Luhusoko kanporaketa: Bide Bihurritik (Joxemari Ostolaza)


2008ko azaroaren 16an
Abiatu da Iparraldeko Bertsolari Txapelketa. Luhusoko saioan parte hartu zuten sei bertsolariek, lehen agurretik erakutsi zuten belarria, bik ezik, Amets eta Odei, txapelaren bila etorri ez baziren bezala sentitu bainituen. Nire inpresio soila izan liteke. Onartzen dut. Aretoa, beterik zegoen Garaziko Vauban ez bezala. Laurehun bat jende izango ginen sagardotegiko aulkietan jarriak. Oholtzaren gibelean oihal beltz batek laguntzen zuen entzumena, eta kalitate bikainez joan ziren bertsoak airera.

Saioa

Orokorrean, txukuna. Hasierako ofizioak, zortziko handikoak ekarri zuen lehen ezustea: Mixel Xalbadorrek eta Ametsek Etxahunen “Ai zer plazera” kantuko doinuan bota zituzten bereak. Tonu bat altuegi hartu zuen Ametsek eta biek ere, larritasunez kantatu zituzten bertso bakoitzeko hirugarren puntuen bigarren lerroak, laugarren eta zortzigarren silabatan beren ahotsak kokatzeko arazoak izan baitzituzten. Lehen aldia zuten eta ordaindu egin zuten. Dena den, aire egokia da oso bertsotarako.

Jexus Mari Irazuren bertsoa.com webgunean entzutea gomendagarria, Amets hasieratik nola nabarmendu zen ikusteko.

Hamarreko txikian, berriz ere Ametsek Mizel Mateorekin egindakoa bereiziko nuke, lagunarena entzun eta erantzuteko gaitasuna goza dezagun.

Kartzelakoan, Odeik egindako lanaz geratzen naiz, Ametsena, dotorea espero bainuen Xabier Leteren “Haizea dator” doinuan osatua zortzi puntutara ekarriz. Bainan Odeiren saioa izan zen harritu ninduena, hain gaztea izanik, bere mundua sentsibilitate eta xehetasun handi ugariz eta kantaera finez adierazteko gauza izan baitzen. Sinesgarria oso. Finalean ikusi nuen.

Mixelen saioa ere, gustukoa izan nuen. Bere kantaera pausatua, hain propioa, berea, estimatu nuen. Ez dakit zeri zor dion, kantua gozatzeko ahalmenari, ala hitzak, puntuak ekartzeko eragozpenari. Ez dakit, baina entzutea plazer bat da. Bestalde, bere bertsokera, errima estandarretik urrun osatua, estimatu nuen.

Bertsolariak
Amets, Zinedin Zidane. Zerurantz abiatua. Odei, zerura egin nahian hodeietan barna. Ametsengandik gertuena. Karlos Aizpurua, segurua bere almazenaz, txapelketetarako balio duena. Ez ninduen harritu, ez ninduen emozionatu. Patxi Iriartengandik askoz gehiago espero nuen. Ez nuen eroso sentitu azken agurra kantatu arte. Hor askatu zen. Beste saioetan gehiago dela erakutsi izan digu. Ez zuen jakin aukera baliatzen. Eta Mizel Mateo trakets ikusi nuen. Geroztik jakin dut bere aitak istripu bat izan zuela egun berean. Agian, ez zuen bertsotarako gorputzaldi egokienean kantatu.

Epaiak
Nire inguruan, eskarmentu handiko bertsolariak zeuden. Epaileen emaitzak jakin aurretik, denek galdera bera zuten ahotan: nor duzue Odei? Non eduki duzue gordeta? Harriturik zeuden Odeiren saioarekin. Ni ez naiz egokiena Odeiren lana baloratzeko. Gertukoa dut eta emozionalki etxekoa dut. Maiz entzuten da epaitzea zaila dela. Arbitroen lana konplikatua dela. Ez naiz ados. Zaila, edozein lana ongi egitea da. Eta bikain burutzea, gutxi batzuen eremukoa. Beldur naiz, finalaren oholtza ez dela merezi duten bertsolariekin osatuko, eta hori, Txapelketak ordainduko luke garestiegi.

Azkenak
Lan banaketak

Gizakiok ez bezala, erlauntzako hiru partaideek jaiotzetik dituzte eginkizunak argi.


2024-05-06 | Nagore Zaldua
Arrosarioa, sexu-estrategia aurrerakoiaren adierazle

Itsaso zabalean bada izaki lirdingatsu bat, gorputz gardenekoa, bitxi bezain ezezaguna. Aitzitik, ezin esan genezake ezohikoa denik, haren banaketan munduko itsaso gehienetara zabaltzen baita, Kantauri itsasoa barne. Batzuetan bakarka topatu daitezke, besteetan aldiz lepoko edo... [+]


2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Intsusa lore edariak

Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean sortutako mamarekin bada zer esanik ez.


2024-05-06 | Garazi Zabaleta
Erlauntzako airea arnastearen onurak

Eladi Balerdi erlezainaren eta Jose Manuel Atxaga erleen zale sutsuaren arteko elkarlanetik egitasmo berritzailea sortu da duela gutxi. "Arnastu erlauntzaren airea" eta "Erleen sauna" jarduerak proposatu dituzte, konbentzituta baitaude onuragarri direla... [+]


Adimen artifizialaren esku utzi du palestinarren hilketa Israelek

Titularra irakurri eta baten batek pentsatuko du esajerazio bat dela, neurriz kanpoko orokortze bat egin duela kazetariak. Israelgo informazio zerbitzuetako sei langile ohien lekukotasunetan oinarrituriko 'Lavender': The AI machine directing Israel's bombing spree in... [+]


Eguneraketa berriak daude