Betiri Santz

Itxaro Borda
Gaizka Iroz
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Amikuzen Betiri Santz Barbari Baubau bezain ontsa ezagutzen genuen haurrak ginenean. Mehatxu bat zen. Betiri Santz ikustean edo haren sabel usteleko korrokak entzutean, bazekien batek azken beltza hurbiltzen ari zitzaiola. Gaurko denboretan, nehork gutxik imajina lezake laborantza mailan itxuraz hain oparo dabilen Amikuze aldea, iragan mende erditsuraino, mestura soilez asetzen zen gosaio andana etxetiarrez osatua zela. Baina, jadanik paradoxala dirudien arren, nekazaritza industrializatu horrek gosete latza barreiatzen du denetan, hurrengo kraska janarien mailan agituko dela diotela pantailetan sekula agertzen ez diren berezilariek.

Eguberriak badoaz bata bestearen ondotik, gero eta ankerrago. Urriko nahasmendu finantziariaren ondorioak, gobernuen sosa erdietsirik ez bankeroek alabaina, baizik eta jende xehek dute pairatzen. Karrikatik telebistetara eguneroko ogia eskura ez dezaketen hiritarrak dakuskigu: gazteak, ama familiakoak, erretretatuak, baserritarrak. Herrialde garatuetan orain, behiala Somalia edo Etiopian bezala, borondatezko urriki-oldeak antolatzen zein mediatizatzen dira, neoliberalismoaren eredua nehoiz galdekatu gabe. Den mendreeneko bazkari edo afari opulanteetan, gonbitak bat-batean mundua larrutzen duen goseteaz kezkatzen dira, kulpabilizatzeraino. Urte oroz hogeita bost miliar euro aski litezke lurreko herrialde gehienetan janarien aldetikako nahikotasunaren segurtatzeko. Jakinean gaude zenbat eman zaien banku eta enpresei hondar hilabete hauetan.

Europan dagoeneko jendea ez da asaldatzen, pobreziaren errudun gisa aurkeztuak direlako: merezimenduaren arabera kontzebituriko gizartean, indarrik egiten ez duena gaztigatzen du sistemak, herenegun jainkoak hutsean zebilena punitzen zuen bezala. Baina heren munduan gosearen jazarraldiak hedatu dira aurten, Afrikan barna, Hego Ameriketan, Mexiko tortilaren krisiak bortizki inarrosi zuelarik. 2008ko ekainean Erroman fiat pannis lematzat daukan FAOren bilera egin zen, debaldetan, estatu puxantenek ez zutelako ogi, arto, irris edo soja bihika apurrik ere justiziaren balantzan ezarri. Normalean sei hilabeteko erreserbak badira. 2007an lurra berrogeita bost egunekoekin konpondu zen. Hortik manifestaldiak eta jada ohikoak zaizkigun irudi kezkagarriak kazetetan.

Iraultza berdeak hirietara metatzera zihoazen nekazari umeak merke haztea zuen helburu. Gurasoen antzera, haietarik izan ginen. Laborantzari jadanik petrolioaren ordezkatzea dagokio, Europa, Kanada eta Amerikako Estatu Batuetako gobernuen diru-laguntzak biokarburanteei doazela. Soberakinekiko ekoizpena lantzen den bitartean hiru miliar kide gaizki aseak dabiltza munduan, egun oroz dakuskigunak barne, eta miliar bat gosez, erdiak laborariak beraiek direlarik. Behiak, urdeak eta alorrak anitzez hobekiago tratatuak dira nolabait.

Abiadura erraldoian eta arima estirarik gabe garatzen ari den Txinan, Argentinan eta beste hainbat lekutan aberatsen kotxeak ibilarazteko OGMekiko uztatzea praktikatzen da, Monsantoren pozerako. Lur lanen norabidea erabat aldatua suertatzen da, politikariek ahoak eman ahala salatzen duten immigrazioa bultzatuz, mugak giltzarrapoz hertsaraziz eta biolentzia erabiliz paperik edo arditik ez duten herbalen kontra. Monopoli joko horretan hasierako gunera gatoz, Betiri Santz bermatzen dela larderiatsu eta humanitatea bultzatu zuen nola jan arrangura berriz ernatzen zaigula.

“Emaiguzu gaur...”.

Azkenak
Eguneraketa berriak daude