Testosterona


2009ko urtarrilaren 11n
Katixa Agirre
Iñigo Azkona
Hori suertea nirea, Juanjo, ez duzu tokirik izan Beatriz Preciadoren azken liburuaz hitz egiteko, eta niri pasa didazu txanda –inplizituki bada ere–. Nik ez dut bere azken lana irakurri, baina Volgako Batelariok egiten baduzue, zergatik ez nik? Zergatik ez egin irakurri ez dudan liburu baten kritika? Tira, kritika ere ez dut egingo, testosteronari egiten dion erreferentzia harrapatuko dut, besterik ez. Harreman berezia baitaukat hormona horrekin, gerora argituko dudanez. Izan ere, Testo Yonqui delako horretan testosteronarekin izandako bere esperientzia kontatzen du filosofoak. Zortzi hilabetez testosteronaz horditu da –gel antzeko bat azalean igurtziz– eta liburu batean kontatu ditu jasandako aldaketak eta sentsazioak. To autofikzioa!

Preciadok bere gorputza erabili du laborategiko arratoi gisa, bere garaian Freud-ek –kokainarekin– edota Benjamin-ek –haxixarekin– egin bezala. Autofikzio-mediko-politikoaren esparruan ere, bistan da, zaharrak berri.

Testosterona, Preciadoren aburuz, droga politikoa da, gaur egun estatuak kontrolatuta: sexuz aldatu nahi baduzu, botere biomedikoak genero disforiko gisa izendatzen bazaitu, kasu horretan bakarrik lortuko duzu hormona maskulino delakoa legalki. Hormona femeninoak, ordea, erraz eta erruz lortzen dira edozein farmaziatan, pilula antisorgailuaren bitartez, batez ere. Hormona “femeninoak” edo “maskulinoak” deitzen zaie, baina gizona zein emakume izan, bi motatako hormonak izango ditugu. Proportzio desberdinetan, noski, hor omen dago kontua.

Neu ere iraultzaile transgeneriko sentitu nintzen dermatologoarenera joan eta medikuak nire akne kronikoaren arrazoia aurpegiratu zidanean: testosterona gehiegi. Gehiegi zeren arabera? Emakumeek izan beharko luketen mailarekin konparatuta, noski. Neuk ere izan dut nire abenturatxoa testosteronarekin, eta dagoeneko esan dut zeintzuk izan diren ondorioak: grano mordo bat aurpegi eta bizkarraldean.

Horregatik, barkatu, Beatriz, baina ni ez naiz testosterona –gehiago– probatzera animatuko. Iraultza trans eta queer guztien lotsa izango naiz, baina nire irudiaz bizi naiz, eta zaindu beharko, zer nahi duzue.

* * *

Baina ze ari gara, Juanjo! Ttakunkide batek egin digu alde, agurtu egin da eta guk ez diogu agurrik ere esan. Hain gaude murgilduta genero-teknologia eta antzeko uretan, Ur ahaztuta gelditu zaigula. Apalategi jauna, irailetik ibili gara hemen, ttakunka, batera. Plazera izan da. Izango dugu elkar ikusteko edo beste nonbaiten lau –edo sei– eskutara idazteko aukerarik, akaso.
Baina ARGIAko mundutxo hau berezia da oso: lagun batek alde egiten duenean, beste lagun berri bat egokitzen zaigu, txalaparta honen inguruan antolatutako ménage à trois hau apurtu ez dadin. Bizitzan gutxitan gertatzen dira horrelako ordezkapen automatikoak. Botere biomedikoak “emakume” izendatu duen pertsona bat omen datorkigu Urren hutsunea betetzera. Baina horrek ez du ezer esan nahi orri iraultzaile transgeneriko honetan. Beraz, jakiteke dago oraindik aurrerantzean nola geldituko den testosterona maila gure txokotxoan.

Dena den, ongi joan, abiatu berri denari. Eta ongi etorri, ailegatzear dagoenari.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude