Hor nengoen ni


2009ko otsailaren 01ean
Katixa Agirre
Iñigo Azkona
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Gehiegi, gutxiegi, nahikoa... nola jakin neurri egokian edo neurriz gain ari garen? Eiderrek galdetu izan balu: “Ez al zaizue iruditzen zutabegileon artean norbere buruaz hitz egiteko joera zabaltzen ari dela?”. Nik baietz erantzungo nioke, ohikoak direla oso zutabegintzan “ni”, “nire”, “niretzat”, “nire aburuz”, “nire lagun batek dio” eta horrelakoak. Eta gainera esango nioke Gabriel Arestik aspaldi eman zigula koartada perfektua nitasun horretan tinko mantentzeko: “Nire buruaz mintzatu behar dut, hura delako (ni naizelako) hobekien ezagutzen dudana” eta abar.
 
Baina Eiderrek “gehiegi” bat tartekatu du bere esaldian, eta bururatzen zait akaso zerbait aurpegiratu nahi digula, alegia, gu ez garela poetak eta, beraz, ezin dugula babestu Arestiren aldarriaren pean, eta aspergarriak ere suertatzen garela geure zilborrari begira eta nartzisismoak, finean, zutabeak usteldu besterik ez dituela egiten.
 
Neu ere nire buruaz mintzatzen naiz, edo neure burutik, edo neure buruarentzat, beste inorentzat baino gehiago. Zoritxarrez nik ez ditut, Arestik bezala, nire kale kantoi guztiak ezagutzen, baina saiatu egiten naiz –esloganak dioen moduan: nosce te ipsum–, eta ez dut aukerarik pasatzen uzten: hara hor neure buruaz idazteko arrazoi bat. Gainera, ze arraio, orain arte, zutabe bat idazteko eskatu didaten bakoitzean bi baldintza ezarri dizkidate: karaktere kopuru zehatz batera mugatzea eta idazkia data zehatz batean entregatzea. Salbuespen modura ttakun (h)errenka hau aipatu daiteke, non, gure aurretik datorrenaren amua harrapatu behar dugun –dena den, ondo dakigu erraza dela dotoreki izkin egitea eta jarduna norberaren eremura bideratzea–. Baina, orokorrean, edukiaz, ikuspuntuaz eta izenordeen erabileraz, txintik ez didate agindu. Eta eskerrak. Preskripzioak medikuentzat. Neure egiten ditut idazle batek orain dela gutxi aitortu zuena: “Ez nuen nahi inork esatea zeri buruz idatz nezakeen”.
 
* * *
 
Nire –bai, nire– lehenengo blogak Onanismo Onirikoa zuen grazia. Argi uzten nuen izenburutik masturbazio joko bat izango zela hura. Gauza da jendeak estu hartu zuela jokoa, eta gehiegikeria, zehaztasun falta edo fikzio tantaren bat tartekatzen nuenean, kontuak eskatzen zizkidatela. “Hori ez zen horrela gertatu” edo “zu ez zara horrelakoa” uzten zidaten idatzita iruzkinen txokoan. Ipuin liburu bat kaleratu nuenean, aldiz, lagun eta ezagun orok aurkitzen zuten nire ezaugarriren bat fikziozko pertsonaien baitan. Bat ere ez zen libratzen. Hor nengoen ni. Ezkutatuta. Baina ezagutzen nindutenentzat, agerian.
 
Eta nik kontra egiten nien arren –“ezetz ba, hau fikzioa dela...”– neure buruari behintzat aitortu behar izan nion nitik zer edo zer egon behar zuela pertsonaia eta beren ekintza zein elkarrizketetan.
 
Metonimia diozu, Juanjo, baina metonimia bakarrik? Metafora, analogia, pertsonifikazio, sinekdoke, oximoron, hiperbole eta antonomasia ere izan daiteke ni hori. Hau da, idazterako orduan, helduleku eta baliabide bakarra. Ihes egiten saiatzen naizenean ere, hor dago nia. Besteei buruz hitz egin nahi dudanean ere, besteak nik nola ikusten ditudan baino ezin dut azaldu. Aresti aipatzen dudanean, Arestiren hitzak nire egin ditudalako izango da. “Nire zihorraz neurtu behar dut mundua”. Zoritxarrez. Zorionez.

ASTEKARIA
2009ko otsailaren 01
Azoka
Azkenak
Eguneraketa berriak daude
Bi haur Palestinako banderarekin
Aste honetan zenbaki berezia: Genozidioa gelditzeko, Israeli boikot
Herrien arteko elkartasunari gure aletxoa jarri nahi izan diogu. Euskal Herritik, euskaraz, herrien munduaren alde. Geldigaitza dirudien basakeriaren aurrean, duela bi urte bezala, ahotsa altxatzeko beharra sentitu dugu.