Iker Zirion, Kongoko gerran lekuko berezia

  • Kongoko ipar-ekialdean gerra piztu da berriro. Bake itxuraren azpian bizirik daudela dirudi 1997tik 2003ra arteko gerraren txingarrak. Lau milioi herritarren heriotza ekarri zuen hari Afrikako Lehen Gerra Handia deitu zioten. Orain Kivu aldean hiltzen da jendea, denen oharkabean.
Congo

Ikerrek Kongotik idazten digu, Voces del Congo blogean. Iker Zirion Landaluze da bera, euskalduna, zuzenbidean eta zientzia politikoetan lizentziatua. Voces del Congo Bartzelonako El Periódico egunkariak dauzkan blogetako bat da. Euskal Herriko Unibertsitatearen Hegoa institutuan ikerketa lanetan aritu ondoren, Veterinarios Sin Fronteras (Mugarik Gabeko Albaitariak, VSF gaztelerazko siglengatik) erakundeak Kongoko partzuerrekin martxan dauzkan proiektuetan teknikari lanak egiten ditu, hain zuzen azken aldian gerrak astintzen dituen lurraldeetan, Ipar Kivu eskualdean.

Azaroaren 14an argitaratu du Zirionek lehenbiziko kronika: Esto no ha acabado (Hau ez da bukatu). Kexu da Mendebaldeko komunikabide nagusiek Kongoko gerra ahaztuta daukatelako. Azken eraso saila abuztuan hasi zen, baina prentsan ez zen aipatu bi hilabete geroago arte. “Guduek –idatzi du Zirionek–, lekualdatzeek eta gizakien sufrikarioek bi hilabeteko abantaila zeramaten. (...) Eta hamar egun geroago, piztu zen abiadura berean itzali zen albisteekiko interesa”.

Kexu da ere kazetariok artikulu sinpleegiak idazten omen ditugulako, gehienetan besteren sufrimendua azaldu besterik egin gabe, gatazka errazegi mugatuz etnia arazoetara. Zirionek lehen kronikan ematen ditu liskarrak kokatzeko xehetasun batzuk, baina askoz gehiago emanak ditu 2007ko artikulu sakonago batean (“Gerra ez da ipuina”); VSFren gunean irakur daiteke.

Hirugarren kronika “Kirumbako oihana” deitzen da. Kongoko Armadaren kontra borrokatzen diren matxinoek, Laurent Nkunda jenerala buru duen Congrès National pour la Défense du Peuple (CNDP) taldekoek, Kanyarabayonga berenganatu dutela zabaldu dela. Autoz lau orduan irits daiteke hara VSFko bulegoak dauden Butembotik. Erakunde honen bazkide kongotarrak Kanyarabayongatik 15 kilometrora daude. Hauek telefonoz deitu omen diete Zirioni-eta: jendea basora doala ihesi.

Azkenaldian behin eta berriro ezkutatzen dira oihanean. Gehienetan ez da izaten inguruan soldaduak gerran ari direlako, frontera doazenek edo frontetik datozenek egiten dituzten gehiegikerien beldurrez baizik. Herritarrak hil, emazte eta neskatxak bortxatu, zernahi ostu edo birrindu... Hango militar guztiek egiten omen dute, baina herritarrek batik bat Kongoko Armadako soldaduen txikizioak salatzen dituzte. Gaizki armatu eta ordaindutako militarrok oso dira arriskutsuak.

“Argibide erraza”, izenburu hau ipini dio Zirionek laugarren kronikari. Gatazkaren funtsa nahi digu esplikatu. Edo hobeto, komunikabideetan Kongokoaz ematen den esplikazio errazegia salatu. Nork esan du etnia arazoak daudela muinean eta Laurent Nkunda matxinoak tutsiak defendatzen dituela? “Hamar adjetibo bururatzen zaizkit Nkunda kalifikatzeko bere jatorri etnikoaren beharrik gabe: kongotarra, buruzagia, krudela, matxinoa, mendebaldarren aldekoa, jenerala, azeria, militarra, zinikoa... Horra, bederatzi atera zaizkit. Ea, bai, tutsia”.

Etnia kontuak aitzakia dira

Kongon 250 etnia eta gehiago bizi dira. 60 milioi kongotarren artean %5 dira “ruandofonoak”, horrela deituak Ruandan nagusi den kiyaruanda hizkuntzan mintzo direlako. Horien artean ehunka mila urri batzuk dira tutsiak, gehienbat Ipar Kivuko Rutshuru eskualdean bizi direnak.

