Plaza bete doinu, kolore eta sentsazio

  • Haitzama ::Eguzkiaren zain

    autoekoizpena

    iraupena ::46’07’’

    prezioa ::11.50€

Plaza taldeak eraldatuz doaz, gauza ia guztien moduan, eta gaur egungo plaza talde asko beste “plaza” askotarako aproposak ere badira. Haitzama horien artean dago. Musikari gaztez osatutako talde beterano honek dozenaka kontzertu egin ditu aurten ere, baina kantu propioez (ia guztiak) osatutako diskoa prestatzeko tartea hartu dute. Hala, trikitia oso presente dagoen arren, ska, reggae, runba, merenge, pop, folk zein rockarekin ausartu egiten dira, eta baita emaitza onak lortu ere. Beraien helburu nagusienetakoa jendea dantzan jartzea da, eta horretarako ez dago guztia asmatuta; horregatik ez ditu kikiltzen ohiko instrumentuez gain, tronpetak zein hammondak erabiltzeak. Alaitasunaren eta desinhibizioaren borrokalari porrokatuak diren arren, hitzetan, tarteka, bidegabekeriei abesten diete.
Haitzama
«Talde gehienek entzuteko eta abesteko kantak egiten dituzte, baina noizbehinka dantza ere egin behar da»

Zer da Haitzama? Badago harria baino zaharragorik?


Haitzaren ama da. Guztiak bat izan, ondo konpondu eta elkar ulertzea garrantzitsuena da talde batentzat. Hori argi eta garbi izan dugu hasieratik eta izenak horrela adierazten du. Hau da gure lehenengo esperientzia.

Zuek plaza talde definitzea aproposa da?


Plaza talde baino, dantzatzeko eta gozatzeko taldea. Gure erronka handiena jendea dantzara bultzatzea izan da. Euskal Herriko talde gehienek entzuteko eta abesteko kantak egiten dituzte. Hori ondo dago, baina noizbehinka dantza ere egin behar da eta lotsak baztertu.


Dantzak pena guztiak kentzen ditu?


Hala pentsatzen dugu musikari guztiok. Momentu bakoitzean norberak musika estilo ezberdinak behar ditugun moduan, dantza desinhibitzeko, pena guztiak ahazteko, alaiago egoteko lagungarria da.

Ez da ohikoa amatasunaren gainean kantuak idaztea. Gutako denoi on egingo liguke inoiz ama izateak?


Ez dakit ama izateak, baina bai inoiz sentitzeak emakume batek sentitzen duena haurdun dagoenean. Uste dut harrigarria dela pertsona bat zure barnean sentitzea. Baina gizon batek edo emakume batek sentitzen dutena oso ezberdina da.


Hain zaila da bakoitza den modukoa izatea?


Pertsona bakoitzak bere barnean bilatu behar du. Txikitatik gizarteak dena inposatzen dizu, baina gu garen moduan adierazten gara?


Zer dago Kuban hemen ez dagoena? Hain zaila da hemen inspiratzea?


Inspiratzea ez da zaila, egunero gauza berriak pasatzen dira-eta, baina hemen gaur egungo bizimoduak ez du batere laguntzen. Estres handiagoarekin bizi gara. Ekonomikoki hain aberatsak ez diren lurraldeetatik ikasi egin behar dugu. Guk nahi dugun guztia daukagu, baina garrantzitsuena falta zaigu, zoriontasuna. Kuban, berriz, jendeak pertsona izaten erakusten dizu, ateak edonorentzat irekita daude. Eta musika aldetik dagoena ikaragarria da.

ASTEKARIA
2008ko azaroaren 23a
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude