Analisia (Argazkia: Alai Zubimendi)
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Literatur teoriaren barneko bilakaera honek, esan gabe doa, eragina izan du literatur kritikan. XIX. mendean, literatur kritikoa, egileari buruzko xehetasunak biltzera dedikatu behar zen –berak idatziriko gutunak, beste testu batzuk, eta abar–, idazleak obrarekin benetan esan nahi zuena argitze aldera. Gaur egun, ostera, literatur kritika askoz lotuago dago ariketa interpretatibo batekin. Kritikoa, bere erreferentzia literario, artistiko, sozial eta enparauen bidez, obraren irakurketa bat ematen ahaleginduko da, testua bere egiten saiatuko da nolabait, eta gero –horrek bereizten du gainontzeko irakurleengandik– berau idatziz emango du. Literatur kritikoa, honenbestez, idazlea ere bada, buruan darabilena ahalik eta modu argi eta zehatzenean paperera eramaten saiatu behar baita bera ere. Kritikoa, funtsean, testu baten gainean berak idatzitakoa publikatzen duen irakurlea da.
Gisa honetan, arestian aipatutakoarekin loturik, literatur kritikoa ezinbesteko elementua da literatura baten osaeran. Egon daitezke idazle eta obra bikainak, argitaletxe indartsu eta dirudunak, irakurle saldo bat, baina kritikaririk ezean, nola interpretatu obra hain bikain horiek? Nola bereizi obra kaskar eta onen artean? Nola esplikatu obra batek benetan merezi duela? Bati baino gehiagori iruditu dakioke literatura kritikarien eskutan uztea litzatekeela hau, kritikaria dela, eta ez beste inor, obra onak zeintzuk diren erabakitzen duena. Hori, jakina, ez da horrela, faktore ugari, horietako asko ez-literarioak, baitaude liburu baten arrakastaren kausetan, baina ezin ukatuzkoa da kritikariaren garrantzia, hau da, idatzizko ariketa interpretatiboaren garrantzia, literaturan. Eta bereziki nabarmena da hau modernismoaz –zentzu anglosaxoniarrean– geroztik. Izan ere, norbaitek sinetsi al dezake James Joyce-n Ulyssesekin bat-batean eta inolako bitartekaririk gabe gozatu daitekeela? Nola ukatu literatur teoria eta kritikaren garrantzia maisu lan hori azaldu eta irakurtzeko orduan? Badira literatur lan batzuk irakurlea behartzen dutenak hausnarketa konplexu eta sakonak egitera, eta makinaria kritiko indartsua eduki ezean, ia ezinezko suertatzen da obra horiek irakurleak bere egitea. Arte plastikoetan, gehiegizka, Marcel Duschamp Arthur Danto arte kritikariari esker dela Marcel Duschamp esaten da maiz. Alegia, Dantoren Bereiztezinen Teoriari esker ulertu izan dela, Duschampen ready-made-ak zergatik diren artea –eta zergatik diren maisu lanak–. Era berean, antzeko zerbait esan daiteke, nahiz eta, seguruenik, neurri askoz ere apalagoan, Marcel Prousten eta Gérard Genette kritikariaren artekoaz. Genettek 60. hamarkadan egin zuen Prousten À la recherche du temps perdu obraren interpretazioak berau irakurtzeko modu berria eskaini zuen; berriz ere gehiegizka, esan daiteke Genettez geroztik ezin dela aurretik bezala irakurri Prousten obra. Lan kritikoek arte lan originalak nola eraldatzen dituzten erakusten duten bi adibide baino ez dira.
Tamalez, euskal literaturan ez dugu literatur kritikaren baitan kokatu dezakegun lan mugarririk. Arrazoiak askotarikoak izango dira, baina nagusiena, seguruenik, euskarazko obra interesgarrienak azkeneko 50 urteetan idatzi direla da. Kritika lan hauek, indartsu eta eraginkorrak direnean, adibidez, garai batean bigarren mailakotzat jotzen zen idazle bat kanonaren lehen mailan kokatzea lortzen dute. Euskal literaturan, ordea, nekez egin daiteke halakorik egun, bere historiaren mehartasunaren kariaz. Horregatik, egungo oparotasuna aintzat hartuz, zentzuzkoa da pentsatzea hemendik urte batzuen buruan sortu sortuko direla gisa honetako lan kritikoak, eta gaur egun sona handirik ez duten idazleak euskal literaturaren gorenean kokatuko direla, baita beste zenbait arrakastatsu ahantziak izango direla ere.
Baina euskal literaturaren historiari lotutako kontu horiek landa, inpresioa dut ez dagoela gurean kritikaren gaineko benetako interesik. Behiala idazleak eta idazle onak falta zitzaizkigun, honezkero baditugunak, agidanez. Liburuak publikatzen dira, sobera zenbaitzuen aburuz, eta orain arazoa irakurleena omen da, edo beharbada, zehatzago esanda, erosleena. Kritikaz, ostera, ez dirudi inor arduratzen denik. “Euskal literaturan kritika falta da” entzuten da noiz edo noiz esaldi errepikakor gisa, baina benetan, idazleren baten liburu berriak kritika gogorren bat jasotzen duenean arduratzen da norbait kritikaz. Eztabaidatzen da idazleen amateurismoaz, industriaren balizko krisialdiaz, subentzio sistemaz, egile eskubideez, liburutegietako maileguen gaineko kanonaz eta abar, baina inork ez du salatzen euskal kritika oraindik, oro har bederen, militantzian oinarritzen dela. Eta ez dut hitz egiten bakarrik iruzkin kritikoak egiteagatik pagatzen diren ordainsari miserableez; zeren, zenbat sari eta beka antolatzen dira literatur lanak sustatzeko? Zenbat sari eta beka literatur kritika laguntzeko? Zenbat subentzio? Zein erakundek defendatzen ditu kritikariaren eskubideak? Zein fakultatetan ikasi daiteke literatur kritika Euskal Herrian? Galdera horiei erantzutea besterik ez du euskarazko literatur kritika faltaz kexu denak.