Iker Zirionentzako Laurent Nkunda jeneralak tutsien paranoia elikatzen du, baina bere 3.000 soldaduek tutsi aberatsak ondo zaintzen dituzten moduan gainerako tutsiak beste herritarrak bezain baldar tratatzen dituzte. Nkunda jeneralaren kontra atxilotzeko agindu internazionala dago, giza eskubideen kontrako delituengatik. Dokumentatuta dagoen azken sarraskia joan den azaroren 2 eta 4 artean burutu zuten haren militarrek, Kiwanja herrian, gizon, andre eta umeak odol hotzean hilez, batzuek diote 20, besteek 200.

Nkunda Ruandako Gobernuak babesten duela diote zurrumurruek. Eta Ruandako lehendakari Paul Kagame, AEBek eta Britainia Handiak. Kasualitate hutsa ote da erasoak berriro hastea duela gutxi Kongoko Gobernuak Txinarekin akordio bereziak sinatu eta berehala? Antza denez, Txina prest dago europarrek eta amerikarrek baino hobeto pagatzeko bertako zurak, harribitxiak eta mineralak.

Azaroaren 26ko kronikaren titulua “(Berriro) zerotik hastea” da. Asteotan gerrak astindu ditu VSFko kideak lanean ari diren herriak. Tartean CNDPko matxinoek atzera egin dute beren borondatez, 40 kilometrotan, eta kalteak zenbatu ahal izan dira. 200.000 pertsona daude ofizialki ihesean, nazioarteko erakundeek antolatutako kanpalekuetan, baina beste hainbeste daude kontatzen ez direnak ahaide eta lagunen etxeetan babestu direlako. Oihanean ezkutatu direnak hasi dira kontuz nor bere etxera hurbiltzen.

Kirumba herritik VSFkoei SMSa bidali diete elkarlanean dauzkaten sozio kongotarrek: “Arratsalde on! Eguna berri handirik gabe pasatu da, baina jendea hemen triste dabil. Ezer ez da salbatu. Berriro hasi behar da zerotik”. Iker Zirionek aitortu du ez zekiela zer erantzun. Zorionez, taldeko beste batek idatzi du: “Animo! Elkarrekin hasiko gara berriro”.

Voces del Congo blogean azaroaren 28ko mezua (lerrook idazterakoan azkenbigarrena) da: “Kafea hartu jeneralarekin”. Nazio Batuen Erakundeak Kongon daukan armada txikiaren gorabeherak kontatu ditu. MONUC bataiatutako indarra 1999an abiatu zen, orduan hasi eta 2003a bitartean milioika heriotza ekarri zituen gerra handiaren hasieran. Gerra hura benetan izan zen Afrika Lehen Gerra Handia bataiatzea merezi izan duena.

MONUCen misioa herritarrak babestea bada, bistan dago ez duela egoki burutu. Azkenaldian, ordea, herritarrak haserre daude MONUCeko militarrak bitartekari edo baketze lanak baino gehiago CNDPko matxinoei laguntzen ari omen zaizkielako. Militar espainiar bat izendatu zuten MONUCen buru abuztuaren 28an, Vicente Díaz de Villegas jenerala, eta urriaren 27an honek dimititu egin du.

Iker Zirionek ez omen ditu asko maite militarrak eta kafea ere ez du gustuko. Baina kafe bat hartu nahiko luke Díaz de Villegas jeneralarekin, NBEak bidalitako militarrekin zer gertatzen ari den jakiteko. Zergatik 17.000 soldadutatik 5.500 besterik ez dauden gudalekuetan, adibidez. Kongoko gerra geldiarazteko borondate politikoa falta dela sumatzen du Zirion ikertzaile gazteak, eta nahiago luke oker egotea.

Argazki oina: Julien Harneis izeneko batek sinatu du argazki hau. Ipar Kivu eskualdeko Goma hiri inguruan, errefuxiatu kanpalekuetan, laguntza humanitarioa banatzen den guneetan eta herritarrak ihesi dabiltzan bideetan egindako foto sail ederra eskaintzen du Interneten. Argazkiko amona herritik beldurtuta ihesi zebilen beste asko bezala, Kibatiko kanpalekuaren inguruan, eta gelditu ondoren argazkilariari swahiliz mintzatu omen zaio luze. Amona bezala noraezean dabiltzan beste jendeak ere duintasunez jantzita ikusten dira. Milioi erdi jende dabil ihesi, batzuk oihanean ezkutatuta, besteak ahaideen etxeetan, eta asko kanpalekuetan. Irudi txikian Iker Zirion Landaluze ageri da, “Veterinaires Sans Frontieres” erakundearekin joanda Kongon lanean ari den teknikari gaztea.
Informazio gehiago

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude