Zibergauzak

Harkaitz Cano
Dani Blanco

Konturatuta egongo zarete aspaldian poliziak inor atxilotzen duenean gero eta gutxiago direla arma konfiskatuak. Garai batean, indar polizialek eraginkortasunez egindako lanaren erakusgarri eta atxilotutakoen arrisku mailaren ziurtagiritzat azaltzen ziren erakusmahai inprobisatuetan lerro-lerro paratutako munizio, fusil eta enparauak. Aspaldion, ordea, apenas. Atxilotuei harrapatutako materiala, informatikoa da nagusiki orain, kutsu ia komikoa izateraino, zenbaitetan. Hona, azken atxiloketetako bat narratzen zuen egunkari batetik jasotako hitzak: “Les fueron confiscados varios lápices informáticos…”; “se sabe que operan en cibercafés”.
 
Informazioa boterea deneko erran zaharra berrituko didazue. Arrazoia emango dizuet. Baina informazioa bakarrik ez, fikzioa ere bai. George Steinerrek, La idea de Europa liburuan, Europa definitu eta AEBekin kontrajartzeko orduan, kafetegietan tertulian aritzeko zaletasuna jotzen zuen kontinente zaharreko ezaugarrietako bat –hiriek oinez ibiltzeko ematen dituzten erraztasunak eta kaleei pentsalari handien izenak jartzeko ohitura ziren beste bi–, baina nago, orain aldatu egin dela franko kafea hartzeko Steinerrek aipatu molde hura: “Se sabe que operan en cibercafés”, Rubalcaba barne ministroaren hitzak biziki esanguratsuak dira, eta ziberkafe horiek dezente erabiltzen dituenetarikoa naizenez, halako ezinegona eragiten dit zeregin susmagarrien zerrendaren zabaltze eta mutazio honek. Nire golkorako “a veces, oigo voces” fantasmalaren pareko begitantzen zait “se sabe que operan en cibercafés” hori, mamuen mundu baterako ongietorria edo deiadar esoteriko xuxurlatua.
 
Norbait atzetik dabilkigunekoa –sasian dagoenaren amesgaiztoa–, fantasia bat izan ohi da egunotan idazlearentzat: irakurleen bila eta irrikaz gabiltzanez sarri, espia suerte bat garenez geroni, zelatatuak –irakurriak– izatea gustatuko litzaiguke, halaber. La vida de los otros filmean gertatzen zen legez, gure mezuak eta gure idatziak zelatatu ahala norbaitek guri irakurri eta entzundakoekin txostenak egiten dituela fantaseatzea gustatzen zaigu. Dibertitu egiten da idazlea, irudikatuz dagoeneko itzulia duela bere obra gaztelerara, zerbitzu sekretuetakoak egina diotela lan hori, eta bere poemak klabean idatzitako mezu kruzialak direlakoan, haiek deszifratu nahian ibiliko direla buru-belarri CNIko enkriptazio sailekoak.
 
Bai, bai… Ez gara atzo jaio, ohartu gara zibermunduan eta segapotoetan dagoela etorkizuna –segapotoen esku beti egon da, egia esan–. New York Timesek ere argitaratua du Obamaren haserrearen berri, Blackberrya kendu diotela eta: inperio serio bateko presidenteak ezin du esamesak eta e-mailak bidaltzen ibili. Hala ere, ordenagailu eramangarri bat bulegoan izango duen AEBetako lehen presidentea izatea lortu ei du –hago lasai, Barack: beti geratuko zaizkik ziberkafeak…–.
 
Interneten garapenari zor diogu baztertua ziruditen ezizen, heteronimo eta izaera destolestuen gorakada. Diario intimoak blogetan izan duen garapena ere ez da nolanahikoa izan, pudorearen desagerpena ere nolanahikoa izan ez den bezala. Badut lagun bat edo beste blog bihurtu eta fisikoki desagertu egin zaidana: “Ni zertan naizen jakinez gero, irakurri nire bloga”. Rimbauden “Ni bestea naiz” zaharkitua geratu da: ni hipertestua naiz, esango genuke orain.
 
Irakurle maite, zu ere ez zaitut jada paperjale ikusten. Badakit pantailan irakurtzen nauzula: “Se sabe que operan en cibercafés…”. Biba ba, ispilu itxuragabetzaileen galeriak.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude