Bilbao Bizkaia Kutxaren (BBK) eta Gipuzkoa Donostia Kutxaren arteko bat-egiteari ezetz esan zaio. Bat-egiteko ereduaren porrota ere agerian geratu da. BBK-ko batzarrak onartu egin zuen bat-egitea, nahiz eta uste baino babes gutxiagorekin izan. Kutxak ezetz esan du ordea, uste baino ezezko gehiagorekin. Bat-egitearen bultzatzaileek kolpe latza jaso dute, alegia, EAJk (ikuspegi politikotik), CCOOek (ikuspegi sindikaletik) eta EAJko kudeatzaile diren bi kutxetako lehendakaritzek.
Arrazoiak agerikoak dira. Operazioa ez da egin adostasuna zegoelako eta negoziatu zelako. Negoziazioan, bi kutxetako lehendakaritzez gain EAJk eta CCOOek baino ez dute parte hartu eta gainerako talde politikoak (EA, Aralar eta EBk gero eman zuten babesa), eta bereziki sindikatu abertzaleak, albo batera utzi dituzte. Gainera, Euskal Herriko bi probintzia baino ez zituen hartzen kontuan operazioak. Hainbat arazo politikorengatik bat-egiteak ez du aurrera egin. Gainera, fusio naturala izatekotan beste biekin batera izan beharko luke, alegia, Arabako Vital Kutxarekin eta Nafarroako CANekin. Lan arloari eta sindikalgintzari begiratzen badiogu, CCOOekin negoziatutako proiektuak ez zion heltzen lan prekarietateari eta ezta azpikontratatuei ere. Bestalde, larria zera da, proiektuak ez zuela kontuan hartzen negoziazio kolektiborako euskal eremua, Espainiakoari begira zegoen kutxentzat merkeagoa izango zelako eta Espainiako Estatuko sindikalgintzarentzat errentagarriagoa.
Euskal Herriaren zerbitzura egongo zen kutxa egiteko aukera galdu da. Fusio eredu horri emandako zartada despistatuta dabiltzanentzako abisua da. EAJk ezin du ibili kutxen jabea balitz bezala ezta CCOOek bakarra balitz bezala, eta Madrilen balego moduan ere. Kutxak bezeroenak dira eta ordezkatzen dituzten taldeena.