Arrantzalea nuen senarra

Amaia Agirre
Alberto Elosegi / XDZ
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
I

Urriak hogei, ilunabarrez
gaua jantzi zen ilun nabarrez
itsas zabala kanposantu lez
ta Mutriku luto beltzez (bis)
“Gazte alaiak” izenez
arrantzontzia indarrez
itsasoratu zen goizez
baina enbatak irentsi zuen
gerora halabeharrez...
Itsasontzia aurkitu zuten
baina nire senarra ez. (bis)


II

Muxu suhar bat kaian barrena,
irri bat ahalik ta zabalena,
“bidaia on ta zorte on, maite”
zen esan nion azkena. (bis)
Orduko oroitzapena
ta oraingo etsipena...
Amildegia da dena.
Aspaldi galdu dut bizipoza,
aspaldi itxaropena
betiko agur bihurtu baita
ustez gero arte zena. (bis)


III

Zenbat helburu eta promesa,
langintza gogor eta nekeza.
Ilusio ta amets gozoen
urkatzaile da ur geza. (bis)
Itsasontziaren ertza
suntsitzeko interesa
mendekatu ahal baneza...
Biak batera zapuztu ditu
(samurra denik ez pentsa):
ametsetako itsas zabala
ta itsasoko ametsa. (bis)
IV

Arrantzalea nuen senarra
langile fina ta goiztiarra,
familiaren ongizatea
zuena amets bakarra. (bis)
Itsasoaren indarra
hango bitsa ta aparra...
Orain dena zoritxarra!
Zein gogorra zen begietatik
ezin sahietsiz nigarra
berriz ez zela porturatuko
umeei esan beharra. (bis)


V

Iraganaren min ta destaina!
Alargun gaude ni ta oraina.
Dena eskaini zigunak dena
kendu zigun, alajaina! (bis)
Olatutzarren tamaina
bera irensteko aina
izan zen behin, alabaina
oskarbi bada maiz zeruaren
ispilu da itsas gaina:
Han dagoela iruditzen zait
ez dut sinistu nahi baina. (bis)


VI

Noiz itzuliko digun aiduru,
itsas zabala begiz jo dugu
baina olatuak dira erantzun;
Joakin beretzat hartu du. (bis)
Nahiz ta egunak ilundu,
portutik ezin urrundu,
min sarkor hau nork leundu?
Joakin maitea, nahiz desagertu
orain bi aste inguru,
azalduko den itxaropenak
biziarazten gaitu gu. (bis)

Doinua: Itsaso hori dago zatarra / Naufragoarena.
Goierriko Bertso Eskolak Ordiziako Udalarekin batera antolatutako XVII. Lazkao Txiki Sariko bertso sorta irabazlea.

Azkenak
Eguneraketa berriak daude