“Euskara Askatasunez” aldarrikatu du duela gutxi Patxi López sozialistak, euskara ez da nonbait aske. Bilboko Udalarentzat ez dakigu euskara aske den ala ez, baina amablea behinik behin orain arte ez da izan. Anjel Lertxundik Berrian ederki azaldu du Udalaren kanpaina Euskara txit amablean izeneko artikuluan: “Tesi luzeak idatz daitezke Bilboko udalak abian jarri duen ‘El euskara amable. Orain bai. Horrela bai’, kanpainaren gainean. Euskara amablea, beraz. Eta orain, bai. Atzo arte, ez, nonbait. Horrela, bai, bai baitaude –ulertzen da– amableak ez diren moduak. (...)
Nik uste nuen bi hizkuntzen bizikidetza zela izan behar zuena adeitsua, orekatua, ahulenenarenganako begirunezkoa. Bilboko kanpainak, ordea, euskarari egozten dio amable izateko betebeharra. ‘El castellano amable. Ya iba siendo hora’. Imajinatu eskandalua.
Euskarari buruz transmititzen dugun irudiak aspaldi kezkatzen duten horietako bat naiz, baina konplexuz betetako portaerek ere ez gaituzte amableago egingo. Bai, ordea, gajo errukarriago”.