Zaharrak berri

Juan Kruz Lakasta
Mikel Saiz
Gogoeta 1976 izeneko komunikabideen inguruko euskarazko blog gomendagarrian irakurri nuen, Kerobia taldearen azken diskoaren karietara. Kontua da musika talde iruindarrak bere lan berria, Materia organikoa eta gainerakoak, Interneten bitartez musu-truk zabalduko zuela iragarri ostean, blog euskaldun ia guztietan mugarik gabe goretsi zutela. Batzuek lehendik ezagutuko eta estimatuko zituzten. Bestetzuek, ez. Musikari iruindarrok teknologia berriak erabiltzea eta copyrightaren aurka egitea aski izan zen euskal blogosferak aho batez txalotu zitzan, euskal musika talderik onena osatuko balute bezala. 1976 izeneko kaiera elektronikoko blogariak zioen teknologia berriak profitatzea, lantzea, bultzatzea oso ongi dagoela, baina ez dela mezua eta bitartekoa nahastu behar. Ez dela bitartekoarekin itsutu behar. Teknologia berriekin gauza txarrak egin daitezkeela, alegia. Eta horrekin ez dut esan nahi, Kerobiarena disko txarra zenik. Xabi, Alberto eta gainontzekoen lan berria itzela da. Baina maila berekoa zen aurrekoa, Rose Escargot izenekoa, CD moduan karrikaraturikoa, eta euskal blogosferak ez zion batere kasurik egin.

Horrekin guztiarekin akordatu naiz Tuterako apezpiku eta Iruñeko artzapezpiku On Fernando Sebastianek Libertad Digital Interneteko egunkariaren baitan duen blogean abortuaren inguruko gogoeta irakurri dudalarik. PSOEko gobernuak Abortuaren Legea aldatu behar duela-eta, Sebastianek dio lege-aldaketa egin behar dela, bai, baina abortuak egiten dituzten sendagileak espetxeratzeko. Haren aburuz hiltzaileak dira, “bizitza sakratua” urratzen baitute. Hortxe dago gakoa, “sakratu” horretan. Bizitzaren izaera sakratuarena erlijio katolikoaren dogmetako bat da. Sebastianek bereziki, eta Eliza katolikoko hierarkiak oro har, haien dogmak literalki aplikatu nahi dituzte. Eta dogmak literalki aplikatu nahi dituztenak integristak dira, hemen eta Iranen. Horixe da sakonean abortuaren edota eutanasiaren inguruko eztabaidaren gibelean dagoena, integrismoa. Nolanahi ere, abortatzeko edo heriotza duina edukitzeko eskubideen aldeko diskurtsoaren gibelean ere bada mamu higuingarririk: oportunismoa. Oportunismo hutsa baita krisi ekonomikoaren itzala gero eta handiagoa den honetan abortua eta eutanasia hozkailutik ateratzea, zalaparta mediatiko nahasgarria pizte aldera, herritar aurrerakoiak nolabait ere kontent edukitze aldera. Horrela erabakitzen dira abortua eta eutanasia bezalako gai garrantzitsuak Espainian, integristen eta oportunisten arteko eztabaida zalapartatsuen bitartez. Teknologiak berriak izanen dira. Mezuak, alta, arrunt zaharrak dira, doike.

ASTEKARIA
2008ko irailaren 21a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude