Hara munduko kapitalismo finantzarioa salbatzeko ikuskizun lotsagarria. Amerikako Estatu Batuek, ekonomian eskua sartzearen arerio nagusiak, merkatu librearen defendatzaileak, bankariak porrotean ez itotzeko 700.000 milioi dolar (479.000 milioi euro) jartzea erabaki dute. Estatuak zergadun amerikarrei ezarri die zigorra, hau da, bankariak porrotetik salbatu beharra. Bankari horiek, diru goseak jota, munduko ekonomia eta finantza krisi handiena eragin dute. Estatu liberalak, kapitalismo basatienaren kudeatzaileak, galerak "sozializatu" ditu eta irabaziak "pribatizatu". Kapitalismoa ez dute zulotik atera AEBetan soilik, baita Europan ere. Europako Banku Zentralak urte honetan 462.440 milioi euro sartu ditu Europako bankuetan. Europako gobernuak –tartean espainiarra, frantziarra, EAEkoa eta Nafarroakoa– kapitalismo horren kudeatzaileak dira, horrelako eskusartze basatia onartzen dutelako.
Gobernuok esan dute hartutako irtenbidea ona izan dela, zeren horrela esku hartu izan ez balute ondorioak larriagoak izango zirela munduko finantza sisteman. Ez diezagutela adarrik jo. Hori gezurra da. Krisiaren erantzule benetakoa sistema kapitalista da eta basakeria hori ezkutatzen saiatzen dira bizirik iraun dezan. Europatik, Frantziako presidente Sarkozyk proposatu du "oinarri etikoak dituen kapitalismoa berreraikitzea". Kapitalismo basatia "gizatiartu" nahi dute irabaziak pribatizatzen segitzeko. Harritzekoa da Europako Parlamentuko presidente Poettering-ek esan duena: "Ezin zaizkie bankuei 700.000 milioi eman eta goseaz ahaztu". Harritzekoa da zeren beraiek, Europako Banku Zentrala buru dutela, amerikarren sendagaia darabilte. Irtenbidea ez da kapitalismoa zulotik ateratzea baizik eta beste ekonomia sistema bat eraikitzea; gizartearen eta herrien zerbitzura egongo dena, berdintasuna eta garapen solidarioa bultzatuko dituena. Utopia dela? Hori gabe oihanean segiko dugu.
OHARRA: Aukera hau hautatuz gero hurrengo aldietan ez dizu galdetuko ze instantzia erabili nahi duzun.
Aste honetan zenbaki berezia: Genozidioa gelditzeko, Israeli boikot
Herrien arteko elkartasunari gure aletxoa jarri nahi izan diogu. Euskal Herritik, euskaraz, herrien munduaren alde. Geldigaitza dirudien basakeriaren aurrean, duela bi urte bezala, ahotsa altxatzeko beharra sentitu dugu.