Zergatik da galtzear Lima inguruko jacaru hizkuntza?


2009ko urtarrilaren 09an
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Nila Vigil hizkuntzalariaren blogari segika ibiltzen gara eta oraingoan Guido Pilares hizkuntzalari limarraren berri eman digu. Peruko hizkuntza tradizionalak aztertzen dituen honen blog hasiberria aurkeztu digu: Rio Olcymo (olcymorio.blogspot.com). Abenduko artikuluetan ondokoa aurkitu dugu, Lima inguruko jacaru hizkuntzaren desagerketaz:
 
“Zergatik hiltzen da hizkuntza?
 
Jacaru: aimara familiako hizkuntza da, Yauyosen, Liman, Tupe eta Cachuy barrutietan hitz egiten da. 1993 arteko datuen arabera mila bat hiztun zituen. 2003an errolda egiten saiatu nintzen eta 750 hiztun baino gehiago ez nituen kontatu.
 
Ez dut gogoan non, artikulu edo elkarrizketaren batean, Rodolfo Cerrón Palomino ilusioa galduta ageri zen jacaru hizkuntzaren etorkizunaz. Hizkuntza fosilizatzen ari zela ikusi zuen eta indarberrituko zenaren zantzurik ez zion hartu. Jacarua idazteko modutan zeuden desadostasunek kezkatzen zuten Martha Hardman eta zioen hankasartze linguistiko bakoitzeko hil kutxak iltze bat gehiago zuela. Oztopo ugarirekin egin du estropezu Luis Vásquezek, hala nola, interes pertsonalak, oztopo burokratikoak, irakasle ezgauzak, hezkuntzan bat etorri ezinak, gobernuen arduragabekeria... Duela bi urte, Power Pointa bidali zigun bazterketa sozial eta muturreko pobreziaren irudiak azalduz. Bere mezuetan adierazi zuen, kezka agertutako edonori utziko ziola berak porrot egin zuen horretan lanean jarraitzen. Power-ak esan nahi zuen berak jardun horri utziko ziola. Ilusioa zeharo galdu zuen. 2007ko abuztuaren 16an lurrikara izan zen eta Tupe herria, jacaru hizkuntzaren gotorlekua, ia guztiz suntsitu zen. Biztanleak Lima eta Cañetera joan ziren. Tupe 300 bat bizilagunekin geratu zen; zaharrak eta ume batzuk harri eta adobe artean.
 
Zergatik hiltzen da hizkuntza? Hiztun kopuru gehiagoko hizkuntzak setiatzen duelako? Jacaruak hain justu uharte izan delako iraun du, Yauyoseko ketxuaren eta itsas erriberetako espainolaren artean. Orduan, hiztunak pobre direlako hiltzen al da? Burokraziaren trakeskeriagatik? Naturaren astindu ankerrengatik?
 
Ala hiltzen uzten dugulako?”.

Azkenak
Eguneraketa berriak daude