Eztabaidaezina. Hedabideen iritziz, ETBko albistegiko esatariarentzat kasu, Euskal Y-ren proiektua erantzun ezina bihurtu da Inazio Uriaren hilketaren ostean. Dudak eta zalantzak handitu beharrean, erailketa batek, beldurra eta egonezina lar sortzeaz gain, proiektua blindatu egiten du bere promotoreen begietara. Hamabost urte luzetan euskal ekologismoa azpiegitura honen aurkako argudioz eta mobilizazio ugariz aritu bada, ukazioa eta ez ikusiarena izan dira erantzun ofizialak. Inoiz ez da egon eztabaidaren eta argudioen kontraste seriorik, orain ezinezkoa dela diote.
Geldiezina. Ez da gauza erraza horrenbeste diru publiko xahutzen duen egitasmoa bertan behera uztea. Interesak eta ikusezinezko eskuen bultzadak presente dira oso. Dena den, Espainia osoan gertatu ez den bezala, hemen AHTren kontrako gizarte mugimendu zabala eratu da, partaide ugari eta desberdinekin, gehiengo sindikala eta Gasteizko gobernu kide bat barne. Azken udal hauteskundeetan, erreferentziazko gaia izanik, Euskal Y-ren ibilbidean dauden 42 udalerrietatik 18tan AHTren aurkako jarrera nagusitu zen. Agian, hori ez da nahikoa proiektua geldiarazteko baina legitimazio gradu altua ematen dio oposizioari, jakina. Balekin galtzen dena.
Garaitezina. Euskal gatazka ekologikoen historia laburrean intrantsigentzien mitologia da nagusi. Egun hauetan, Azpeitiko hilketaren ondotik, Lemoiz eta Leitzaran gogora ekarri dizkigute, ETAren hildakoak dira sinbolo bakarrak. Kuriosoa da oso Itoiz ez aipatzea. Batzuk eskuak igurtzirik ari ziren ea biolentzia armatua noiz agertuko zen AHTren auzia estatuaren arrazoiaren ildotik bideratzeko. Eta gertatu da. Berunezko argumentuek Levia-than indartu dute. Orain eta hemen, balen eta biolentzia armatuaren oihartzunekin ez dira herritarren nahiak legitimatzen, ezta irabazten ere. Bide okerra da hori. Politikaren endekatze ustela.
Sostengaezina. Nago AHTren auzia militarizatzeak ez duela ereduaren porrota gaindituko. Luzeago, garestiago, absurduagoa egingo da, hori bai. Eta funtsean sostengagaitzagoa. Garraio eredu honek ez du zentzurik gure herrian, ez ekonomikoki, ez ekosistemen logikatik ezta garraio politika sostengarri baterako ere. Hori bai, istorio honetan buztinezko oinak bustiago agertzen dira. Garraio eredua dugu koska!