Oliturriko bandiduak

I

Mila zazpiehun eta
laurogeigarrena,
matxinada osteko
urte gogorrena.
Soldaduei ihesi
larri zebilena
Arnon ezkutatzen zen
basoan barrena.

II

Ormolako artadian
haran ta gailurrak,
haitzulo nahiz karobiz
jositako lurrak.
Bertan ezkutatuta
jauntxoei beldurrak
bizi ziren motxaila
ta bide lapurrak.

III

Haietako bat Txomin,
txondorgile hura
babes bila joana
Arno ingurura.
Aurpegia ikatzez
zikintzeko ohitura,
hargatik zetorkion
“Txomin Beltz” deitura.

IV

“Torre” ta “Martin Txiki”
alproja parea,
baita “Xanturu” eta
Don Jose abadea,
hala osatu zuen
Txominek taldea
“jantxakurrei” lapurtu
zen euren legea.
V

Arrats hartan Lekonden
izara zuriak
balkoitik eskegita
propio jarriak.
Arnoko talaiara
seinale garbiak:
urteko zerga bila
badatoz guardiak.

VI

Lekondeko Joxeri
Txominek honela:
“to dirua ta erosi
ardo ta okela.
Eman guardei edaten
inoiz ez bezela,
masailak gorrituta
irten daitezela”.

VII

Hala atera ziren
guardak mantso-mantso...
Martin Txiki zelatan
zuhaitz gainetik so.
Hark abisua pasa,
besteek eraso,
jipoi eder bat eman
ta zakua jaso.

VIII

Baserritarrei eman
guardek lapurtua,
dirua taldearentzat
hala zen tratua;
Ormolan omen zuten
ezkutalekua:
Oliturri inguruko
koba sekretua.

IX

On Julian de Zabala
Lasalde-Ederreko
jauntxoa ez zegoen
umore oneko.
Soldaduei agindu
prest zela emateko
ehun ta hogei erreal
buru bakoitzeko.

X

Astigarrabiatik
Ormola aldera,
hirurogei soldadu
baziren denera.
Txominek antzemanda
haien etorrera
ihesi joan ziren
Ameikutzen behera.

XI

Soldadu gehiago zain
zeuden Ameikutzen!
Aurrez prestatutako
tranpa zen hain zuzen.
Trabuko tiro hotsak
entzun ziren ozen
“bandiduen” azkena
huraxe izan zen.

XII

Bukatzeko kondaira
gogoangarria,
baserritarrek jarri
zuten hilarria.
Jakin nahi duenak non
dagoen jarria,
bisitatu dezala
Ameikutzko harria!

Oharra: Mutrikuko Bertso Eskolak antolatutako XXIII. Okelar Sariko sorta irabazlea.

Doinua: “Markesaren alaba”

ASTEKARIA
2009ko urtarrilaren 11
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude