Emakume baten bizipenak

  • “Nola eragingo dio aitaren hutsuneak nire umeari?”. Haurra intseminazio bidez izatea erabaki zuenean, hori izan zen Edurnek bere buruari egin zion galderarik inportanteena. Erantzunik ez du topatu oraindik, baina ilusioz mintzo da semearekin batera emango dituen urratsez.
Intseminazioa
Dani Blanco

Edurne Pradillak 37 urte ditu eta Zumarragakoa da. Ez du bikoterik, baina berarekin solasean hasi garenean, argi utzi nahi izan digu ez duela ezertxo ere gizonen aurka. “Kontua da ez dudala nire seme-alabentzako aita egokirik aurkitu”, esan digu. Eta Pilar Cernuda kazetari espainiarrak 2006an kaleratu zuen Madres solas: Una decisión voluntaria (Ama bakarrak: borondatezko erabakia) liburuaz hitz egiten hasi da. “Gizonak larrutu egiten ditu, irakurgai kaskarra da oso”. Bere egongelako mahai gainetik liburu bat hartu du ondoren: Mikki Morrissette estatubatuarraren Choosing Single Motherhood (Bakarkako amatasuna aukeratzen). Gaztelaniaz ezer gutxi argitaratzen omen da bikoterik ez izan arren ama izan nahi duten emakumeen inguruan. Are gutxiago euskaraz. Ingelesez bai, material ugari plazaratu da. “Hiruzpalau liburu irakurri ditut, eta hauxe da interesgarriena, gaia ikuspegi zabal batetik jorratzen duelako, izen-abizenak dituen emakume baten esperientzia mugatua kontatu beharrean”, azaldu digu.

Baina egin dezagun denboran urtebete atzera...

Informazioa biltzea xede

Edurne Pradillak bazekien bere egoera berezia zela, baina ama izan nahi zuen, eta aukera desberdinak aztertzen hasi zen. Adopzioa zen horietako bat. Azkar baztertu zuen, prozesu geldoa delako eta, batez ere, ama baten sentsazio denak bizi nahi zituelako. Geroz eta argiago zuen laguntza bidezko ugalketa tekniken bidez beteko zuela bere desioa.

Ahalik eta informazio gehien pilatzea, hori zen lehen helburua, emango zuen urratsa ez baitzen nolanahikoa. Eta Internet aliatu ona da horretarako. Gaztelaniazko Madres solteras por elección foroan (http://groups/msn.com/madresoltera) laguntza handia jaso zuen. Tratamenduak eta umea mantentzeak suposa ditzaketen gastuak, laguntza bidezko ugalketa tekniken arteko desberdintasunak, indarrean dagoen legedia, alde afektiboari buruzko iritziak... Informazio mordoa bildu zuen, zituen zalantzak aski ongi ezagutzen zituzten emakumeen ahotik. Senide eta lagunekin hitz egin zuen, baita Osakidetzako zein zentro pribatuetako medikuekin ere.

Jaso zituen datu eta iritzi guztiak sakon aztertu ostean, Donostiako Quiron klinikaren aldeko hautua egin zuen: “Gizarte-segurantzak, 40 urte baino gutxiago izanez gero, tratamenduaren %100 bere gain hartzen du, baina itxaron zerrendak oso luzeak dira eta horregatik erabaki nuen, besteak beste, zentro pribatu batera joatea. Gainera, nire aseguru-etxeak kostuaren %40 bere gain hartu du. Bikotea banu eta bera ere aseguru-etxe berekoa balitz, %80a ordainduko ligukete”, dio etsipen puntu batez.

Zumarragarrak azaldu digunez, intseminazio ziklo edo saiakera bakoitzak 1.400 euro inguru balio du. Berak gutxiago ordaindu du, %40 hori kentzeaz gain, aseguru-etxeak eta Quiron klinikak orduan zeukaten akordio bati esker, kostua gehiago murriztu delako. 300 euro inguru ordaindu ditu, sendagaiak albo batera utzita: “Medikamentuak garestiak dira oso. Ziur esaterik ez daukat, baina 500 euro inguru gastatuko nituen”.

Denbora aurka

Medikuekin eta aseguru-etxekoekin hitz egin zuenean, mezu garbia jaso zuen. “Ez ziren itzulinguruka aritu. Umea izan nahi banuen, prozesuarekin azkar hasteko gomendatu zidaten”. Klinikara joan zen aurreneko egunean, Lagundutako Ugalketa Zerbitzuko buru Koldo Carbonerok ugalkortasun grafikoa marraztu zion paper batean. “40 urtera iristean, zuzenean beherantz erortzen zen arrastoa egin zuen boligrafoarekin. Horrek apur bat beldurtu ninduen, eta erabakia ahalik eta azkarren hartu behar nuela ikusi nuen”. Hainbat froga egin zizkioten, laguntza bidezko zein ugalketa teknika erabiliko zuten jakiteko. Intseminazioa zen biderik egokiena.

Intseminazioa eta in vitro ernalketa

Laguntza bidezko ugalketa teknika asko daude, baina gauzak erraztu aldera, bitan sailkatuko ditugu guk, horiek baitira nagusiak: intseminazio artifiziala (IAC-IAD) eta in vitro ernalketa (FIV eta ICSI). Felipe Atutxa Quiron klinikako Obstetrizia ataleko buruak eman dizkigu azalpen teknikoak, bikote heterosexual baten esperientziatik abiatuta. Lehenago, dena den, antzutasunaz edo haurdun gelditzeko ezintasunaz aritu da. Antzutasuna gorantz doala esan digu, bi arrazoirengatik bereziki: ama izan nahi duten emakumeek helduagoak direnean hartzen dute erabaki hori, eta gizonezkoen semenaren kalitatea geroz eta baxuagoa da. “Bizitza modernoa” ei da eragileetako bat: estresa, jan ohiturak, alkohola, tabakoa eta abar.

Bikotea antzua denean, emakume eta gizonari egiten dizkiete analisiak, eragilea bietako nor den ikusteko. Batetik, emakumezkoen zikloa aztertu eta umetokiaren erradiografia egiten da eta, bestetik, gizonezkoen semena aztertzen dute. Gehienetan –antzutasun kasuen %40an–, gizonezkoa da eragilea; emakumea %30ean eta biak era berean beste %30ean. Geroz eta sarriago gertatzen da gizonezkoen semenaren kalitatea baxuegia izatea eta, gainera, faktore tubarikoa ere kontuan hartu behar da. Lehen, sexu harremanetan preserbatiboa beharrean pilulak erabiltzen zirenean, ez ziren tronpetan gerta daitezkeen infekzioak saihesten. Orain, berriz, preserbatiboa erabiltzen denez, emakumeek gisa horretako arazo gutxiago izaten dituzte.

Atutxa doktoreak esan digunez, oro har, emakumeek natural erreakzionatzen dute antzuak beraiek direla entzuten dutenean, gizonezkoek baino kemen gehiagorekin. Gizonezko askok, “antzua zu zara” entzuten dutenean, pot egiten dute. Medikuak, dena den, bere kontsultara joango direnak lasaitu nahi izan ditu: “Antzutasun kasu guztiak senda ditzake zientziak”. Quironen webguneko (www.reproduccionquiron.com) azalean ere antzeko mezua irakurri dugu: “Naturak aurrera egiterik ez duenean, zientziak egiten du aurrera”.

Antzutasunaren eragilea emakumezkoa bada, in vitro ernalketa-teknika erabili behar da derrigorrez. Aldiz, eragilea gizonezkoa denean, semenaren kalitateak baldintzatuko du teknika bat ala beste aukeratzea. Kasu batzuetan, semena laborategian hobetu –zentrifugatu egiten da– eta emakumea intseminatzen da. Beste zenbaitetan, ordea, semenaren kalitatea txarregia da, eta orduan in vitro teknika erabili behar da ezinbestean.

IAC-IAD teknikaren kasuan, injekzio bidez transferitzen diren gameto maskulinoak (espermatozoideak) eta femeninoak (obozitoak) emakumearen uteroan intseminatzen dira. In vitro (FIV) teknikarekin, berriz, gameto maskulinoak eta femeninoak laborategian ernaltzen dira. Alegia, emakumearen organismoan ematen diren baldintzak laborategian erreproduzitzen dira. Unea iristean, bat egingo duten gameto biak emakumearen uterora transferitzen dira.

Intseminazioa lau bider errepika daiteke, hilekoaren lau fase jarraietan. Lau ahaleginetan emakumezkoa ez bada haurdun geratzen, teknika “ez eraginkortzat” hartuko da eta emakumea ezingo da berriro intseminatu. Teknika horren arrakasta tasa %70ekoa da. Gainerako %30ak in vitro ernalketa prozesua hasten du; arrakasta lortzeko aukera %35ekoa da. Ehuneko horiei dagokienez, kopuru altuak direla esan digu Atutxak, kontuan izan behar delako “haurdunaldi normalaren probabilitatea” %20koa dela. Bi teknika horiek hainbat eragozpen dituztela ez da ahaztu behar. Lortutako haurdunaldien %22, adibidez, haurdunaldi anizkoitzak dira intseminazioaren kasuan, eta %14 in vitro ernalketaren kasuan.

Jada esan dugu intseminazio ziklo bakoitzak 1.400 euro balio duela. In vitro ernalketa-teknikak (saiakera bakoitzak) 4.000 euro inguru balio du.

Emailearen fenotipoa aukera daiteke

Emakumezko eta gizonezkoen gametoak bikotearenak zein emaile anonimoenak izan daitezke. Zumarragarraren kasuan, gameto maskulinoak emailearenak dira, noski. Medikuek ez zioten emaileari buruzko daturik eman –legeak debekatu egiten du–, baina haren fenotipoa aukeratzerik izan zuen. Alegia, begi eta ile kolorea, arraza eta gorpuzkera. Herrialde batzuetan umearen sexua aukera daiteke, baina Espainiako eta Frantziako estatuetan, haurrak gaixotasun genetikoren bat izateko arriskua duenean baino ez. Bestalde, erabilitako semena ospitalean gordetzeko –izoztu egiten dute– eska dezake emakumeak, etorkizunean beste ume bat izatea erabakitzen badu, lehenengoaren “anaia, arreba edo ahizpa” izateko.

Alokairuko ama edo umetokia delakoa –norberaren haurra beste emakume baten tripan ernaltzea– ere debekaturik dago. Zenbait herrialdetan (AEBetan, adibidez) legezkoa da, eta horrek gertaera bitxi eta gogorrak eragin ditzake. Larunbat arratsaldeetako film kaskar horietako batean ikusiko zenuten agian: senar-emazte zintzoek euren seme edo alaba beste emakume ustez zintzo baten tripan ernaltzea erabakiko dute. Baina emakume hori gaiztoa da, edo gaizto bihurtuko da, barruan daraman umea gutiziatu eta benetako ama bera dela aldarrikatuko du. Ez pentsa, bizitza errealean ere gertatzen omen da antzekorik, Edurne Pradillak kontatu dizkigun gertaerak kasu: “AEBetan posible da emailearen identitatea ezagutzea, eta emailea zurekin joatea medikuarengana. Gauza gogorrak gertatu dira: hasieran emaileak esan dezake umearekin ez duela ezer jakin nahi, baina haurra jaiotzean guztia alda daiteke, eta arazo ugari sortzen dira”.

Pradillak ez du horren beldurrik, baina badira kezkatzen duten gauzak. Eskolaren papera da horietako bat. Dioenez, hezitzaileek –haurtzaindegian lehenengo eta eskolan geroago– gutxitan entzundako galderei erantzun beharko diete –amak bezala–, eta horretarako prest egon behar dira. Finkaturiko eskemak apurtzen dituzten bi faktore hartu behar dira aintzat: familia eredu berriak eta laguntza bidezko ugalketa teknikak. Bestetik, lanaren eta bizitza pertsonalaren arteko bateragarritasunaz mintzo zaigu: “Nire buruhauste handienetakoa hori da, ez dut haurra aiton-amonen esku utzi nahi”. Bere gurasoek eta inguruko jendeak begi onez ikusi dute erabakia: “Emakume edadetuek, ama izatea zer den badakitenek, batez ere, nire hautua babestu dute”.

Horren guztiaren gainetik, aitaren faltak arduratzen du. Choosing Single Motherhood liburuan irakur daitekeenez, umeak senide baten gainean –osaba, adibidez– proiektatzen du figura maskulino hori, edo telebistako heroi baten zein kirolari ezagun batean. Ez dakigu Edurneren semeak zein adibideri jarraituko dion. Agian, koxkortzen denean elkarrizketatu egingo dugu, eta berak kontatuko digu gabezia horrek zer nolako eragina izan duen. Baita bera bezalako ama ausarta alboan izateak zer eman dion ere.
Bikoterik ez duen ama kopurua gorantz
Donostiako Quiron klinikan 2.300 emakume tratatu dituzte 15 urtetan, informazio eske askoz gehiago joan diren arren. Bikoteak –heterosexual eta lesbianak–, ama bakarrak, menopausikoak eta haurdun geratu eta desio gabeko lauzpabost abortu jasan dituzten emakumeak, besteak beste.

Osakidetzak, bestalde, urtean 1.400 emakume inguru jasotzen ditu kontsultan. Bilboko Gurutzeta ospitalea in vitro teknika erabiltzen aitzindari izan zen Espainiako Estatuan. Egun, emakumeen %70 in vitro prozesuarekin ernaltzen dituzte, eta %30 intseminazio bidez, gehienak laborategian indartutako bikotearen espermarekin. Bikoterik ez duten emakumeen eta lesbianen kopurua handituz doa. Gutxi batzuk, gainera, senarra hil baino lehen haren semena izoztu zuten alargunak dira. Hori bai, guztiek 40 urte baino gutxiago dituzte, tratamendua Osakidetzan egiteko baldintzetako bat baita hori.
Munduan
Pasa den uztailean 30 urte bete zituen in vitro ernalketa teknikarekin jaio zen lehenengo haurrak, Louise Brown britainiarrak. Europako Enbriologia eta Giza Ugalketa Elkarteak (ESHRE) emandako datuen arabera, umeen %2 laguntza bidezko ugalketa tekniken bidez jaiotzen dira egun Europan. 2005. urtean 419.000 tratamendu egin ziren, aurreko urtean baino %14 gehiago: Frantzian 71.000, Alemanian 53.500, Erresuma Batuan 42.000 eta Espainian 41.500. Lau herrialde horiek dira nagusi. Europaz kanpo, AEBetan egiten dira tratamendu gehien: 130.000 inguru 2005ean.

Espainiako eta Frantziako estatuetan ez bezala, alokairuko umetokia delakoa legezkoa da AEBetako estatu batzuetan, Kalifornian, esaterako. Baita umearen sexua erabakitzea ere. Europan, soilik Belgikako legediak babesten du aukera hori. Herrialde bakoitzak legedi berezia du, eta horiek dira desberdintasun faktoreetako bi. Emakumearen egoera zibila eta haren uterora transferitu daitekeen enbrioi kopurua dira beste biak. Espainiako Estatuan hiru enbrioi transferitu daitezke gehienez. Emakume gazteen kasuan, haurdun geratzeko aukerak handiagoak izan ohi direnez, bat edo bi enbrioi transferitzen dira. Erresuma Batuan, Herbeheretan eta Europa iparraldeko herrialdeetan, besteak beste, antzeko legedia dute. Beste leku batzuetan, ordea, ez dago mugarik, eta horrek haurdunaldi anizkoitza sortzeko arriskua handitzen du. Halaxe gertatzen da Europa ekialdeko herrialdeetan. Emakume asko joaten da hara, merkeagoa delako, baina klinika horietan obuluen jatorriari buruzko bermerik ez dute eskaintzen, eta haurdunaldi anizkoitza eragin dezakeen enbrioi kopuru mugagabea erabiltzen dute.

Espainiara ere atzerritar asko joaten dira, batez ere Frantziatik, Italiatik eta Europa erdialdetik, prezio merkeek, lege malguagoek eta emaitza positiboek bultzatuta. Frantziako Estatuan, adibidez, 40 urtetik gorako emakumeak ez dituzte hartzen, ezta lesbianak edo bikoterik ez duten emakumeak ere. Horregatik joaten dira Espainiara, Belgikara edo Ingalaterrara. Suitzan eta Austrian ere ezkonduta ez dauden emakume heterosexualen kasuan ezin dira teknika hauek erabili.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude