta laugarrengoz aurkezten da lehendakaritzara, baina askok pentsatzen dute ez dela berriz lehendakari izango, ezta EAJk irabazita ere.

Inkesten arabera, PPk eta PSEk izango dute gehiengo osoa, hori da ezker abertzaleko adierazpen nagusienaren debekuak Legebiltzar berriari dakarkion ondorio funtsezkoa. Ezker abertzaleko boto askok egin beharko luke EAJra, EA, EB edo Aralarrera, edo azken hiru hauetatik EAJra. Eta ez dirudi behar beste izango direnik.

PPk eta PSEk gehiengo osoa erdiestekotan ikusi beharko da Patxi Lopezek behin eta berriz errepikatu duena betetzen duen, alegia ez duela akordiorik egingo PPrekin. Baina ez du bere berbarik irentsi beharrik, nahikoa du PPk, besterik gabe, emango dizkion botoak onartzea eta kito.

Baina ez da hori PSEk nahi duen jokaldia. PPtik urruntzeak ekarri du egungo egoerara, besteak beste, eta gainera horrek PPren eskuetan utziko luke legealdi osorako. Askotan adierazi duten bezala, jeltzaleekiko koalizio gobernua da beren helburua, sozialistek hauteskundeak irabaziz gero Lopez lehendakari dela, jakina; eta bestela ere bai... baina Ibarretxe barik.

Ortuzar bat eta bi Bilbao

Patxi Lopez ez da Ibarretxe lehendakari den gobernuan izango. Sarri errepikatzen dute hori, eta badu bere logika. Eta Ibarretxe Lopezen sailburu? Bistan da ezetz. Orduan? Hipotesiak barra-barra ari dira.

Imanol Muruak aipatu izan du Berria-n, Andoni Ortuzar izan daitekeela Ibarretxeren ordezkari, baina baita atzeko postuetan kamuflatuago dagoen Jose Luis Bilbao ere. Eta gogoratu izan du Jose Antonio Ardanzarekin antzera gertatu zela, Gipuzkoako diputatu nagusi zela atzean zegoela zerrendetan, baina aurrekoen dimisioez heldu zela hautatua izatera lehenik, eta bigarrenik lehendakaritzara. Ortuzar eta Bilbao biak dira Iñigo Urkulluren sokakoak EAJn eta, besteak beste, biek dute aginte esperientzia, euskaldunak dira eta zeharkako politiken miresle ere agertu dira.

Beste hipotesia Pays Basque Info agerkari digitalaren lerroetan irakurri daiteke. Ortuzar baztertzen da, hau BBBko lehendakari delako eta alderdiko tradizio bizefaloaren aurkakoa delako. Emakumezko bat lehenesten da Ibarretxe ordezkatzeko, Bizkaiko zerrenda jeltzaletan lehena izateaz gain, Legebiltzarreko egungo lehendakaria ere badena: Izaskun Bilbao. Aipatzen da, halaber, EAJ-PSE koalizio batek hiru kutxen fusioa ekarriko lukeela eta alderdi biek ondo ikusiko luketela Ibarretxe Kutxa berriaren lehendakaritzan.

EA, EB, Aralar... polarizazioak estu jarri ditu

Unai Ziarretaren zerrendakoek sekulako ahalegina ari dira egiten polo soberanista ospetsuaren erreferentzia gune nagusi gisa agertzeko eta bitxia da bere hizkuntza garai batean HBk behin eta berriz errepikatzen zuen hartara nola hurbiltzen den: “Egungo markoa agortua dago eta beste marko juridiko-politikoa behar da”, zioen ETB1eko debatean Ziarretak.

Sarri iragarri zaizkio hil ezkilak EAri, baina 23 urtez eusten ari da. Hala ere, eta beretzat hauteskunde egokienak izan ez arren, iazko hauteskunde orokorretako 50.000 botoak urrutiegi daude 1986an eskuratutako 181.000 haietatik. Orduan, HBk moduan, 13 parlamentari erdietsi zituen. Unai Ziarreta Bizkaian aterako ote den, hori da jeltzaleen artean egiten ari diren apustua, Alberto Suriok El Diario Vasco-n aipatutakoaren arabera; horretarako Bizkaiko botoen %3 gainditu beharko luke. Gipuzkoan sektore kritikoak jarri duen ilusioa ere ez da kanpaiak jotzeko modukoa izan.

EAJ behin eta berriro erasotzen du EAk, baina jai, honek ez du kosk egiten. Hori da PPri PSErekin gertatzen ari zaiona. Edo EBri PSErekin, kasurik ez. Handienak elkarri ari dira mokoka, polarizazioa zergatik den argi agertu guran.

Patxi Lopezek aurrez aurrekora eraman nahi izan du irudia, baina Ibarretxek paso. Bere euskaltasuna agerian utzi nahi izan zuen ETB1eko debatean, bere arerio nagusiaren ahulgune esanguratsuenetakoa agerian utziz. Edozein modutan, gaur txuri bihar beltz, Ibarretxek berak 2001ean Jaime Mayor Orejari eskatutako –eta honek ukatutako– aurrez aurrekoa ezeztatu dio Lopezi.

Ezker Batuak laster ikusiko du zein den azken lau urteetan Jaurlaritzan izatearen ondorioa. Oscar Matute eta enparauek antolatutako matxinadak ez bide die mesederik egingo, eta bere baitan izan dezakeen sektore espainiarzaleenetik ere asko eror daitezke Lopezen sareetara.

Aralarri zenbait inkestek bizpahiru parlamentari ematen dizkiote. Oro har, inkestek sarri eman izan diote gehiago, baina egia da oraingoan, legez kanpoko ezker abertzalearen eserlekuak ere banatu behar direla. Orain arte bederen, EA eta EBrekiko lehian, hauek gailendu zaizkio Zabaletaren alderdiari.

PPk guardia zaharra atzean utzi eta gazteak atera ditu dantzara, baina nabarmen egingo bide du atzera eta, inkesten arabera, Rosa Díezen PyDk egingo dio kosk Antonio Basagoitik gidatzen duen lurrikarari. El País-ek bederen argi du, orain da PPren inguruan pilatu dituzten ustelkeria zantzu guztiak azaleratzeko unea.

Gizartearen %15 hori

Martxoaren 1eko gauean Legebiltzar berriaren osaketari begiratuko zaio, zalantza barik, baina baita kanpoan gelditzen direnei ere. Zehaztea samurra ez bada ere, 2003tik gaurdaino legez kanporatutako ezker abertzaleak 150.000 bototik gora lortu izan du aurkeztu den gehienetan, 180.000ra ere inguratuz. Bere hautesle fidela hor dela ikusiko da berriz ere, hori ez dela errepresio hutsez ezabatzen.

Baina ezker abertzaleko indar nagusian badakite, halaber, une oso gaitzak bizi dituztela, eta seguruenik, aurrera begira hobetzeko baino okertzeko joera izango duela. Polo soberanistaren aldeko ahaleginak antzeman daitezke, baina hori urteetako lana da. Nekez pentsa liteke gutxieneko adostasun zenbait barik, euren ilegalizazioa salatzen duten alderdiak –ez oso ozen, hori ere egia da–, hauteskundeetan boikoteraino iritsi daitezkeenik.
Itziar Lopategi, ezker abertzaleko kidea
"Lotsagarria da kanpainan ezer gertatuko ez balitz bezala jarraitzea"

1990az geroztik lehenbiziz geratuko zarete Eusko Legebiltzarretik kanpo.


Onartezina eta eskandalagarria da. Ezker abertzaleko erakundeak hauteskundeetatik kanpo uzteko argudioek ez dute ez hanka ez bururik, baina 2003an hasi ziren jokoarekin jarraitzen dute, eta harrez geroztik legez kanporatzeei espetxeratzeak gehitu zaizkio gainera. Ezker abertzaleak behin eta berriz esan du egoera zein larria den, baina beste batzuen iritziz ere larria da egoera, horixe esan zuen NBEko kontalari bereziak duela gutxi hemen izan zenean.


Zer jokabide eskatzen diezue beste alderdiei?


Badira egoera salatzen duten alderdiak, baina gero ezer gertatuko ez balitz bezala jarraitzen dute hauteskunde kanpainan. Lotsagarria da. Hitzek ez dute ezer balio ekintzara eramaten ez badira. Desobedientzia zibilaz asko hitz egiten da, baina zertarako balio du horrelako egoera baten aurrean ezer egiteko gai ez badira?


Eta zer da alderdi horiek egin behar zutena? Ez aurkeztu?


Hauteskunde hauek ez dira demokratikoak eta, beraz, horren arabera jokatu beharko lukete. Planto egin eta beste esparru bateranzko estrategia abiarazteko une egokia zen hau, baina argi ikusten da ez daudela horretarako prest.

2001ean ezker abertzaleko boto askok egin zuten Ibarretxenera. Polarizazioaren ondorioz, ba al duzu halako beldurrik?


Komunikabideen indarra handia da, baina ez dut uste EAJk ezker abertzaletik botoak eramango dituenik. Egia esan, Ibarretxek-eta ez dute lotsarik: gure ilegalizazioarekin zer eta haiek dira kaltetuenak eta ez gu, Espainiako Gobernuak beraiek kaltetzeko egina dela, Lopezek irabaz dezan. A zer larru sendoa! Egia esan, guretzat berdin dira txarrak bata zein bestearen garaipenak.

Ezker abertzaleko jende ugari da espetxean bere jarduera politikoan aritzeagatik. Ausardia ere behar da orain zerrenda batzuetan agertzeko.


Ezker abertzalea ez dute modu horretan suntsituko. Errepresioak ez du sekula herri honen askapen gosea desagerraraziko. Jakina, egoera larria da eta kezka barruan daukagu, baina sinesten dugu gure proiektuan eta ilusio osoz ari gara lanean.

Azkenak
Jaioberrien orpo-proban gaitz gehiago aztertzera behartuko du Osakidetza Espainiako Gobernuak

Jaurlaritzari koloreak atera dizkio Espainiako Gobernuak: Osakidetzak iragarri berri duenean jaioberriei egiten zaien orpo-proban hamalau gaitz antzeman ahalko direla aurrerantzean, gutxienez 22 gaitz behatu beharko ditu, Madrilen aginduz. Nafarroak dagoeneko 30 gaixotasunen... [+]


2024-04-24 | Juan Aldaz Arregi
Athletic zuri ta gorria, zu zara nagusia, baina zertan?

Gizonezko futbol profesionalaren gaitasun (im)mobilizatzaileari buruzko hausnarketa soziologikoa (artikulu hau EHUren Campusa aldizkariak argitaratu du)


Neskak eta ikasketa zientifikoak: 6 urteetatik unibertsitatera bitarteko harreman gatazkatsua

Neskek gaitasun matematiko eta zientifikoekiko txikitatik duten pertzepzio, autopertzepzio eta bizipenen eraginez, zientzia arloko ikasketei muzin egin eta bestelako karrerak aukeratzen dituzte. Hala dio ikerketa berri batek.


Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Eguneraketa berriak daude