«Jokalariek bota nahi bazaituzte, botako zaituzte»

  • Txamarra jantzita eta betiko aterkia eskuan azaldu da zitara. Umil, atsegin, sinple. Djalminha izar zoroaren burukadari aurre egin ziona bera ote zen galdetu diot nire buruari.
Javier Irureta
Iñigo Azkona
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Jendeak futbol mundu glamouroso eta izartsutik ezagutzen zaitu, baina izatez baserrian jaioa zara.


Irungo Portu auzoko lau bizitzako baserri batean jaio nintzen, zazpi senideko familia batean. Erdikoa naiz, hiru senide zaharrago eta hiru gazteago dauzkat. Beti esan dut zaplazteko gehienak erdikoa izateagatik jaso ditudala. Jakina, zaharragoei errespetua zor zitzaien, eta gazteagoak mimatu behar ziren. Ondorioz, errua, egurra eta mandatuak niretzako. Hori bai, gogoan dut, distantziak distantzia, eskolara oinez joan izan garela beti. Gaurko modak harritu egiten nau. Autobusak ia-ia etxez etxe ibiltzen dira haurrak batzen, eta baten bati geltokia urruntxo geratzen bazaio kexatu egiten da.


Eskolara bidean baloia bezain amets borobilak egingo zenituen.


Etxean ez genuen futbol girorik. Meakako eskola utzi eta Irungoan hasi ginenean hasi nintzen futbola arnasten. Urdanibia plazan bankutik bankurako tarteak aprobetxatuz jokatzen genuen, hondartzakorako taldea ere orduantxe osatu genuen. Oroitzen naiz horretarako fitxa faltsifikatu behar izan zidatela hamabi urtez azpikoek ezin zutelako parte hartu. Hortik landa, konturatzerako, baloiaren atzetik bizi izan ginen. Inguruko torneo guztiak jokatzeaz gain, ondoko auzo eta koadrilak ere desafiatzen genituen. Ez zait ahaztuko behin Berakoen aurka jokatu genuela. Bizikletan joan ginen bertaraino, eta erraz irabazteaz gain, nik gol mordoa sartu nien. Bizikletaren gurpilak zulatu zizkidaten eta Beratik etxera halaxe itzuli behar izan nuen. Eskerrak lagun batek mobileta zeukan. Gibelean eseri, 50 metro egin, eta guardia zibilik zegoen ikusteko geratzen ginen. Beste 50 metro, gelditu, eta... Iruneraino. Handik gutxira sartu nintzen Real Unionen, baina ezer izatekotan, kaleko jokalaria izan naiz.

Ezberdina da kalean jokatzen hezi eta hazi den futbolaria?


Bai. Kalean ohitzen denak malezia asko garatzen du. Karrikan beti zabiltza apustuan, beti dago zerbait jokoan, orduan trikimailu eta jukutria asko erabiltzen ikasten duzu. Gaur egun, hain gazte futbol akademietara joaten diren umeek hori ez dute sekula ikasiko. Bistan da askoz baldintza hobeak dauzkatela bertan, segur aski futbolari teknikoki puruagoak ateratzen direla bertatik, baina nik futbola praktika kaletar gisa ulertzen dut. Argentinan Maradonaz ari direnean karrikan jokatzen duten atezainez mintzo dira. Futbolaz dudan ideia hortik askoz hurbilago dago akademietatik baino. Gaur egun, haurrak zazpi urterekin goi-mailako futbol zentroetan sartzen dituzte. Berez ez zait gaizki iruditzen, baina futbolaria jaio egiten da.

Zer iruditzen zaizu taldeek hamar-hamabi urteko haurrak fitxatzea?


Izugarri goiz dela uste dut. Haur bat futbolaria ateratzeko egiten direnak egitea sinesgaitza gertatzen zait. Messiren kasuan, hamabi urterekin ekarri zuten Argentinatik. Sekulako futbolari puska atera da, orduan denak isiltzen gara, baina hor sekulako arrisku eta desgaste familiarra dago. Haur horiek etxean eta lagunartean berez jasotzen diren balore asko galtzen dituzte, eta horrek derrigor dakar alde negatiboa.


Nor iristen da lehen mailara, teknikoki dohatsua ala buru-indar handikoa?


Itxura batean, teknikoki dohatsua lehenago heltzen da, baina konstantea eta erregularra denak ere debutatzen du. Esango nuke gainera, garapen futbolistiko berantiarragoa izan dutenek futbol bizitza luzeagoa dutela. Orain Espainiako Federazioko presidente den Villar da adibidea. Athletic-en debutatu eta bidali egin zuten. Getxon hirugarren mailan jokatzen aritu zen, Athletic-ek berriz fitxatu eta internazionala izaten bukatu zuen arte. Gaztetan teknikoki jantzia denak ikuskizuna ematen du, baina zenbat dira su batean hasi eta pot egin dutenak? Oreka eta konstantzia ezinbestekoak dira goi-mailako kirolean irauteko.


Jokalariak fitxatzerako orduan saiatzen zara futbolari bati oreka ematen dioten zelaitik kanpoko datuak biltzen?


Saiatzen zara, baina ez da erraza, oso mundu opakoa da. Jokalarien ordezkariak tartean sartzen dira, eta zuzeneko edo lehen eskuko informaziorik ez badaukazu sekulako zipotzak sartzen dizkizute. Ordezkarien interes bakarra saltzea da, eta edozertarako prest daude. Ezker hegaleko baten bila bazabiltza, ezkerrera oso ondo egokitzen den eskuin hegaleko bat daukatela esateko gai dira. Zuk jokalaria fitxatzen duzu, eta postu horretan ez duela jokatu nahi esaten dizu gero, ez duela inoiz hor jokatu. Aluzinagarria da. Era berean, ordezkarien arabera, zelaitik kanpora denak dira aingerutxoak, denak jator-jator eta formal-formalak. Ordezkarien hitzaz gaindi joaten ahalegindu behar zara, informazio zintzo eta zehatza lotzen, eta batez ere, jokalariaren ibilbide osoan gertatutakoa aztertzen. Egun, nirekin arazoak izan zituzten jokalari batzuek beste entrenatzaile batzuekin problemak dituztela ikusten dut. Ez da kasualitatea. Ordezkariek aldatu direla, ezkondu eta asentatu direla, esango dizute, baina bai zera. Gauza zenbaitetan, pertsonak ez dira sekula aldatzen, beti lehengo lepotik burua.

Adibidez, Lyon-eko entrenatzaile ohiak, jokalari dibortziatuak ez omen zituen fitxatzen.


Oso interesgarria da hori. Nire ustez, dibortziatu berri den jokalari baten oreka psikikoa ezin da ona izan. Derrigorrez errendituko du bere mailaz behera, eta ez harritu, aldagelan oilategia aztoratzen badizu. Kuriosoa da futbolaren eta dibortzioaren arteko lotura. Futbolari asko eta asko aldapa behera hastean edo erretiratu berritan banandu dira. Ez da inor bereizten bere artearen gorenean. Jakin behar da futbol munduko bikote anitzek senarraren gloria momentuan ezagutzen dutela elkar, eta neurri batean, harreman fikziozkoak direla. Errealitatea gloria bukatzean dator.


Gaur egungo taldeen aldagelak errealitate kultur-anitzak dira. Nola kudeatzen da hori?


Oso konplikatua da. A Coruñan errezorako ohitura handia zuten hiru marokoar neuzkan. Partida guztien aurretik euren liturgia zeukaten, lurrera tapiza bota eta otoitzean hasten ziren. Pentsa, behin arbitroa ere izutu egin zuten! Dena den, denen erlijio, ohitura eta bizimoduak errespetatzen eta koordinatzen saiatu behar duzu, baina aurrera egiteko, futbolaren eta egin nahi den jokoaren inguruko kontzeptu komuna edukitzea ezinbestekoa da. Adibidez, Athletic-en aldagelan ez duzu arazo hori. Denek bizimodu, bizi proiektu eta futbola ikusteko era oso antzekoak dituzte. Beste talde batzuetan, jokalariek badakite epe jakin baterako daudela, eta gehienetan beraiena ikusten dute taldeari erreparatu beharrean. Nik zorionez, ez dut jende txarrik izan, eta ia beti denok egin dugu norabide berean arraun.

Ez da erraza izango, ezberdintasun kulturalei soldata ezberdintasunak gehituz gero...


Ez da erraza, ez. Erraza izango balitz mundu guztia izango litzateke entrenatzaile! Gogoan dut Atletico Madrilen jokatzen nuenean atzelariei aurrelarioi baino dezente gutxiago ordaintzen zietela. Atzelari batek beti esaten zuen gugatik erdi-txantxan: “A zer eguna daukaten milloneteek!”. Broma tonuan esaten zuen, baina bistakoa zen hor arantza bat zegoela. Beste kasu batzuetan, ohartzen zara bat topera errenditzen ari dela eta ondokoak, lau aldiz gehiago kobratu arren, ez duela kolpe zorririk jotzen. Harrobiko jokalariek ere beti esaten dute kosta egiten zaiela hasieratik kanpotarraren begirunea lortzen. Badaude jendea motibatzeko formulak, baina goiz ala berant, ezberdintasun horiek beti ateratzen dira argitara. Era berean, ezinezkoa litzateke aldagelan denek berdin kobratzea. Batek zaharragoa dela esango lizuke, besteak gehiago jokatzen duela, Urliak golak sartzen dituela, Sandiak palmares hobea daukala... Aldagela batean 25 jokalari bizi dira, bakoitza bere ego, mania, helburu eta miseriekin. Entrenatzaileak jakin behar du soka noiz tenkatu eta noiz laxatu.

Askotan soka entrenatzaileak berak edukitzen du lepo-bueltan. Jokalariek bota dezakete trebatzaile bat?


Ados jartzen badira, oso errazki. Gainera ez daukate denek ados jarri beharrik. Nahikoa da nukleo txiki batek zure aurka egitea. Nahikoa da gezur txiki bat sortu eta jendea elkarri burua berotzen jartzea. Bola aldapa behera handitzen eta handitzen hasten denean, alferrik da, ez dago zereginik. Bota nahi bazaituzte bota egingo zaituzte.


Suposatzen dut jokalariek ez ezik prentsak ere sekulako indarra duela.


Kontrako giroa sortu dezake. Jendearen morala eta animoa abailtzen duen giro desatsegin eta tentsua. Prentsak iritzia sortzeko duen boterea izugarria da, eta ez duzula balio esaten badu, jende guztiak pentsatuko du ez duzula balio. Gogoan dut, Carlos Bianchi entrenatzaile argentinarra nola fulminatu zuen prentsak hedabideekin erlazionatzeko zuen modu hotzagatik. Arratsalde-gauetan ez zuen elkarrizketarik ematen, eta hori ez zaio batere gustatzen Espainiako kirol prentsari. Hori ikusita, bere bila joan ziren, eta ez zuten etsi bidali arte. Horretaz gain, prentsa oso abila da aldagelan giro nahasia sortzen. Oso ongi ezagutzen ditu jokalariak eta badaki zein diren bakoitzaren interes eta ahulguneak. Ederki dakite komeni zaien dinamika sortzen, eta oso zaila da horri aurre egitea.


Entrenatzaileak ez, orekariak izatera kondenatuta zaudete.


Hortik dator hain ezaguna eta poetikoa den entrenatzailearen bakardadea. Inguruaren konfiantza galtzen hasten zarenean hilda zaude. Denekin ondo egon behar duzu baina ezin zara inoren lagun izan. Beti kontatzen dut Luis Aragonesen kasua. Atletico Madrilen gure taldekide izatetik gure entrenatzaile izatera pasa zen goizetik gauera. Ba egun batetik bestera de tú hitz egitetik de usted hitz egitera pasa zen, gurekin parranda egitetik kafea ere bakarrik hartzera. Berak markatu zituen distantziak. Bazekien, jokalariek ez dizutela galdetzen zergatik jokatzen duten, zergatik ez duten jokatzen baizik. Bazekien, futbolariak behatza emanez gero besoa hartzen dizula. Hori futbolariak ez ezik, prentsak ere egiten du. Horregatik esaten dut, entrenatzaile izateko ikastaroetan, taktika eta prestaketa fisikoari buruzko klaseez gain, ez legokeela gaizki prentsarekiko harremanak lantzeko lezioak ematea. Gaur egun, entrenatzaile batentzat ezinbestekoa da prentsa-aurreko bat kontrolatzen edo elkarrizketa bat toreatzen jakitea.


Langabezian hilabete luzeak irauteko pazientzia edukitzea ere ezinbestekoa izango da, ezta?


Athletic utzi nuenetik hamar urte egon naiz etenik gabe entrenatzen. Orduan lasaitasun une hauekin egiten nuen amets, baina orain telefonoak noiz joko zain nago, entrenatzeko amorratzen. Taxuzko proiektu bat gidatzeko antsia daukat. Ez dakit zerekiko errebantxa gosea den, baina grina edo har horrekin bizi naiz. Ez naiz ongi egin dudanarekin akordatzen, gaizki egin edo egin gabe utzi dudanarekin baizik. 612 partida zuzendu ditut ligan. Bigarrena naiz Luis Aragonesen ondotik. Ilusioa daukat marka hori berdindu eta gainditzeko. Ez dakit aukerarik izango dudan, baina badaezpada, prest egotea komeni zait.
Nortasun agiria
1948ko apirilaren 1ean jaio zen Irunen. Jokalari gisa, 344 partida jokatu zituen lehen mailan, bi liga, Errege Kopa bat, eta Kontinente-arteko kopa irabazi zituen. Entrenatzaile bezala, 612 partida zuzendu ditu lehen mailan, hainbat talderen aulkietatik; Deportivorekin liga eta kopa bat lortu zituen.
Sailkapena
“Iaz Europan sartu ziren sei taldeak hortxe-hortxe egongo dira aurten ere. Igo berriak zein iaz gaizki ibili zirenak, berriz, ez dira putzutik aparte ibiliko. Mirari gutxi dago futbolean”.
Taktika
“Taktikak jokalarien araberakoa izan behar du. Entrenatzaile bat ez dute taktikek on bihurtzen, jokalariek baizik. Hori hala, jokalari bakoitzari zuku gehien ateratzea da entrenatzailearen lana”.
AZKEN HITZA
Euskal taldeak
“Bosman legeak kalte handia egin digu. Filosofia eta kontzeptu futbolistiko batzuen mamu beltza da. Harrobia ikusteko era ere aldatu da, globalizatu, eta guk identitate arazo batekin egin dugu topo. Aldez edo moldez, hori konpondu beharra dago. Harrobiko jokalariek ateratzeko bidea eta denbora behar dute”.

Azkenak
Honezkero, hemen dago beherakada

Antropologo eta ingeniaria den Yayo Herrerok dioen bezala, datu bat da. Horren jatorria ulertzeko erraza den baieztapen xume batean laburbil daiteke: Lurra agortzen ari da.

Gaia konplexua da. Ikuspegi asko daude, interesak gurutzatzen dira, informazioa desinformazioarekin... [+]


2025-07-25 | Ana Morales
Esan barik ez doalako

Sasijakintsua, jakineza eta franco txikia: horiexek dira aurrekoan Gotzon Lobera jaunak, Bilboko kale batzuen izenak aldatzeko ekimenaren kariaz, Deia egunkarian zuzendu dizkidan epitetoak. Ez du nire izena aipatu, egia, baina neu izan naizenez urte eta erdi luzeko borrokan... [+]


2025-07-25 | Julen Orbea
Bilbon euskara jira ta Bira

Euskara badago Bilbon, baina non? Eta zertarako? Nork sortzen du euskarazko kultura, eta nork sostengatzen? Galdera horien aurrean, udalaren azken urteetako erabakiei begira, argiago ikusten da euskara eta kultura bizirik nahi ditugunontzat kezkagarriak diren erabakiak hartu... [+]


Gizon heterosexualak eta literatura feminista: hausnarketa bat

Hasieratik argi utzi nahiko nuke ez naizela inolaz ere feminismoan, sexu- eta genero-teorietan ezta LGTBIQ+ komunitatearekin lotutako gaietan aditua. Gizon txuri heterosexual bat naiz, ezkertiarra esan dezagun, bere burua feministatzat hartzen duena (edo feministen aliatua,... [+]


Auzolanean ikastola eraiki!

Goizaldeko lehenengo eguzki-izpiekin batera zabaldu ditu ateak Kirikiño Ikastolak. Zapatua da, auzolan eguna. Parte-hartze batzordeko arduradunak irrintzia egin eta lanera bideratu ditu bertaratu diren ehundik gora partaide: “Hemen erronkak denonak dira! Aurrera,... [+]


Amasa-Villabonako EH Bilduri erantzuna

Amasa-Villabonako EH Bilduk argitaratutako idatziaren harira, hainbat adierazpen egin nahiko genituzke. Lehenik eta behin, argi utzi nahi dugu larrialdi klimatikoari aurre egitearen urgentzia ukaezina dela, eta horregatik, krisi honekiko dugun kezkagatik beragatik jartzen dugula... [+]


Irunen eskuin muturreko “auzo patruilak” sortu dituztela salatu dute

Hainbat talde "neonazik" azkenaldian Irunen zabaltzen ari dituzten mezuak salatu dituzte asteazkenean Harrera Sareak eta hainbat kolektibok herrian. Eskuin muturreko "auzo patruilak" antolatzen ari direla salatu dute, eta hauek jendearen jatorriaren arabera... [+]


Udal legearen kontrako epai euskarafoboa
Euskararen aurkako erasoa salatu dute 200 alkate eta udal ordezkarik, eta hizkuntza bultzatzeko konpromisoa berretsi

Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, Espainiako Auzitegi Gorenak joan den astean ebatzitako sententzia salatzeko prentsaurreko bateratua egin dute Bilbon. Sententzia "euskal gizartearen eta euskal erakundeen borondate demokratikoaren aurkako eraso zuzena" dela... [+]


Alonsotegiko Udalari dirua itzultzeko eskatu dio Bizkaiko Aldundiak, iruzurra egin zenetik hamairu urtera

Egun EH Bilduren esku dagoen udalak ia milioi bat euro itzuli beharko lioke foru erakundeari, duela hamairu urte, EAJ agintean zenean, diru-laguntza bat ez zelako behar bezala erabili, baizik eta iruzurra egiteko, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi duenez. Eskaerak erabat... [+]


Ertzaintzaren 300 BMW ibilgailuen erosketan irregulartasun posibleak salatu zituen barne txosten batek

Eusko Jaurlaritzako Ogasuneko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak barne txosten bat egin zuen Ertzaintzak jaso dituen 300 BMWen esleipen kontratuaren hainbat baldintza kritikatzeko. Ezarritako baldintzak zehatzegiak eta murriztaileegiak zirela salatu du ogasunak, eta horrek enpresa... [+]


Txosnetako “beto politikoaren” aurkako GKSren kanpaldiaren kontra oldartu eta lau pertsona atxilotu ditu Poliziak Gasteizen

Bi aste barru hasiko diren hiriko jaietan txosna jartzen utzi ez dietela salatzeko kanpaldia egin nahi zuten Gasteizko GKSk eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, Andre Maria Zuriaren plazan. 20:30ak aldera, ertzainak oldartu egin dira kanpaldian zeudenen aurka, eta bi... [+]


Lotsa sentitzen dut giza generoko kide izateagatik

Milaka pertsonak modu aktiboan parte hartu dute, eta hala jarraitzen dute, XXI. mendeko holokausto telebisatu handienaren aurka protestatzeko, eta pertsona horiei errespetu eta miresmen handiena zor diet. Baina, gizateriaren zoritxarrerako, askoz gehiago dira, egoerarekin... [+]


2025-07-24 | Nicolas Goñi
Europan, oraingo sinplifikazioaren izenean, biharko bizitzak kaltetuko dira

Jarduera ekonomikoak sinplifikatzeko eta lehiakortasuna indartzeko aitzakiarekin, Europa mailan baita Europar Batasuneko hainbat estatutan ere, klima, ingurunea eta giza osasuna kaltetuko dituzten legeak biderkatzen ari dira 2024tik, askotan interes pribatuen lobbyen eraginpean... [+]


Sektore publikoan gurasotasun baimena luzatu eta seme-alaba bakoitzeko diru laguntza handituko duela iragarri du Jaurlaritzak

Eusko Jaurlaritzaren Familia, Haur eta Nerabeen V. plana aurkeztu du Nerea Melgosa sailburuak asteazkenean. Hamazazpi "trakzio-neurri berritzaile" jaso ditu planak, baina ez dute zehaztu noiz jarriko diren indarrean.


CAFek giza eskubideak errespetatzen dituela “baieztatu” beharko du, Belgikako kontratu milioiduna eskuratzeko

Beasaingo enpresak 1.695 milioi euroko kontratua lortu du Belgikako SNCB-NMBS tren konpainia publikoarentzat 54.000 plaza dituzten bagoiak egiteko. Baina aurretik, belgikar konpainiak eskatu dio bere jarduerek nazioarteko zuzenbidea eta giza eskubideak errespetatzen dituztela... [+]


Eguneraketa berriak daude