Antzaren bidea

  • Mikel Antza::Lehen bilduma 82-84

    Susa, 1985

    orrialdeak ::64+62

    prezioa ::5,70€

Eztabaida izan dut nire buruarekin, zilegi ote den liburu iruzkin baten hasieran “literaturan dena esana dago” topikotzarra jartzea. Mikel Antzaren Lehen bilduma 82-84 liburuko Amodiozko istorio bat ipuina irakurri bitartean etorri zitzaidan topikoa burura. Izan ere, queer mugimendua gu guztion ahotan den honetan, gutxienez bitxia da atzera begiratu, eta ikustea 1983rako, zuri gainean beltz, narratzaile euskaldun batek idatzia zuela katu transexual batekin maitemindu zeneko istorioa. Ez dugu ezer asmatuko.

Liburua 1985ean argitaratu zen, aski forma bitxian: bi azal ditu, eta binilozko disko bat bezala, A eta B aldeak. Alde bateko ipuinak bukatu eta bestekoak irakurri nahi izanez gero buelta eman behar diozu liburuari. Kanpoko itxuran behintzat geroz eta liburu estandarragoak publikatzen diren honetan, –uste dut argitaletxeek sailen batasunari lehentasuna eman diotela, obra indibidualaren kaltetan– artisau lanaren tankera hartzen du Antzaren honek.

Baina itzul gaitezen mamira –testu hau bai aldrebesa ari dela ateratzen, mon dieu–.

Idatzi ziren urteez aparte elkarren artean lotura handirik ez duten ipuinak dira, eta liburu bakarrean bilduta, osatzen dute, musikan single bilduma bat izango litzatekeenaren antzeko zerbait. A aldeko lehen bi ipuinek, alegoriak baliatzen dituzte, idatzi ziren garaiaz jarduteko: adibidez, Suzko gezi bat bezala ipuin ezagunean azaltzen den editoreak poesia mespretxatzen du, garaiko euskal editore batek egin zuen maneran.

Matrioshka tankerakoak dira liburuko beste hiru: ipuinen barruan ipuinak gordetzen dituzte. Horietan borobilena, nire irudiko, Irrati lokutore baten heriotza da, bere sinplean K.O. azkarra lortzen duelako, irratiko eskaleta baten tankerara osatutako narrazioarekin. Xabi “Metal” Agirreren istorio labur eta tristea-k punk giroko klixe estetiko batzuk erreproduzitzen ditu –sexua, droga, rock-and-rolla– eta esango nuke urteek ez diotela onik egin.

Denetan estilo lauena, molde narratibo sinpleena erabiltzen duen Itzulerarik gabeko gunean da, ene ustez, gutxien higatu dena. Eta paradoxikoa ere bada, zahartzaroaz diharduen ipuina izanik. Liburuko istorioen artean azkena izan zen, 1984ko abuztuko data dauka: Antzak, narratiban, sasirik gabeko bidea dauka aurretik momentu hartan. 1987an publikatu zuen Odolaren usaina-k konfirmatzen du, lan borobilagoa izan baitzen, Xabier Mendigurenek aldizkari honetan egin zion kritikan irakur daitekeenez.

Ez dakit orain, kartzelan, Mikel Antzak idazten jarraitzen ote duen. Eta jakin nahi nuke.

ASTEKARIA
2009ko urtarrilaren 11
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


2024-04-29 | Jakoba Errekondo
Pagoaren kontuak

Geroxeago baina hemen da. Inguruan dituzten gainontzeko zuhaitzak baino beranduago janzten dira pagoak (Fagus sylvatica). Bizitzeko baldintza “gogorragoak” nahi izaten ditu: toki hezeak eta freskoak. Baina izotzari beldurrak bizi da.


2024-04-29 | Garazi Zabaleta
Elkea
%100 Amezkoako garagardo ekologikoa, olibondoak eta beste

Elkea proiektuan produktu asko eta desberdinak ekoizten ditu David Ruiz de Galarreta Azpilikueta ekoizle amezkoarrak. Olibondoekin hasi zen, baina fruta arbolek, lekaleek eta zekaleek ere beren tokia egin dute proiektuan urteotan. Eta, orain, jarduera berri bat gehitu die... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Eguneraketa berriak daude