Hiperrak nahi luke hurbilago egonez erraldoi jarraitu

  • Salmenta kate handiek komertzioarekin batera hiri eta herrietako bizimodua aldatu dute, urbanismoa bezala giza harremanak eta kultura. Hipermerkatuak eta megadendak dira haien ikono. Norantz jo nahiko luketen kontatu du aholkulari lanak egiten dizkien soziologo talde batek.
Transit City
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Hiperren garaia bukatu ote da? Euskal Herrian galdetzea ergelkeria dirudi, hemen oraindik saltoki erraldoiak eraikitzen jarraitzen baitute. Aldiz, prospektiba jorratzen duen Transit-City taldekoek banaketa handiaren eredua aldaketa sakonen atarian dagoela uste dute.

François Bellanger soziologoak kudeatzen du Transit-City elkartea. Think Tank honek (“pentsamenduzko tanke” edo “ideien laborategi” moduan euskaratu genezake) hiriaren eta hiritarren bizimoduaren inguruko hausnarketak eta ikerlanak sustatzen ditu, atelier bidez. Bere webgunean erakusten ditu jorratzen dituen alorrak: “Hiriaren eta itsasoaren arteko harreman berriak”, “Katastrofeak eta hiriak”, “Fikziozko hiriak”, “Bizilekuaren behatokia”, eta abar.

Hala ere, nabari da soziologo talde honen bezero nagusiak banaketa enpresa handiak direna, hauentzako egindako ikerketen emaitzak baitira zehaztasun handiena daukatenak, izan garraioari edo saltokiei buruzkoak. Transit-Cityren ikerlan bat irakurtzean ez da espero behar konpainia handien kontrako salaketarik; bai, aldiz, multinazionalak aurrera begira zein burubidetan ari diren.

Et si nous étions à la fin de tout un modèle de distribution? dauka izenburu François Bellangerren ikerlanetako batek, Frantziako prentsan interesa piztu duenak. Honako itauna paratu du hasieran: “Eta duela 60 urte sortu zen salmenta ereduaren heriotzaren aurrean bageunde?”. Ameriketan sortu eta Europan hedatu den hipermerkatuen ereduaz ari da, parking erraldoiz hornitutako hedadura handiko saltoki handiez.

Frantzia izan daiteke sistema horrek hirigintzan bezala bizi sozial osoan ekarri dituen aldaketen adibide paradigmatiko. 1960ko hamarkadan hasita, merkataritza azpikoz gain jarri dute hipermerkatuek Hexagonoan. Hogeita hamar urteren bueltan, sei epizeriatik bakarra geratu da, hiru harategitik bakarra, okindegiak erdia baino gutxiago dira... Frantziako udalerrien erdietan ez daukate hurbileko komertzio bakar bat gaur egun.

Eta orain soziologook dioskutenez, erosketak egiteko orduan herritarrek gero eta gehiago baloratzen dute hurbiltasuna. Mundu aurreratu osoko fenomenoa omen da. Jendeak sekula baino asti libre gehiago ei dauka, eta aldi berean denbora gutxi daukan irudipenez bizi da. Erosketak egiteko astia askorentzako denbora alferrik galdua da.

Saltoki handien ereduak jendearen ohiturak aldarazi ditu urteotan. Kontsumitzaileek erosketetara irteera gutxiago eta laburragoak egiten dituzte. Komertzioetan denbora gutxiago ematen dute aldiko. Erosketak egitera hamarretik bederatzi norbere autoan doaz. Lanerako edo aisialdirako joan-etorriak baliatzen dira erosketetarako. Denda bera gero eta gutxiago da bidaiaren helburu.

Ikerketa 2008ko krisitzarrak eztanda egin aurretik egin zen. Geroztik, gasolinaren garestitzea sartu zen aldaketa nagusien zerrendan. Denei aurre egin nahian, banaketa korporazio handiek estrategiak bi ardatzen inguruan mamitu dituzte. Batetik, kontsumitzaileei denbora irabazten lagundu. Bestetik, jendeari saltokietara joanarazi zerbitzu berriak eskainiz.

“Retailtainment”aren mugak

Saltokiak berriro herritarrei hurbiltzea, horra mundu mailako fenomeno berria omen dena, modu ezberdinetan gauzatua. Japonian, konparazione, convenience store direlakoak ugaritu dira, 100 metro karratu inguruko komertzio txikiak, bataz beste 2.800 produktu eskaintzen dituztenak, baina bereziki (salmentaren 3/4) janari prestatuak saltzen dituztenak, zabalik egunaren 24 orduetan. Japoniar kaletarren %70ek etxetik bost minutura dauka horrelakoren bat.

Frantzian, komertzio txikia suntsitu ondoan, Carrefour, Casino, Monoprix eta gaineratikoak orain ekin diote karriketan supermerkatu txikiak irekitzeari. Baina gainera, hurbiltasun berriak bilatzen dituzte. Jendea bizi den lekuez gain, jendea pasatzen den lekuetan saldu nahi dute. Igarobidean. Tren eta metro geltokiak dendaz bete dira. Berdin gasolindegiak. Lehenik hiperretan hasi ziren ezantza saltzen, eta gero ordainetan gasolindegiek epizeriak antolatu dituzte.

Ikusteke dago hiperrei zenbateraino eragingo dien Internetek. Alor batzuetan bai hartu du nagusitasuna sareak, bidenabar bidaien salmentan; asko indartu da elektronika-informatikan, musika eta liburuenean ere. Horri neurria hartzeko, hiperren jabe diren kateek etxerainoko banaketari lotu zaizkio, nahiz eta jakin oraingoz zerbitzu honek dirua galarazten diela.

Erosketak eta aisialdia uztartzea, erostea dibertimentu bihurtzea, hori da ingelesez fun shopping deitu dena. Retailtainment ere izendatu dute AEBetan, retail edo komertzio txikia eta entertainment edo entretenimendua elkartuz. Horrela, bricolagea saltzen duen hiper batek ikastaroak eskaintzen ditu, aisialdian ari den besteak atelierrak antolatzen, kirol osagaiak saltzen dituenak hainbat espezialitateko pistak... Denetan egiten dira animazioak, espektakuluak, erakusketak. Haur eta gaztetxoei begira antolatuak horietako asko.

Nondik egingo ote dute aitzina hiper erraldoiek? Transit-Citykoen ustez bi oztopo gainditu nahiko dituzte. Alde batetik, hiper asko zaharkituta daude, gazte izanagatik. Bestetik, herritarrengandik hurbil dauden eta urteotan modernizatzen jakin duten supermerkatu txikiek konkurrentzia egingo omen diete erraldoiei.

Hiperren norabideetako bat are gehiago handitzea da, mega-hiperrak osatuz. Horietan komertzioa eta aisia uztartzen dira. Zertaz ari garen jakin nahi duenak, galde beza Mall of America-z Interneten: 1,3 milioi metro karratu parkinak barne, 400 denda, 72 jatetxe, 14 zinema, akuariuma... Urtean 40 milioi bisitari. Mall of Americak baditu jarraitzaileak Europan.

Beste eredu bat Floridako Palm Beach-en dago: City Place. Jendea aisialdi berdinekin azkar aspertzen delakoan, “benetako herriak” sortzea, horra inbertsiogileen azken asmakizuna. Herriko plaza eta karrika itxurako urbanizazio berriak eraiki, horietara erakarri saltoki eta marka handiak, eta gainean jendearentzako bizitokiak saldu. Herritarrari horrela hurbiltasuna, bizigiroa, aisialdia... dena eskaintzen zaio.

Europa zaharrera aplikatuta, badirudi azken ereduaren arabera lehenik hirietako erdiguneak hustu nahi izan dituztela ondoren berriro betetzeko... Dena dela, kalkuluok 2008ko krisiaren aurrekoak ziren. Izan ere, orain ezer ez da berdin.

Argazki oina: Irudiko lau musikariok festa giroa jarri nahian ari dira saltoki erraldoi batean. “Irabazi handiak dauzkazu inguruan” diote afixek. Ingelesez “fun shopping” esaten duten eta euskaraz erosketa dibertigarria edo alaia itzuliko genukeena sustatzen dute. Transit-Cityko ikerlariari honela definitu dio erosketa Fnac kateko buruzagi batek: “Erostea aisialdi bihurtu da. Denda batera ezer baino lehen distraitzera joaten da, nobedadeak deskubritzera eta azkenik erostera. Beraz, komertzio eraginkorrak behar dira, bezeroak azkar aurkitu dezan bilatzen duena, baina baita ere atseginak eta harrigarriak”. Baina azkenaldian aisialdiaz gain hurbiltasuna ere eskaini beharra daukatela ohartu dira herrietatik kanpo hipermerkatu erraldoiak antolatu dituzten kate handiak.
Informazio gehiago

Azkenak
Makro-onurak, mikro-ondoezak

Hemengo politikariek haien diskurtsotan immigranteen etorreraren alde edo kontra egiten dute. Immigrante ez-zurien etorreraren alde edo kontra, noski. Beste mugimenduak ez dut uste gehiegi inporta zaizkienik, edozein alderditakoak izanik ere. Tronu altu-altu batetik begiratzen... [+]


AEBetako Defentsako inteligentzia zerbitzuko burua kaleratu dute, Iranen aurkako erasoetan Trumpi aurre egin ostean

Jeffrey Kruse buru zen Defentsa Departamentuko inteligentzia zerbitzuek eginiko txosten baten arabera, AEBek Irango gune nuklearrei eginiko erasoek ez zuten Teheranen gaitasun nuklearra "guztiz suntsitu", bizpahiru hilabetez atzeratu baizik. Trumpek, ordea, adierazi zuen... [+]


Irakasle plazen %17 hutsik geratu dira Nafarroako Bigarren Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan

473 plaza eskaini dituzte eta 84 ez dira bete. Lehen Hezkuntzan, aldiz, ia lanpostu guztiak bete dira.


Inoiz izan ez zen osasun ituna: aukera galdua Osakidetzarentzat

Duela gutxi Eusko Jaurlaritzak bultzatutako "Euskadiko Osasun Ituna" izenekoaren porrota ez da anekdota politiko soil bat, ezta osasun-kudeaketan unean-uneko estropezu bat ere. EAEko osasunaren ikuspegi kolektibo, inklusibo eta benetan publiko bat galtzea politika... [+]


2025-08-26 | Josu Iraeta
Euskara, oldartu zaitez

Euskarak urte luzeetan ezaguturiko zapalkuntzaren ondorio larriak, frankismoaren errepresio itogarriak, baita gure hizkuntzarekiko erakutsi zuen jarrera erasokorrak ere, piztu zituzten herri honen euskaldungoaren kontzientzia eta oldarra. Eguneroko esperientziaren egoera larriak... [+]


Meatzaldea eta Ezkerraldea ez dira zuen zabortegiak

A zer zortea gurea! Inork nahi ez duen edozein industria-proiekturentzako puntu bero gogokoena gara gu! Ezkerraldea eta Meatzaldea, beti prest beste leku batzuetan gogaitzen duen guztia beso zabalik hartzeko. Petronor? Ederto. Lindane-hobi bat? Aurrera. Dorre elektrikoak gure... [+]


Gazara abiatuko da Global Sumud Flotilla, Euskal Herriko ordezkaritzarekin

Ontzidia abuztuaren 31n irtengo da Bartzelonatik. Euskal Herriko lau kide joango dira bertan, munduko beste 40 herrialdeetako solidarioekin batera. 


Dopina

Sentitzen dut, baina kosta egiten zait sinestea. Yeray Alvarez Athleticeko jokalariak analisi batean positibo eman izanak berriro azaleratu du kirolean existitzen den dopinaren inguruko eztabaida. Eliteko kirolean, hobeto esanda; eta horra hor auziaren gakoa. Kirolari... [+]


Gorpu bat aurkitu dute Nagoreko urtegian, Nafarroan

Herritar talde batek bainua hartzen zegoela gorpua aurkitu eta Polizia deitu zuen. Iruñera eraman dute gorpua autopsia egiteko, eta heriotzaren zergatia argitzeko. Gizonak 51 urte zituen.


Ukrainako Independentzia Egunean, Kievek eta Moskuk 146na preso trukatu dituzte

Arabiar Emirerri Batuen bitartekaritzarekin lortu dute preso trukea gauzatzea. Zelenskik adierazi du Ukrainak "askatasunaren alde" borrokatzen jarraituko duela, herrialdeak independentzia aldarrikatu zuenetik 34 urte bete direnean: "Bakea behar dugu, eta gure... [+]


Israelek Gazako Nasser ospitaleari eraso egin dio, eta gutxienez hemeretzi pertsona hil ditu, tartean lau kazetari

Gazako osasun zentro nagusia bonbardatu du Israelek. Hildakoen artean lau kazetari daude, Reuters, AP, Al Jazeera eta NBCkoak. 


Imanol (edo futbola gizartearen isla, beste behin)

Futbola herriaren opioa zela zioten batzuk; garrantzitsuak ez diren gauzetan garrantzitsuena dela pentsatzen dute hainbatek; kapitalismo basatienarekin lotzen duenik ere bada… Nire iritziz, gizartearen isla soila da; herritarron gabezia eta arazo askoren isla.

Ez zait... [+]


2025-08-25 | Thomas Barlow
Hizkuntzaren ertzetik erdialdera

Hizkuntzalari ospetsu José Ignacio Hualdek hiru joera nagusi bereizi ditu euskaldun berrien artean, batuarekiko harremanari dagokionez: euskalki biziko herrietan, gazteek etxean euskalkia darabilte eta eskolan batua; gaztelaniaz hitz egiten den hiriguneetan, gehienek batua... [+]


2025-08-25 | Haritz Arabaolaza
Irakasleon figura

Azkenaldian buruari bueltak ematen ari natzaio, hezkuntza publikoaren egoerari. Aurtengo ikasturteko greba garaiak pasa dira eta lan hitzarmen berria sinatu zela denboratxo bat igaro da. Irakasleoi, onerako eta txarrerako, garai hartako odol beroa hoztu zaigula esango nuke. Ez... [+]


2025-08-25 | ARGIA
Euskaltzale independentistak Behorlegiko kanpaldian bildu dira, Nafarroa Behereko EHEk gonbidatuta

Ez diote ezeri muzin egin nahi opor giroan: natura, aisialdia eta gogoeta izango dira ardatz Euskaltzale Independentisten Akanpadan, abuztuaren 25etik 31ra.


Eguneraketa berriak daude