Alberto Elosegi
Hainbeste miresten dudan Llach kantari katalanak behin eta berriro erabiltzen du ideia hau, bere tribuaren gainean: “Som perquè volem ser (izan nahi dugulako gara)”. Gurean, berriz, esan izan da: “Izan zirelako gara”. Bada alderik. Eta behar bada alde horretan laburbiltzen da gure tribua trabatuta daukan korapiloa.
Zer gara gu? Galdera honi erantzuten badiogu “gu gara gure aurrekoak izan zirenaren ondorengo”, galdera berri bihurriak sortzen dira. Esaterako, zer izan ziren haiek? Eta hemen dator historiaren gaineko irakurketen talka: irabazleen bertsio ofiziala edo galtzaileen erromantikoa, biak ere interesatuak. Edota beste ildo hau: zenbateraino jaso dugu haiek izan zirena? Nola egokitu behar genuke iraganeko izan hori etorkizunean balio dezan?
Arazo gutxiago planteatzen du esateak “gu gara izan nahi dugun hori”. Hain zuzen, bizirik eta presente gaudelako zer izan nahi dugun adostu behar dugunok. Errazago deritzot, badakidan arren adostasuna ondo garesti saltzen dela gurean.
Nor gara gu? Hemen ere korapiloa. Gu baldin bagara izan zirenen ondorengoak, nola jokatu gurera txertatu direnekin? Izanaren muin hartzen badugu iraganarekiko katea, horma jartzen ari baigatzaio bidelagun berriari.
Aldiz, gu hori izaten bada nahikari bera konpartitzen dugunon multzoa, orduan libre da atxikimendua. Eta borondateen bilketan datzan egitasmoa hobea da elkarbizitzarako, historian oinarritutakoa baino.
Zer nahi dugu? Jardun gaitezke nahi bezain luze eta tinko aldarrikatzen gure aurrekoak burujabe izan zirelako gu ere bagarela –beraz, badagokigula erabakitzeko eskubidea–. Ez naiz ni oztopo izango, baina bide laburra ikusten diot argudio horri. Besteak beste, izan den guztiak ez duelako zertan izaten jarraitu aurrerantzean.
Ordea, gehiengo nabarmen batek esango balu garbi independentzia –esaterako– nahi duela, seguru nago horrek bazterrak mugituko lituzkeela. Quebec da erreferentzia.
Nahi al dugu? Hemen dago koska. Utzi beharko genieke eskubide historikoei egin dezaketen funtzioa: legedietan gure nahia txertatzeko bide izatea. Hori bera ere asko da. Baina zor historikoak ez dira ordaintzen eta historiak ez du oraina aldaraziko. Eta historia lehen planora ekarrita arrisku handiak hartzen dira, hala nola historia bera jartzekoa egungo hiritarron borondatearen gainetik. Hortik esentzialismorako bidea laburra da eta –tamalez– bete samar dago.
Aje honen eta beste askoren ondorioz, izan nahia ahultzen ari da gurean. Zerikusia izango du mundializazioak eta molde bakarrean bateratzeko joerak. Baina uste dut gure ahultzea badela, baita ere, estrategian asmatu ez izanaren ondorio. Izan zirelako nola bagaren, horretan egoskortu gara eta ingurua aspertzen ari zaigu. Izan nahi duguna jarri beharko genuke berriro hausnarketaren erdigunean.
Nahia eta tribua. Nahiaren diskurtsoa irekia da, eta edonondik datorren edonork pila lezake belarra meta horretan. Bai, planteamendu honek bigarren eginkizun bat ere jartzen digu: nahi kolektiboa ahalik eta gehienen artean eraiki behar bada, nola eragin lezake hor euskaldunon tribuak? Nire ustez, irabazleen estrategiekin: saltzailearen abilidadeak erabiliz, erakargarritasuna landuz, barne-sareetan antolatuta, esparru jakinetan hegemonia lortuz, aliantzak egiteko inteligentziarekin…
Baina gaur, Llach lagun, nahia aldarrikatu nahi dut. Ez digu besterik gabe ahala ekarriko, baina nahi sendorik gabe ez da ahalik izango. Beraz, volem?