«Masa bati gauza konplikatuak esplikatzen saiatzea hanka sartzea da»

  • Nigatik balitz, egunkariak orri bakarra ukango luke. Tasiori emango nioke aurkia, Zakilixuti ifrentzua. Baina egunkariak bete egin behar direnez, eskuak geldirik gorde, eta mingaina askatzeko eskatu diogu Tasiori. Hitzek ere aurkia eta ifrentzua dutelakoan.
Javier Etayo 'Tasio'
Tasio
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Haurrak artista kontsakratuak baino ausartagoak dira. Ez dira orrialde zuriaren beldur.


Umetan, beti nenbilen monigoteak egiten, irakasleen karikaturak, adiskideen portretak. Asko gustatzen zitzaidan Mortadelo eta Filemonak kopiatzea. Horiei esker daukat estilo propioa, eta eskerrak, marrazketa izan ezik, ia dena suspenditzen zuenetakoa bainintzen. Betidanik joan izan zait begia karteletara, jendearen janzkerara, logotipoetara, marketara... Ofizioa hartu aurretik ere begirada “profesionala” neukan.

Marrazkilaria izan baino lehen, maisua izan zinen, alta. Zer leku daukate irudimenak eta sormenak hezkuntzan?


Nire gusturako oso gutxi lantzen dira. Alderantziz. Orokorrean, eskola haurrari janzten zaion kortsea da, bere irudimena garatu ez dezan. Akats larria da hori, marrazkia arma pedagogiko izugarria baita. Umeari irudimena aktibatzen dio, eta bestela azaldu ezin dizkiozun gauza asko esplikatzen dizkiozu irudi bakarrarekin.

Arma pedagogikoa ez ezik, marrazketa eguneroko bizitzako arma ez ote den...


Che Guevarak zioen, fusil bat izan zitekeela beldurgarria ala ederra, erabiltzailearen arabera. Marrazkia gauza bera. Marrazkia, iritzia sortzeko, kritika zorrozteko, eta munduarekiko ikusmoldeak zabaltzeko tresna da. Agian, horregatik lantzen da oso gutxi eskolan. Sistema, orokorrean, neska-mutilen adierazpideak gutxiengoetara murrizten saiatzen da, borragoma bezain kamutsak izan daitezen.

1987an, maisutza utzi eta borragoma eta lapitza hartu zenituen marrazketara profesionalki dedikatzeko.


Erabat asebetetzen ninduena marrazketa zen, eta gainera, funtzionarioa nintzenez, eszedentzia eska nezakeen. Nire emazteari Kuban ikastaro bat egiteko beka bat eman zioten eta ez nuen askorik pentsatu: hemengoa utzi eta berarekin joatea erabaki nuen. Ez naiz hartutako erabakiaz damu. Badakit marrazkitik bizitzea ez dela batere erraza, baina hastapenetik izan dut onarpen handi samarra. Gaur egun, ez daukat inorekin lotzen nauen kontraturik baina lan finkoa badudala esan dezaket. Pribilegio handia da hori!

Profesionaltasunak aldatu zizun marrazteko modua?


Marrazteko modua ez, bizitza ikusteko modua aldatu zidan. Kubara joan aitzineko eta joan ondoko bizitzak daude emaztea eta biontzat. Marrazteko estiloa urteekin lantzen eta fintzen joaten zaren zerbait da. Eginen egiten nituen tirak ikusten ditudanean ez dute zerikusirik orain marrazten ditudanekin. Suposatzen dut, urte batzuen buruan, orain egiten ditudanak ikusi eta gaur baino gutxiago gustatuko zaizkidala. Bizilegea da.

Erabateko dedikazioak ez dakar presio erantsirik?


Ez, ezin hobeto bizi naiz. Ez dut inongo nagusirik, ez dit inork ordutegirik markatzen, nahi dudanean esnatzen naiz, nahi dudanean ekiten diot lanari, nahi dudanean uzten dut... Ederki. Diziplinan datza gakoa. Ezinbestekoa da. Horregatik saiatu naiz beti jaikitzeko ordu bat jartzen, eta goiz zein arratsalde, ordu dezente sartzen. Dena den, nik abantaila bat daukat. Ohean irratia entzuten ari naizenean, burua makinatzen ukan nezake. Azken finean, tiraren elaborazioa da errazena, ideia dirdiratsua atzematea da zaila.

1991tik hona, egunero errepikatzen diren egoera berdintsuei tira desberdinak egitea ere ez da erraza izango, ezta?


Nik pipa pasatzen dut. Kritika politiko-soziala egin nezake, nahi dudanarekin sartu naiteke, eta gainera ordaindu egiten didate! Nola nekatuko naiz hortaz? Tirena sekulako terapia da niretzat, asko gozatzen dut, eta arrazoiren batengatik utziko banitu, izugarri botako nituzke faltan.

Zenbaitetan isilik egoteko aukera ez duzu faltan botatzen? Beti dauzkazu gauzak garbi?


Bai zera! Ni oso ideia sinpleak aurkezten saiatzen naiz. Masa bati gauza konplikatuak esplikatzen saiatzea hanka sartzea da. Adin guztientzako jendearentzat marrazten dut, eta denek konprenitzea nahi dut. Orduan zenbat eta tira sinpleagoa, hainbat hobe!

Nahi duzunarekin sartu zintezkeela zenioen. Ziur zaude?


Ez dakit zer pentsatu. Jende batek kontuz ibiltzeko esaten dit, baina nola?! Beldur hori hor dago eta nahi baino gehiagotan oroitarazten digute. Egungo presio mediatikoarekin, gaizki ulertutako edo modu makiabelikoan interpretatutako tira batek bizitza konplikatu diezadake. Adibidez, monarkiarekin izugarri auto-zentsuratzen naiz. Esaten hasita sekulakoak eta bi esango nituzke, baina gauzak dauden bezala...

Mahomaren karikaturak, El Juevesen afera, laster eguraldiari buruz soilik marraztu ahal izango da!


Bai, eta segur aski eguraldia Mariano Medinak esplikatuko du, bueltan datozen behinolako sasoien gorazarrez. Esaterako, Mahomaren karikaturek, Che Guevararen fusilen teoria berretsi baino ez dute egiten. Garai okerragoak iritsiko direnentz? Nik uste dut iritsi litezkeela.

Asisko Urmenetak esana: “Apologiaren legeak distortsionatzen du dena”.


Hori da herri honetan egon behar lukeen eta ez dagoen funtsezko eztabaidetako bat. Telebistako tertulietan ezin badu inork borroka armatua defendatu nola egongo da debatea? Marrazkiekin gauza bera. Gainera, onartzen dut nire bando politikoari ziria sartzeak izorratzen nauela, bestela ere nahikoa egur jasotzen duelako, baina kosta arren, nire lana da, eta segituko dut zirikatu eta eragiten.

Zer eragin nahi duzu zure irakurleengan?


Irribarrea eta pentsamendu kritikoa. Horiek dira tira baten arrakastaren bi gakoak.

Zer umore mota bilatzen duzu?


Hitzik gabeko umorea gustatzen zait. Eginen euskaraz marraztu behar nuen, eta ez nuenez hizkuntza kontrolatzen, txiste guztiak mutuak izan zitezen ahalegintzen nintzen, itzulpen filtroetatik ez pasatzeagatik. Gustatzen zait txiste mutua. Dena begi-kolpe batean eman eta jasotzen da, segundo bakarrean gauza asko esan ditzake, eta testuak sor ditzakeen nahasketak saihesten ditu.

Aurreikusten duzu noiz den tira bat ona eta noiz txarra?


Susmoa izan zenezake, baina batzuetan sorpresak hartzen dituzu. Batzuetan nik ere pentsatzen dut “hau zer txarra den!”, baina besterik ez zaizu ateratzen, ez daukazu denborarik edo... Bestetzuetan, aldiz, tira arrunt bat egin duzula uste eta munduari itzulia ematen dio. Irailaren 11ren ondotik, Afganistanen gerra hastear zegoela, mapamundia zabaldu eta zonalde hartako herrialde guztiak “–istan” bukatzen zirela ohartu nintzen. Hori hala, edozeinek egin zezakeen txistea egin nuen, “aqui no estan/aquistan”. Asko uste gabe, tira horrek sekulako arrakasta ukan zuen. Pentsa, Interneteko eskubideak kobratu banitu etxea ordaindua izango nuen!

Anitz eragiten du testuinguru politiko-sozialak?


Izugarri. Kasu hartan, gerra atarian geunden, mundu guztia urduri zegoen, eta bat-batean, seriotasun hori guztia hankaz gora jarri zuen tira agertu zen. Testuinguru guztiak dira garrantzitsuak. Ez da gauza bera mitin bat garai bare batean, edo mitin bat errepresio aro batean. Tirekin gauza bera.

Testuinguruak testuinguru, jende gutxik ezagutzen du zure aurpegia. Ez zara aurpegi publikoa.


Ez zait fama gustatzen. Ezkutuan pasatzea nahiago dut, ez dadila inor ohartu hor nagoenik. Euskal Herrian ez da erraza, baina tira. Gainera, Gabirel Ezkurdiarekin Tele5-n kolaboratzen nuen garaian guri egurra ematera dedikatzen zen webgune bat sortu zen, eta Alcala de Henaresko paraxutista batailoi batek nire larrua nahi zuen. Orduan pentsatu nuen; “kanpoko jendeak zenbat eta gutxiago ezagutu hainbat hobe!”.

Egunero azterketa bat pasatzen duenarentzat ere babes bat izan daiteke, ezta?


Egia da neurri batean babesten nauela, baina ez da hori nire intentzioa. Eguneroko azterketarena ezin duzu saihestu. Zuk nahi ala ez, egunero daukazu azterketa bat zain, eta ezagutzen zaituenak beti esango dizu zer gustatu zaion eta zer ez.

Ez al da zailagoa azterketak gainditzea gaurkotasuna azkarrago aldatzen denetik?


Horrek asko izorratzen nau. Asko zailtzen du nire lana. Pasa izan zait tira bidali ondoren albiste garrantzitsu bat ateratzea. Ez dago bueltarik. Zenbait egunetan, orduak aitzina joan ahala, tirek elkar jaten dute, eta zuk bidaltzen duzunak egunerokotasuna galtzen du. Ofizioaren ajeak.

Egunerokotasunaz gaindi, batzuetan publizitatea eta umorezko tira ez al dira hizkuntza berean mintzo?


Klabe batzuk komunean dituzte, baina ni publizitatearekin oso erreta nago. Auzo-lotsa sentitzen dut. Izugarria da zenbat astakeria esaten dizkiguten, zenbat gezur, zenbat engainu. Pentsa, propaganda batean, Jaurlaritza AHT-a ekologikoki onuragarria zela esatera iritsi da, egiten ari diren txikizioak eginda. Salbatu beharrekoak salbatuta, munduko ofizio lotsagarrienetakoa iruditzen zait publizistena. Lasai bazkaltzen ari zaren bitartean kea saltzeak ez dauka izenik!

Herri honen asmo handiak kea izango ez direnerako tirak prest dauzkazu?


Batzuk neberan gordeta dauzkat, baina herri honetan gauzak oso azkar aldatzen dira, eta ez baitezpada hobera. Martxa honetan, norbaitek deskubritu arte izoztuta geratuko direla uste dut, Siberiako Mamuta bezala. Dena den, ni beti nabil tirak pentsatzen, eta norbaitek “aski da” esan arte hala segituko dut. Hori gabe zerbait faltako litzaidake. Beharra da.

Hemendik 25 urtera, beraz, orri zuri bat emango dizut, eta esango didazu aitona xaharra artista kontsakratua baino ausartagoa den.


Marrazten segi ahal izatea espero dut, eta gustatuko litzaidake egiten dudana oso desberdina izatea, orain marrazten dudana ez marraztea. Ikusi dadila ez naizela egun naizen pertsona, aldatu naizela, eboluzionatu dudala. Geldituko gara?
Nortasun agiria
Nafarroako Erriberako Sesma herrian jaio zen 1954ko maiatzaren 11n. Urte anitzean eskolako maisu aritu bazen ere, 1987an dena utzi eta geroztik marraztetik bizi da. 1991tik gaur arte, eguneroko tira bat atera du Egin eta Gara egunkarietan, eta beste aldizkari askotan kolaboratu du. Han eta hemen sari asko irabazi ditu, eta La Habanako umore politikoko lehiaketa entzutetsuan bigarren saria atera zuen.
'Tasio'
“1991n, Eginen hasi nintzenean ez nekien J. Etayo edo bestela firmatu. Garaiak ere zirenak ziren, goitizenez firmatzea aholkatu zidaten. Orduan, Tasio ikazkinaren pelikula zegoen modan, eta pertsonaia nafar, asilbestratua zenez, beragatik bihurtu nintzen Tasio”.
Egoera pertsonala
“Ez du uste bezainbat eragiten, baina eragiten du. Egun txarra duzula, ordenagailua gaizki dabilkizula... Askotan, detaile horiek marrazkietan islatuta geratzen dira. Horregatik diot badela arnasbide bat, barruko korapiloak askatzeko modua”.
Sariak
“Estimulu garrantzitsuak dira. Denbora bat da lehiaketetara aurkeztu ez naizela, baina sari asko irabazteko zortea izan dut, eta sariak jaso izan ditudan egunak egun atsegin eta zoriontsutzat dauzkat. Zure lanaren onarpena dira, funtsean”.
AZKEN HITZA
Komikigintza
“Gurean komigintza oso utzia dago, abandonatua ia. Sistemari ez zaio interesatzen jendeak pentsatzea, irri egitea, pozik egotea. Sistemak jendea depresioan sartu eta ahal dela bajarik ez eskatzea nahi du. Horretaz gain, ez du dirurik ematen, ezin da etekinik atera, orduan ahaztu eta bakea. Niri pena izugarria ematen dit. Instituzioak askoz gehiago inplikatu behar lirateke komikigintzan. Gastatzen duten dirua gurea da, ezta? Exijitu beharko genieke halako arloetan gastatzea. Ez dezatela esan arazoa kulturala denik. Benetako apustua eginez gero sortuko da kultura”.

Azkenak
2025-09-10 | Gedar
“Ontzidia blokeatzen badute, unibertsitateak hartuko ditugu”

Europako hainbat unibertsitatetan ikasleek abiatutako dinamikarekin bat egin du IAk, eta hurrengo deialdietara adi egoteko eskatu du.


Azaroaren 23an izango dira Arabako kontzejuetako hauteskundeak

Arabako Foru Aldundiak adierazi du litekeena dela irailaren 21ean irekitzea epea hautagaien zerrendak aurkezteko.


Hezkuntzan eremuka lan egitea fokupean jarri du Kataluniako Auzitegi Nagusiaren ebazpenak

DBHko 4. mailan eremuka irakastea planteatzen duen curriculum agindua bertan behera utzi du Kataluniako Auzitegi Nagusiak, aurrez Batxilergoan egin zuen gisan. Eremukako proiektuen aurkako salaketa Aspepc DBHko irakasle katalanen sindikatuak jarri zuen.


Israelek Hamaseko negoziatzaileak bonbardatu ditu Qatarreko hiriburuan

Erasoaren helburu izan direnak Trumpek proposatutako su-etena negoziatzen ari zirela azaldu du Hamasek. Israelek erasoa baieztatu du, eta Qatarrek “eraso kriminala” kondenatu.


Nepalgo lehen ministroak dimisioa eman du, protesta gogorren ondorioz

Liskarretan gutxienez hogei pertsona hil dira astelehenean. Astearte goizean, lehen ministroaren etxeari su eman diote manifestariek. Herritarrik gazteenak ari dira protestan, gobernuaren ustelkeriaren aurka, eta bereziki, sare sozialen debekuak eraginda.


2025-09-09 | ARGIA
Aske utzi dute Jose Mari Dorronsoro euskal presoa, 32 urteren ondoren

Jose Mari Dorronsoro preso politikoak Frantziako Estatuan bete zuen zigorra aintzat hartu ondoren, aske utzi zuten abuztuan, Etxerat elkarteak jakinarazi duenez.


2025-09-09 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Bazuen mezua, noski, Pekineko desfileak; baina zein zen mezua?

Zuzenean, askok, edo geroago ehunka milioik ikusi ahal izan duten irailaren 3ko Pekineko desfile militar erraldoiak bazuen, bai horixe, mezua. Halako guztiek bezala, esan genezake. Antolatzaileen borondateaz harago doazen mezuak, batzuetan. Mezu horiek zein eta norentzat ziren... [+]


Eskola segregazioa gainditzea helburu duen mahaia abiatu du Jaurlaritzak, STEILAS eta ELA gabe

"Erronka izugarria" duen mahaia jarri du martxan Eusko Jaurlaritzak, 50 bat eragilerekin: eskola segregazioa gainditzeko neurriak adostea. STEILAS eta ELA sindikatuek ez dute parte hartu; Jaurlaritzak oinarri dituen politikek segregazioa betikotzen dutela diote.


2025-09-09 | Jon Torner Zabala
Itsasoaren berotzeak euskal kostaldeko espezie batzuen portaera aldatu du, Aztiren arabera

"Berdela iparralderantz ari da mugitzen, itsasoa berotzeak sardinari ez dio on egiten eta geroz eta gutxiagoa dago, antxoarentzat ona da eta geroz eta gehiago dago, baina txikiagoa da...", dio Aztiko ikerlari Xabier Irigoienek, EITB Datak tenperaturaren gorakadaz egin... [+]


Israelek Gaza hiria ebakuatzeko agindua eman du eta drone batek eraso egin dio Flotillari Tunisian

Hirian milioi bat pertsona inguru bizi da egun, eta ez dute nora jo. Pazienteekin eta lanean geratuko direla adierazi du Shifa ospitaleko zuzendariak, eta babesa eskatu dio nazioarteari. Bestalde, gauerdian, Global Summud Flotillako ontzi bati eraso egin dio drone batek... [+]


2025-09-09 | Gedar
EAJko presidente ohi Andoni Ortuzar kanpo-aholkulari gisa fitxatu du PwC multinazionalak

 "Komunikazioan eta gai publikoetan" lagunduko dio enpresari. Lizitazioak manipulatzeagatik isundu izan dute konpainia, eta lotura zuzenak ditu EAJrekin. 


Nafarroako azoka ekologiko handiena Noainen lurreratuko da irailaren 12tik 14ra

Hamargarren urtemuga ospatuko du aurten Nafarroako Azoka Ekologikoak. Berrogei postuko azokaz gain mintzaldiak, tailerrak, kontzertuak eta erakusketak izanen dira


2025-09-09 | Irutxuloko Hitza
Kaleratzeak Stopek gaitzetsi du Donostian GOe egiteko azkartasuna, ondoko orubeko gazteentzako apartamenduei ekiteko datarik ez dutenean

Joan den astean jakinarazi zuten Basque Culinary Centerren GOe eraikina urriaren 20an inauguratuko dutela, eta horren harira, Kaleratzeak Stop plataformak idatzi bat helarazi du komunikabideetara. Bertan, gaitzetsi egin du Basque Culinary Centerreko eraikin berria 20 hilabetetan... [+]


Eguneraketa berriak daude