Paperezko antzerkiaren habia

  • Bilboko San Francisco kalean dago Yorick liburu denda. Bertara gerturatu eta antzerkiarekin loturiko argitalpenak topatzen ahal ditu bisitariak, izan testua ala teoria, arte eszenikoetako ezein arlotan. Ezohiko eskaintza da Yorickena, antzerkia gutxi ikusi eta are gutxiago argitaratu eta irakurtzen den garaiotan.
Yorik liburudenda
Dani Blanco
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Ezein liburu dendatan sartu eta kuxkuxean ibiltzea gogoko duenari harrituko zaio agian, apalak aztertzen hasi eta liburu denak antzerkiari buruzkoak direla konturatzean. Ez da ohikoa liburu denda espezializatuak existitzea gurean, beste herrialde batzuetako hiriburu handiagoetan ez bezala, eta are gutxiago antzerkiari buruzkoak.

Yoricken kasua ezin liteke ulertu Carlos Gilek zuzentzen duen Artez aldizkariaren haritik etorritako beste proiektuei arretaz eta osotasunean erreparatu gabe, aipatu aldizkaria eta liburu dendaz gain Artezblai argitaletxea eta Interneten eskaintzen dituzten zerbitzu osagarriak ere martxan baitituzte. Adar ugari dituen proiektu horren adierazle da hain zuzen ere San Francisco kaleko espazioa: Yorick antzokia balitz, oihalaren bestaldera joanez gero Artez aldizkariko lantaldea topatuko luke bisitariak, erredakzioan lanean.

Borja Relañok eta Ainara Gerrikabeitiak egin digute harrera. Eskariak jaso berri dituzte eta liburuak pilatzen dira bazterretan, paperezko dorreak sortuz, denda txikiaren goxotasuna areagotuz. Horrenbeste antzerki liburu ote dago? Eta galdera horren haritik, bada liburu horiek guztiak irakurri, edo are, erosiko dituenik?

Yorick bisitatzen duen balizko eroslea irudikatzen saiatu gara segituan. “Jendea ez dator hona beste liburu denda batera doan moduan. Ez da kuxkuxean ibiltzera sartzen, datorrenak badaki zertara datorren eta begiratu ahal du, baina normalean badaki zer erosi nahi duen ehuneko oso handi batean”.

Apaletako tituluak begiratzen hasi eta gaztelaniaz antzerkiaren inguruan kaleratzen den gehiena topatzen ahal da. Euskaraz antzerkia ez da apenas argitaratzen, kasu bakan batzuk kenduta: Artezblai argitaletxeak berak kaleratzen dituenak eta literatura lehiaketen bidetik etorritakoak daude batik bat. Gerrikabeitiak aipatu duenez Espainiako argitaletxeak dira euren eskaintzaren oinarria, baina hala ere badaude Hego Amerikatik ekarritako liburuak ere. Antzerkiarekin zerikusia duen guztiak du lekua apal hauetan: “Testuak, teoria, praktika, umeentzako zer edo zer, txotxongiloak, zirkua, magia pixkatxo bat…”.

Liburu denda horren espezializatua izanik, bertaratzen den jendea erosle soila baino zer edo zer gehiago izan ohi da. “Jendeak askotan eskatzen ditu existitzen ez diren gauzak, argitaratu ez direnak. Normalean existitzen diren antzerki testuak dira, norbaitek idatzi eta antzeztua izan den obra bat, baina gero liburu bihurtu ez dena. Beste askok ez ditugun liburuak eskatzen dizkigute, badirenik ere enteratu ez garelako; haien bitartez ezagutzen ditugu liburu batzuk, bezeroak laguntzen du liburu denda osatzen”.
Antzerki testuen kasuan liburua erosten duenak helburu diferenteak izan ditzake. Relañok gustuko du antzerkia irakurtzea baina azaldu duenez, jende askok muntaia bat buruan duelako irakurtzen du, horretarako testu bat behar duelako ezaugarri jakin batzuekin. “Baina bada jende asko ere antzerkia irakurtzera datorrena, beren buruan errepresentazioa egitera”. Gerrikabeitiak gehitu du muntatzeko asmoa duenak gaur egungo obrak gura izaten dituela eta normalean bizirik dauden egileenak. “Irakurtzeko zaletasuna daukanak edozer erosten du, Shakespeare izan edo Angelica Liddell. Baditugu klasikoak baina gutxi saltzen dira, Shakespeare edozein dendatan eros dezakezu, eta bestelakoak berriz ez”.

Teknologia berrien eskutik

Bai aldizkariaren jardunean bai liburu dendarenean Internet bidez albisteak zabaldu edo liburuak erosi ahal izateko aukera biziki landu dute azken urteotan, oso gutxi baitira oro har antzerkian espezializaturiko erreferentziak. Relañok aipatu duenez Espainiako Estatuan pare bat liburu denda dago beraiek dakitenez, Madrilen eta Bartzelonan. “Badaude beste liburu denda batzuk antzerkiari eskainitako sail ona daukatenak, baina gutxi”. Bezeroen jatorriaz Gerrikabeitiak dio gutxi etortzen direla Euskal Herritik kanpo, baina webgunetik erosten dutela. “Dendara bertara Bilboko edo inguruko jendea dator, eta Euskal Herriko jendeak ere orokorrean Internetetik erosten du. Askotan Donostiatik etortzea baino merkeago ateratzen da saretik eskatzea”.

Webgunean eskaintzen dena dendan ere edukitzen saiatzen dira beti, liburuak lortzeko aukera arindu eta zerbitzua bizkortzearren. Relañok dioenez katalogoa eta webgunea parean mantentzen saiatzen dira. “Webgunetik eskatzen direnak dendatik kentzen ditugu, ahalik eta arinenen bidaltzeko”. Gerrikabeitiak ere webgunearen garrantzia azpimarratu du: “Ez dugu saltzen ez daukagunik baina liburu dendaren oinarria webgunea da, hemen ez baitago antzerkiarenganako horrenbesteko zaletasunik”.

Lehenik aldizkaria sortu zen, gero argitaletxea, hirugarrenik webgunea eta laugarrenik liburu denda. “Hilabetekaria izanik badaude egunero beste albiste asko guk aldizkarian ezin ditugunak sartu, eta pentsatzen egon ginen lekurik aproposena webgunea zela, bat-batekotasunagatik”. Orduan sortu zen ataria eta handik gutxira –ia batera– argitaletxea, egun 30 testu inguru eta lau bilduma dituena. “Esperantza nahikoa dugu, gure energia asko dago horretan, eta diru asko ere bai. Inbertsio handia da eta askotan ez dator bueltan, batez ere euskaraz argitaratzen denean”.

Yorick espazio gisa existitzeak banatzaileekin eta antzerki titulu gutxi batzuk soilik dituzten argitaletxe handiekin harremana erraztu die, oraindik Internet bidez soilik funtzionatzen duen denda batek zailtasunak izan baititzake alde horretatik. Gerrikabeitiaren iritziz ez luke horrela izan behar: “Funtzionamendua berdin-berdina da, baina Internet oraindik ez da horren ezaguna eta espazioa edukitzeak seriotasuna ematen du”.

Uzta propioa

Yorick liburu dendan topatu litezke Artezblai argitaletxeak euskaraz eta gaztelaniaz kaleratu dituen liburuak. Lantaldekoek aipatu dutenez liburu bat aukeratu eta kaleratzea erabakitzerakoan ez dago irizpide erabatekorik, liburu bakoitzak bere istorioa dauka, eta edonola ere, normalean egoten den balizko materialaren kopurua ez da horren zabala. Argitaletxeak euskal sortzaileen lanak publikatzea izan zuen hasieran xede eta oinarri, baina denborarekin gaztelaniazkoek ere lekua hartu dute, interesgarriak iruditu zaizkien aukerak sortu izan direlako. Haien artean azkena Angelica Liddell autore ezagunaren lan berria, Belgrado.

Euskarazko testuei dagokionez, azpimarragarria da Serantes lehiaketarekin duten hitzarmena: lan sarituak kaleratzen ditu Artezblaik. Egon badaude beste hainbat lehiaketa ere, baina Yorickeko arduradunek azaldu dutenez zaila izaten da liburu horiek topatzea, ez baitira gehiegi banatzen. Serantes lehiaketaren kasuan merkatura zabaltzeko aukera ematen diote lanei. Azken tituluen artean, besteak beste, Jokin Oregiren Ni naiz Hector, ni bakarrik dago adibidez.

Lehiaketatik at, Antzerkiola Imaginarioaren formatu handiko lau testu argitaratzea ekarri dute gogora berrienen artean. “Pentsatzen egon ginen euskal dramaturgia egiten duen konpainia izanik, estetikoki nahiko zehatza eta estilo eta pertsonalitate aldetik oso markatua, interesagarria izan zitekeela paperean edukitzea ere. Nahiko obra poetikoak dira, irakurtzeko egokiak” .

Nolanahi ere, ez da erraza egun oholtza gainera eramaten diren testuetatik paperera pasatzeko aproposak izan daitezkeenak aukeratzea. Gerrikabeitiaren esanetan paperean testu batek indarra galdu dezake oholtzan oso estetikoa izan arren; edo alderantziz. Relañok azaldu duenez egile gehienak euskal antzerkigileak dira: “Ez dira idazleak, izatekotan antzerki konpainiako kide ikusten dute beren burua. Patxo Telleriaren kasuan adibidez berak idazten ditu gero bere konpainiarekin martxan jartzeko ikuskizunak. Gure ustez oso idazle potentea da, eta gainera gero paperean ere irabazten du, beste dimentsio bat hartzen du”. Euskal idazle gutxik bidaltzen dizkiete bestela orijinalak, normalean erakargarriagoa izaten zaie-eta literatur lehiaketen bidea hautatzea.

Antzerkiari buruzko lan teorikoei dagokionez euskaraz ez dago apenas ezer. Gerrikabeitiaren esanetan asmoak badaude itzulpenak egiteko. Material didaktikoa izango litzateke, ikastoletan banatzeko. “Ez dago antzerkia euskaraz ikasteko aukerarik, antzerki testuak euskaraz gutxi daude, eta formaziozkoak zero”.

Hutsune hori betetze aldera Artezblai argitaletxeak berak antzerki testu teorikoen lehiaketa zabaldu du aurten aurreneko aldiz, euskaraz eta gaztelaniaz aurkezten diren lanentzat. Saria: liburua argitaratzea. Testuen bildumaz gain Artezblaik baditu teoriarekin lotuagoak daudenak ere, eta haietan aurkituko dute lekua lan sarituek.

Antzerki zalearentzat irla baten modukoa da Yorick, baina bertako langileek, zer edo zer erromantikoa baino, beren egunerokotasuna ikusten dute bertan, lanbidea. “Yorick existitzen da esfortzu handia dagoelako atzetik, bestela honi eustea oso utopikoa da, guztia aurrera doa proiektu oso bat dagoelako”.

Izan antzezlana taula gainean muntatzeko, ala buruan bertan irudimenaren bidez dastatzeko, antzerki zaleak badu zeri heldu Yoricken.

Azkenak
Sexu heziketan formatuko dituzte irakasleak, Nafarroako hamabi ikastetxetan abiaturiko proiektu pilotuan

Bost sexologoren formazioa jasoko dute Nafarroako hamabi ikastetxetako irakasleek: sexualitatea ikasleekin lantzeko edukiak eta proposamen pedagogikoak eskainiko dizkiete. Skolae programaren segida izango da, nolabait.


2025-08-26 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Gogoratzeko moduko porrota, Taiwango gobernuarena

Logikoena zen, uztailaren 26ko lehen zaplazteko argiaren ondoren. Baina abuztuaren 23ko bigarrenak ihesbide politiko ia guztiak itxi dizkio Lairen gobernu taiwandarrari. “Gogorarazpen bozketan” beren hautetsi-tasuna gal zezaketen oposizioko Kuomintageko zazpi... [+]


Makro-onurak, mikro-ondoezak

Hemengo politikariek haien diskurtsotan immigranteen etorreraren alde edo kontra egiten dute. Immigrante ez-zurien etorreraren alde edo kontra, noski. Beste mugimenduak ez dut uste gehiegi inporta zaizkienik, edozein alderditakoak izanik ere. Tronu altu-altu batetik begiratzen... [+]


AEBetako Defentsako inteligentzia zerbitzuko burua kaleratu dute, Iranen aurkako erasoetan Trumpi aurre egin ostean

Jeffrey Kruse buru zen Defentsa Departamentuko inteligentzia zerbitzuek eginiko txosten baten arabera, AEBek Irango gune nuklearrei eginiko erasoek ez zuten Teheranen gaitasun nuklearra "guztiz suntsitu", bizpahiru hilabetez atzeratu baizik. Trumpek, ordea, adierazi zuen... [+]


Irakasle plazen %17 hutsik geratu dira Nafarroako Bigarren Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan

473 plaza eskaini dituzte eta 84 ez dira bete. Lehen Hezkuntzan, aldiz, ia lanpostu guztiak bete dira.


Inoiz izan ez zen osasun ituna: aukera galdua Osakidetzarentzat

Duela gutxi Eusko Jaurlaritzak bultzatutako "Euskadiko Osasun Ituna" izenekoaren porrota ez da anekdota politiko soil bat, ezta osasun-kudeaketan unean-uneko estropezu bat ere. EAEko osasunaren ikuspegi kolektibo, inklusibo eta benetan publiko bat galtzea politika... [+]


2025-08-26 | Josu Iraeta
Euskara, oldartu zaitez

Euskarak urte luzeetan ezaguturiko zapalkuntzaren ondorio larriak, frankismoaren errepresio itogarriak, baita gure hizkuntzarekiko erakutsi zuen jarrera erasokorrak ere, piztu zituzten herri honen euskaldungoaren kontzientzia eta oldarra. Eguneroko esperientziaren egoera larriak... [+]


Meatzaldea eta Ezkerraldea ez dira zuen zabortegiak

A zer zortea gurea! Inork nahi ez duen edozein industria-proiekturentzako puntu bero gogokoena gara gu! Ezkerraldea eta Meatzaldea, beti prest beste leku batzuetan gogaitzen duen guztia beso zabalik hartzeko. Petronor? Ederto. Lindane-hobi bat? Aurrera. Dorre elektrikoak gure... [+]


Gazara abiatuko da Global Sumud Flotilla, Euskal Herriko ordezkaritzarekin

Ontzidia abuztuaren 31n irtengo da Bartzelonatik. Euskal Herriko lau kide joango dira bertan, munduko beste 40 herrialdeetako solidarioekin batera. 


Dopina

Sentitzen dut, baina kosta egiten zait sinestea. Yeray Alvarez Athleticeko jokalariak analisi batean positibo eman izanak berriro azaleratu du kirolean existitzen den dopinaren inguruko eztabaida. Eliteko kirolean, hobeto esanda; eta horra hor auziaren gakoa. Kirolari... [+]


Gorpu bat aurkitu dute Nagoreko urtegian, Nafarroan

Herritar talde batek bainua hartzen zegoela gorpua aurkitu eta Polizia deitu zuen. Iruñera eraman dute gorpua autopsia egiteko, eta heriotzaren zergatia argitzeko. Gizonak 51 urte zituen.


Ukrainako Independentzia Egunean, Kievek eta Moskuk 146na preso trukatu dituzte

Arabiar Emirerri Batuen bitartekaritzarekin lortu dute preso trukea gauzatzea. Zelenskik adierazi du Ukrainak "askatasunaren alde" borrokatzen jarraituko duela, herrialdeak independentzia aldarrikatu zuenetik 34 urte bete direnean: "Bakea behar dugu, eta gure... [+]


Israelek Gazako Nasser ospitaleari eraso egin dio, eta gutxienez hemeretzi pertsona hil ditu, tartean lau kazetari

Gazako osasun zentro nagusia bonbardatu du Israelek. Hildakoen artean lau kazetari daude, Reuters, AP, Al Jazeera eta NBCkoak. 


Imanol (edo futbola gizartearen isla, beste behin)

Futbola herriaren opioa zela zioten batzuk; garrantzitsuak ez diren gauzetan garrantzitsuena dela pentsatzen dute hainbatek; kapitalismo basatienarekin lotzen duenik ere bada… Nire iritziz, gizartearen isla soila da; herritarron gabezia eta arazo askoren isla.

Ez zait... [+]


2025-08-25 | Thomas Barlow
Hizkuntzaren ertzetik erdialdera

Hizkuntzalari ospetsu José Ignacio Hualdek hiru joera nagusi bereizi ditu euskaldun berrien artean, batuarekiko harremanari dagokionez: euskalki biziko herrietan, gazteek etxean euskalkia darabilte eta eskolan batua; gaztelaniaz hitz egiten den hiriguneetan, gehienek batua... [+]


Eguneraketa berriak daude