Joxan Ormazabal

Xabier Mendiguren Elizegi
Dani Blanco
Izenburuko izen-abizenak ikusita, irakurle gutxik jakingo du nortaz ari naizen, gure lan-sektoretik kanpo. Eta hala ere, Astoa ikusi nuen, Txoria nintzela edo Tximeleta mendian abestiak idatzi zituela esanez gero, besteak beste, ez da egongo adin batetik beherako euskaldunik Imanol Urbietak musika jarritako kantu horiek abestu ez dituenik, asto betaurrekodunarekin fubolean aritzearekin amets egin ez duenik. Ez dira gutxi izango, halaber, Tapia eta Leturia edo Imuntzo eta Belokirentzat idatzi zituen kantuen erritmora erromerietan dantzan ibilitakoak: Maitatzen zaitudalako, Estresa, Gizontxo gizentxo...

Gure hedabideetako hemeroteketan hasiz gero Joxan Ormazabalen izenaren bila, bakanak izango dira topatuko ditugun elkarrizketak edo hari egindako erretratuak. Eta hala ere, hogeita hamar liburutik gora idatzi ditu, horietako batzuk nahi adina edizio izan dituztenak eta Euskal Herriko haur gehienek irakurriak; Ilunorduak eta argilaurdenak bere azken poema-bildumarekin nuen esperantza, Haur Literaturako Euskadi Saria emango ote zioten, baina ez da zorterik izan. Ez dio inporta ere, bera ez da inoiz inongo saritara aurkeztu nik dakidala, baina aukera polita izango zen nolabaiteko esker on publikoa erakusteko.

Izan ere, bat behar bada, Joxantonio Ormazabal izango da euskal haur literatura modernoaren zutabe nagusia, horren aitortza sekula egin ez bazaio ere; berak idatzi dituen ipuin eta poemez gainera (bere izenean eginak batzuk, eta egiletza aipatu gabekoak beste hainbat), baditu taldelanean egindakoak ere (Mariasun Landarekin, adibidez); horrez gain, zientoka izango dira euskaratu dituen liburu eta liburuxkak, eta are gehiago editatu dituenak: haurrentzat idatzi dugun euskal idazle gehientsuenok izan dugu, noizbait, haren aholku eta laguntza.

Eta hala ere, Joxan ezagutzeko zortea izan dugunontzat, haren alderdirik azpimarragarriena ez da sortzailearena edo eragilearena. Haren umorea, haren eskuzabaltasuna, haren bihotz handia nabarmenduko genuke oroz lehen.

Despedida kutsua duten arren, hitz hauek ez dira, zorionez, hil osteko laudorio eta goresmenezkoak; erretiroa hartzera doa Ormazabal, eta euskal kultura aberasten eta neska-mutilak alaitzen jarraituko duela espero badut ere, hogei urtean hurbil-hurbileko lankide izan dudanaren konpainia galduko dut nik, haren txantxa eta xelebrekeriak, haren ateraldi eta sen jatorra: “Ez ahal zigutek dantzatutakoa kenduko, e, Joxan”.

ASTEKARIA
2009ko urtarrilaren 11
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude