Joan den asteburuan bukatu da Euskadiko CCOOren Kongresua, batere tentsiorik gabe eta sentsibilitate guztiak batuta. Horren adibide da Unai Sordo. Idazkari nagusi berriak ordezkarien %84,32aren babesa jaso du. Era berean, José Onaindi idazkari nagusi ohiaren txostena ordezkarien %91k baino gehiagok onartu zuten. Idazkari nagusi berria 1972an jaiotakoa da eta EHUn lan-harremanetako graduduna. Ordezkarien aurrean egindako lehen hitzalditik adierazi zuen jarraipenaren eta zentralitatearen alde arituko dela. Zera ziurtatu zuen: zentralitatean oinarritutako lan harreman eredua defendatuko duela, bai negoziazio kolektiboaren orduan eta baita esparru politikoan ere. Sindikatua nazionala izatea aldarrikatu zuen, nahiz eta bere jarduna Euskal Autonomia Erkidegora mugatzen den, eta Nafarroan eta Espainiako Estatuan, bestelako antolaketa egiturak dituen. CCOOrentzat ikuspegi sindikaletik Iparraldea ez da existitzen. Siglak aipatu gabe ELA eta LAB kritikatu zituen, gehiengoa biltzen duten sindikatu abertzaleak.
Euskadiko CCOOko, ELAko eta LABeko idazkari nagusiak aukeratu berriak dira, belaunaldi berrikoak, gazteagoa. Ona eta baikorra litzateke industria krisiari (gorantz azkar doan langabeziari) aurre egiteko, norberak bere estrategiak mantenduz, indarrak batuko balituzte. Ahalegina egin behar da kapitalismo basatiaren aurka borrokan egiteko, enplegu erregulazioko espedienteen gehiegikeria saihesteko, negoziazio kolektiboan enpresen xantaia ebitatzeko, lan ezbeharren aurka borroka egiteko, eta abar.