Euskalgintza eta herrigintza

Ekai Txapartegi
Egoitz Lasa
Joxe Manuel Odriozolak ireki du eztabaida Abertzaleak eta euskara (Elkar, 2008) liburuarekin. Herrigintzarik gabeko euskalgintza itsua da. Euskalgintzarik gabeko herrigintza berriz hutsala. Honi espetxetik Joseba Alvarez Batasuneko mahaikideak erantzun dio (Berria 2008/9/10 eta Gara 2008/9/13). Baietz, baina ahaztu zaiola aipatzea ezker abertzaleak uztartu dituela biak, ahalegin askoren ondoren lortu duelako independentzia politikoaren aldeko herri mugimenduak euskaraz egitea.

Ematen du, ordea, eztabaidatik at utzi dutela biek gaur egungo egoera zein paradoxikoa den. Herrigintza ilegala den bitartean, euskalgintza subentziotatik bizi da.

Abertzaleon bi fronteak euskalgintza eta herrigintza badira, lehen begiratuan Estatuaren politikak kontraesankorra dirudi: herrigintza kartzelaratu eta, aldi berean, euskalgintza diruz hornitzen utzi? Asmoa hala ere ez da batere kontraesankorra: euskal hiztunen komunitatea bale, baina euskal naziorik ezta mozkortuta ere.

Horregatik, komeni zaigu ez ahaztea gauden tokira errealitate juridiko-politiko horrek ekarri gaituela. Erabaki pertsonalak ondoren etorri direlako. Normala denez abertzale batzuek beldurragatik utzi egin dute herrigintza. Normala denez, baita ere, beste zenbaitek euskalgintzan aurkitu du bere hileroko diru-iturria.

Eta Estatuak espero zitekeen moduan erantzun du. Herrigintzan jarraitu dutenak espetxe urrunetan sartu ditu eta euskalgintzan gora egin dutenak berriz maileguzko bulegoetan egokitu. Adibideak begi bistakoak dira, Joseba Alvarez bera eta Erramun Osa.
Erabaki guztiek ez dute balio bera, jakina, ondorio berak ere ez dituztelako, baina egoera honi aurre nola egin eztabaida soseguz eman dadin, erabaki pertsonalei buruzko hika-mikak albo batera uztea da nire ustez lehen urratsa. Zaila izan arren edo urdailak beste zerbait eskatu arren.

Errepresioaren atzaparpean bizi direnek euskalgintza salduen aterbe gisa ikusteko tentazioa izan dezakete. Eta alderantziz, baina oso modu beretsuan, euskalgintzak herrigintzaren esku-hartzea mehatxu gisa har dezake. Horregatik, eztabaida erabaki pertsonalen mailara jaisten badugu abertzaleon arteko giroa areago mikaztuko dugu. Eta okerrago dena, hori bakarrik lortuko dugu.

Egoera juridiko eta politikoa garbia da. Makila eta azenarioa. Herrigintzari makila eta euskalgintzari azenarioa. Garbia da, baita ere, haren asmoa, ondorioa eta arrisku nagusia. Orain pentsatu behar dugu horren aurrean zer egin, herri bezala.

Eguneraketa berriak daude